Estatu mailan ematen den Gladys de Estal sariaren lehenengo edizioak usain euskalduna dauka. PuntuEUS Fundazioaren patronatuko idazkari den Ane Iturzaetak irabazi egin du saria. Banaketa Euskal Herriko Unibertsitateko Informatika Fakultateko Ada Lovelace aretoan egin zen.

Paz Cendoyak, Gladys del Estalen ikaskide ohiak, eta Elena Lazkanok, UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakasleak osatu dute adituen epamahia. Hirurek gailendu dute 26 urteko donostiarraren motibazioa, etorkizunera begirako proiekzioa, eginiko ibilbide profesionalaren aniztasuna eta gazteekin gauzatutako dibulgazioa. Ane Iturzaeta Agirrek saria jaso eta eskertza hitzak izan ditu: ”Eskerrik asko Gladys Saria antolatzeagatik, sinetsita nago gurean talentu handia dagoela eta ikusgarria izan behar du egiten dugun hori, plazer bat izango da STEM bokazioen sustapenean lan egitea munduak ikus dezan gazteek egin dezakegun guztia”.

PuntuEus Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitatearen Informatika Fakultateak elkarlanean sortu dute Gladys Saria Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasun sailaren laguntzarekin eta Danobatgroup enpresaren babesarekin. Leire Palaciosek, PuntuEUS Fundazioaren proiektu arduradunak, gailendu duenez: “Berebiziko garrantzia du erreferenteak sortzea, baina, erreferente horiek egiazkoak izan behar dute. Gladys sariaren lehen edizioak agerian utzi digu emakume talentudun ugari ditugula gurean, zorionez, eta lekua egin behar zaie, ikusgarriak izan behar dira egiazko erreferente horiek sortu ahal izateko”.

Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera. UPV/EHUko Informatika Fakultateak eta PuntuEUS Fundazioak sustaturiko ekimena da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa eta Danobatgroupen laguntzarekin.