BILBO. Biofisika Institutuko Banafshe Larijani Ikerbasque irakasleak zuzendutako lantaldeak aurrerapen handiak egin ditu minbiziaren inbestigazioan. Orain, aurrez jakin daiteke minbizia duten zer pazientek erantzungo dioten immunoterapiari, diagnostiko metodo berri bati esker.

Immunoterapia minbiziaren kontrako tratamendu bat da. Horren bidez, pazientearen immunitate sistemari gaixotasunaren aurka borroka egiten erakusten zaio, eta eragin zinez positiboa du tratamendu onkologikoetan, baina ez du kasu guztietan funtzionatzen: paziente batzuetan arrakasta handia du, baina beste batzuetan ez du ezer egiten edo oso eragin txikia dauka. Prozedura hauen berezko arriskuak direla eta, gero eta beharrezkoagoa da definitzea zer pazientek duten aukera handiagoa emaitza positiboak izateko, gainerakoen beharrik gabeko esposizioa saiheste aldera.

Larijani [A1] doktorea Batheko Unibertsitateko (Erresuma Batua) Berrikuntza Terapeutikoko Zentroko (CTI) zuzendaria ere bada, eta hark zuzendutako lantaldean parte hartu dute Europako eta Euskadiko beste zentro batzuetako ikertzaileek (BioCruces, PIE; BCAM), bai eta FASTBASE Solutions Ltd enpresak ere. Diagnostiko tresna berri hau garatzeko mikroskopia aurreratuko plataforma bat erabili da; zelula immuneen eta tumoralen arteko interakzioak identifikatzen ditu eta tumoreen aurkako erantzuna moteltzen duten kontrol puntu immunitarioen aktibazio egoerari buruzko informazioa ematen du.

Lantaldeak Cancer Research aldizkari ospetsuan argitaratu du aurkikuntza. Larijani [A2] doktorearen lantaldeak kontrol puntu immunologiko bat aztertu du. Pertsona osasuntsuetan, kontrol puntu horiek gorputzaren erantzun immunitarioa zorrotz doitzen dute, eta gaixotasun autoimmuneak eta inflamatorioak prebenitzeko etengailu gisa funtzionatzen dute.

Zehazki, aztertutako kontrol puntu immunologikoa bi proteinaz osatua dago: PD-1 (T linfozitoak izeneko zelula immunitarioetan dagoena) eta PD-L1 (beste zelula immunitario batzuetan eta tumore mota askoren gainazalean dagoena).

Oro har, T linfozitoetako gainazaleko PD-1a beste zelula immune batzuetako gainazaleko PD-L1arekin elkartzen denean, T zelularen funtzio immunea itzaltzen du. Horixe bera egiten dute zelula tumoralek: beren gainazalean PD-L1 adierazita, T linfozitoaren PD-1a aktibatzen dute, eta horrela tumoreen kontrako funtzioa desaktibatzen dute eta tumorearen iraupena eta hazkundea bermatzen dituzte. Immunoterapian erabilitako inhibitzaileek tumoreko PD-L1aren eta T zelulako PD-1aren arteko interakzioa mozten dute, eta horrela pazientearen tumoreen kontrako jarduera berrezartzen dute. Tresna berri horrek PD-1/PD-L1 interakzioaren irismena zehazten du tumorearen biopsia batean, eta horrela aldez aurretik jakin daiteke kontrol puntuaren inhibitzaileen bidezko terapia batek onura kliniko esanguratsua izatea probablea den.

«Gaur egun, kontrol puntuen inhibitzaile bidezko tratamendua egiteko erabakia hartzeko PD-1 eta PD-L1 proteinak biopsietan presente dauden behatzen da, horien egoera funtzionalari asko erreparatu gabe. Alabaina, gure lanaren bidez frogatu dugu askoz garrantzitsuagoa dela jakitea zer-nolako interakzioa duten bi proteinek, horrela jakin baitezakegu probablea den tumorearen iraupenean inpaktu funtzionalik izatea», adierazi du Larijani irakasleak.