1.800 kilometro luze eta 150 kilometro zabal izatera irits daitekeen hodei bat ikertzen aritu da Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Planetarioen taldeak. Hodeia azkar zabaltzen da, ordu gutxi batzuen buruan desagertzeko. Zenbait hilabetez goizero errepikatzen du ziklo hori.
Udaberria Marteren hegoaldera iristen denean, ur-izotzezko hodei izugarri handia sortzen da Arsia Mons sumenditik hurbil, 20 km-ko altuerakoa. Unerik zabalenean, hodeia 1.800 km luze eta 150 km zabal da. Hodeia sortzen da sumendiak oztopo egiten diolako haizeari, eta aireari bere hegaletan gora eginarazten diolako; aireak hezetasuna daramanez, hoztu egiten da eta, hala, hodei orografiko izeneko bat sortzen da, zeinaren berezitasuna baita hodeia sortzen denean, 45 km-ko garaieran, haizeak arrastatu egiten duela eta oso azkar zabaltzea eragiten duela (600 km/h-ko abiaduran); horrenbestez, Marten sekula ikusi den hodei orografikorik handiena sortzen da bizpahiru orduan. Hodeiak eguneroko ziklo azkar bat osatzen du, eta goizero errepikatzen da zenbait hilabetez. Egunsentia baino lehen hasten da sortzen, azkar zabaltzen da, eta, gero, hedatzeari uzten dio, hasierako kokalekutik aldentzen da eta goizeko azken orduan, Eguzkia ateratzean airearen tenperaturak gora egin ahala, lurrunduz desagertzen da.
Horixe da UPV/EHUko Zientzia Planetarioen Taldeak argitu duen hodeiaren eguneroko zikloa. Ikerketa beste herrialde batzuetako ikertzaile batzuekin lankidetzan egin dute. Zenbait kameratatik hartutako irudiak konbinatu dituzte; baina, hala ere, batez ere ESAren Mars Express zundak —Marte ikertzeko 2003tik orbitan dabilen urte askoko misio bat— daraman kamera txiki batekin egindako behaketa berriak erabili dituzte. Europako Espazio Agentziak nabarmendu egin du hodei berezi horren dinamikaren inguruan egindako ikerketa xehatua.
Hodei osoa ikustea zaila da, Marteren atmosferaren dinamikan aldaketa azkarrak gertatzen direlako eta ontzi askoren orbitak mugatuak direlako. "Oztopo horiek gainditzeko, Mars Expressen tresnetako bat erabili dugu: Segimendu Bisualerako Kamera (VMC)", dio Jorge Hernández Bernal Zientzia Planetarioen Taldeko doktoratu aurreko ikertzaileak eta ikerketaren egile nagusiak.
WEB-KAMERA BATEN BALIOA HANDITZEA
"Marteko web-kamera" esaten dioten tresna horrek 2003ko web-kamera estandar baten pareko bereizmena du; baina ikerketa honek VMCren erabilera oso interesgarria erakutsi du, aurreikusita ez zegoena, azken urte hauetan kamera ez zelako ikerketa zientifikorako erabiltzen ari. "Bereizmen espazial txikia duen arren, ikuseremu handia du; hori funtsezkoa da eguneko ordu desberdinetan ikuspegi zabalagoa izateko, eta oso egokia da fenomeno jakin batek denbora-tarte luze batean eta denbora-tarte txikitan izan duen bilakaeraren jarraipena egiteko. Hala, hodei osoa bizi-ziklo askotan aztertu ahal izan dugu", erantsi du ikertzaileak.
Ikerketa-taldeak Mars Expressen eta beste ontzi batzuen beste tresna batzuekin konbinatu ditu VMC kameraren behaketak, eta hirurogeita hamarreko hamarkadan egindako behaketak ere erabili ditu. Mars Expressen bereizmen handiko kamerek ikuseremu estuak dituzte, eta behaketak aldez aurretik planifikatzen dira beti. Hala, kasualitatez hautematen dira ustekabekoak izan ohi diren fenomeno meteorologikoak. Hala ere, ikertzaileak hodei luze horren bizi-zikloa eta urteko ereduak ulertzen hasi zirenean, leku eta ordu egokietara gidatu zituzten bereizmen handiko beste kamera horietako taldeak hodeia sortu bitartean haren irudiak atzitu ahal izateko.
"Marte inguruan orbitatzen ari diren gailu askok ezin izaten dute planetaren gainazaleko zati hori behatu arratsaldeko lehen ordura arte, haien orbiten ezaugarriak direla eta; beraz, hau da fenomeno interesgarri horren inguruan egiten den lehen ikerketa xehatua. Eta ez da bakarrik lortu Mars Expressek dituen askotariko tresnei esker, oso garrantzitsua izan da, halaber, zundaren beraren orbita", azaldu du Agustín Sánchez Lavega UPV/EHUko katedradunak (ikerketaren beste egileetako bat eta VMCaren arduradun zientifikoa). "Nahiz eta Lurrean maiz hodei orografikoak ikusten diren, ez dira sekula iristen halako luzera handietara eta ez dute hain dinamika aldakorrik izaten. Hodei hori ulertzeak aukera bikaina ematen digu hodeiaren sorrera erreplikatzen saiatzeko Marteren eta Lurraren klima-sistemei buruz dugun ezagutza hobetuko duten ereduak erabiliz", ondorioztatu du.