BILBO. Euskal Herriko Unibertsitateak inbertsio handia egingo du etorkizunari begira ikertzaileak prestatzeko. Guztira 6.390.000 euro bideratuko ditu helburua lortzeko.

Horrek esan nahi du doktorego aurreko 73 laguntza eskainiko direla, bakoitza 4 urtetakoa, eta doktorego ondoko 20 laguntza, urtebetekoak, bi urtetara luza daitezkeenak.

"UPV/EHUk apustua egiten du bikaintasuneko ikerketara bideratutako prestakuntzaren alde, lankidetzaren sustatzaile eta Euskal Herrian errotua. Helburu honekin, doktorego aurreko eta ondoko prestakuntzarako plaza asko eskainiko dira baliabide propioekin, bertako eta estatuko beste erakunde publiko batzuek eskainitakoei gehituta", adierazi du Inmaculada Arostegui Madariaga Ikerketaren arloko errektoreordeak.

Lehenengo deialdia doktorego-tesiak egitea sustatzeari buruzkoa da, eta 4.640.000 euro bideratzen dira horretarako, beste 600.000 eurorekin osatuta, euskarazko doktorego tesien garapena sustatzeko.

Zehazki, deialdi horren helburua da unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzea UPV/EHUko doktorego programetan, eta doktorego tesiak egitea, doktorego aurreko kontratua formalizatuz, jakintza zientifikoaren edozein arlotan.

Deialdiak lau modalitate hartzen ditu: doktorego aurreko prestakuntza orokorrean dauden ikertzaileak; doktorego aurreko prestakuntza duten ikertzaileak, doktorego tesia euskaraz egiteko; UPV/EHUko ikertzaileak prestatzeko, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Bordeleko Unibertsitatearen arteko tutoretza-erregimenean; eta UPV/EHUko ikertzaileak prestatzeko, Pabe et Aturriko unibertsitatearekin tutoretza-erregimenean.

BESTE ERAKUNDE BATZUEKIKO LANKIDETZA

Bigarren deialdia UPV/EHUren doktorego programetan unibertsitateko tituludunen prestakuntza sustatzera dago bideratuta, ingurune produktibo eta sozialarekin lankidetzan, jakintza zientifikoaren edozein arlotako doktorego aurreko kontratuak formalizatuz.

Enpresa edo gizarte entitateek deialdi honetako hautagaitzei eta ikerketa proiektuei emandako babesean zehazten da lankidetza, non gauzatuko baitira haututako ikertzaileek deialdi honen bidez egingo dituzten doktorego tesien proiektuak, hauetarako kontratuan entitatean sinatuko direlarik. Doktorego tesia proposatzen edo bermatzen duen erakundearen instalazioetan garatuko da doktorego tesiaren ikerketa proiektua, bai eta UPV/EHUren instalazioetan ere. Deialdi horretarako 150.000 euro esleitu dira.

Testuinguru honetan, unibertsitateko ikertaldeak ez dira beti gai ikerketa estrategikoaren erronkei aurre egiteko, dauzkagun baliabideak batzuetan ez baitira behar adinakoak. Horregatik, 1.000.000 eurotako beste deialdi bat egin da, espezializazioa eta laneratzea sustatzeko. Horretarako, doktoreak aldi baterako kontratatzeko neurriak sustatuko dira, unibertsitateko ikertaldeei atxikita, jakintza zientifikoaren edozein arlotan.

Egin beharreko lana, nagusiki, ikerketa lana izango da xede duena ikertzaileak prestakuntza maila eta espezializazio profesional handia lortzea esperientzia profesionala finkatze aldera.

Deialdi guztietan, hilabetekoa da eskabideak aurkezteko epea, Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerketaren arloko Errektoreordetzaren webgunean argitaratzen denetik hasita.