BILBO. Biodonostia OIIko ikertzaile batek zahartzeari lotutako zenbait odol-markatzaile aztertu egin ditu, hain konplexua eta heterogeneoa den zahartze prozesuaren jatorria ulertu eta adineko pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko zer esku-hartze egin daitekeen jakiteko asmoz. Azterketa horren emaitzak Euskal Herriko Unibertsitatean aurkeztu ditu.

Azkeneko hamarkadetan medikuntzan izandako aurrerapenei esker, pertsonen bizi-itxaropena asko luzatu da, baita bizi-kalitatea ere. Nolanahi ere, "oso ohikoa da bizitzaren azkeneko hamarkadan, edo tarte luzeagoan, pertsonak mendekoak izatea. Bada, mendekotasun horri aurre hartzea da gure azkeneko helburua: pertsonak hobeto bizitzea, batez ere azkeneko 10-15 urte horiek kalitatezkoak izatea. Pertsona horiek odol-analisi bidez identifikatzeko modua bilatu nahi izan dugu, hau da, mendekotasuna garatu aurretik aldatzen diren markatzaileak aurkitu, haiek leheneratzeko modua bilatzeko, pertsonak mendeko izatera irits ez daitezen, ahal den neurrian", dio Ainhoa Alberro Garitano Biodonostia OIIko Esklerosi Anizkoitzaren Taldeko ikertzaileak.

Lau zatitan banatu dute ikerketa, bakoitzean zahartzaroari lotutako aldagai bat aztertzeko. Lehenengoan hauskortasun-sindromearen markatzaileak bilatu dituzte odolean. Pertsonek hauskortasun-sindromea dutela esaten da funtzioak eta gaitasunak galtzen hasten direnean, eta, horrenbestez, osasuntsu egotetik mendeko izateko arriskua edukitzera pasatzen direnean. Bigarren zatian, zelulaz kanpoko besikulek muskulu- eta hezur-ehunen eraketan duten eragina ikertu dute, baita adinean aurrera egin ahala prozesu horretan gertatzen diren aldaketak bilatu ere; hirugarrenean, immunitate-sistemaren zelulen seneszentzia deskribatu dute, eta, laugarrenean, berriz, ikerketa-taldearen bi jakintza-arloak uztartu dituzte, eta aipatutako horiek guztiak esklerosi anizkoitzeko pertsonetan agertzen ote diren aztertu dute.

AURREKARIRIK GABEKO ZENBAIT EMAITZA ETA APLIKAZIO POSIBLEAK

Donostia Unibertsitate Ospitalearekin izandako elkarlanari esker, adineko pertsonen odol-laginak lortu zituzten, eta haietan egin dituzte azterketak eta analisiak. Hauskortasunari dagokionez, Alberrok azaldu du hanturarekin erlazionatutako zenbait aldagai aztertu dituztela, aurreko ikerketa batzuetan iradokitakoak. Halaber, aurretik aztertu izan ez diren zelulaz kanpoko besikulak eta zenbait generen espresioa ere analizatu dituzte. Bada, hiru horien artean, "geneen espresioan ikusi ditugu bakarrik desberdintasunak hauskortasun-sindromea dutenen eta ez dutenen artean. Zehazki, guk proposatzen dugu EGR1 genearen espresio-maila izan daitekeela hauskortasunaren adierazle, espresioa handitu egiten baita pertsona horietan. Gainera, neurrizko ariketa fisiko kontrolatua eginda, adineko pertsonetan EGR1 genearen espresioa jaisten dela aurkitu dugu", zehaztu du.

Zelulaz kanpoko besikulek osteogenesian eta miogenesian duten eragina aztertzean, "ikusi dugu pertsona gazteen plasmatik eratorritako zelulaz kanpoko besikulek lagundu egiten dutela hezurren eta muskuluen diferentziazioan. Oso atarikoak dira lortutako emaitzak, baina aurrera egiten badu, oso berritzailea izan daiteke etorkizun batean osteoporosia duten adineko pertsonei edo muskulatura galdu dutenei ehunak indartzen laguntzeko zelulaz kanpoko besikulak erabiltzea. Oso urrun dagoen etorkizun baterako litzateke, baina izan daiteke", deritzo.

Immunitate-sistemaren zelulei dagokienez, T-linfozitoetan jarri zuten arreta, jakina baita zahartu ahala haietako asko seneszente bihurtzen direla. Alabaina, interesgarria da aztertu dituzten 90-104 urteko pertsonen T-linfozito espezifiko batzuetan, CD4 deritzenetan, zelula seneszenteen kopurua txikiagoa dela. "Askotan pentsatu izan da zer ote duten berezia pertsona hain adintsuek adin horietara iristeko. Immunitate-sistema gogorra edo funtzionala baduzu, pentsa daiteke hobeto edo gehiago biziko zarela, eta guk ikusi dugu zelula seneszente gutxiago dituztela. Hala ere, oraindik garaiz da esateko bata bestearen ondorio denik, baina aztertzen jarraitzeko bidea ematen du emaitza horrek", nabarmendu du ikertzaileak.

Azkeneko atalean, esklerosi anizkoitza duten pazienteekin egin dute azterketa. Honela azaldu du ikertzaileak: "Oso paziente gutxirekin egin genuen lan, eta emaitzak behin-behinekoak dira. Nire ondoren doktoretza-tesia egingo duen ikertzaile batek jarraituko du honekin lanean. Izan ere, zahartzea bera bezala, esklerosi anizkoitzak ere oso biologia konplexua du, eta paziente horietan aldi berean esklerosiaren zein zahartzaroaren faktoreek eragiten dute. Oro har, esan dezakegu orain arte lortu ditugun emaitzak ez direla biribilak edo eztabaidaezinak, baina inoiz horrelakoak izatera iritsiko badira, ikertzaileok egindako oinarrizko ikerketatik abiatu behar dira, ulertu behar dugu nola zahartzen garen eta zer prozesutan egon daitezkeen akatsak, gero horiek hobetzen saiatzeko".