GASTEIZ. Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko Ingeniaritza Eskolak abiarazitako ikerketa batek itsasoan jartzen diren plataforma eolikoetan sortzen den energia kable bidez lehorrera garraiatu ordez, lekuan bertan hidrogenoa sortzeko erabiltzea aldarrikatu du, haien arabera egingarria eta ekonomikoki bideragarria baita.

Itsasoko plataforma eolikoetan, edo offshore haize-parkeetan, energia asko sortzen da, potentzia handiko aerosorgailuak instalatzen baitira, eta haize-erregimenak ere askoz egonkorragoak baitira lehorrean baino. "Sortutako energia hori guztia lehorrera eramateko bi aukera daude: edo izugarrizko azpiegitura sortu, potentzia elektrikoko sarea haraino eraman, eta sortutako elektrizitatea kable bidez garraiatu, edo tokian bertan erabili sortutako energia hidrolisi bidez hidrogenoa sortzeko, eta hidrogenoa garraiatu lehorrera, erregai gisa erabiltzeko. Bigarren aukeraren alde egin dugu guk, eta prozesu hori hobetzeko modu bat bilatzea izan da ikerketa honen helburua", dio Ekaitz Zulueta Guerrero UPV/EHUko Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko ikertzaileak.

Hidrogenoa sortzeko prozesuan energia-kostua murriztea zuten helburu Vitoria-Gasteizko Ingeniaritza Eskolako Sistemen Ingeniaritza eta Automatika Saileko eta Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saileko ikertzaileek ikerketa martxan jarri zutenean. "Aerosorgailuen aerodinamika hobetzeko asmoarekin, turbinaren fluxua kontrolatzeko erabiltzen diren bi osagai probatu nahi izan genituen. Bat zurrunbilo-sortzailea da, eta, bestea, palan jartzen den xafla batzuk (Gurney Flaps deritze), zeintzuek asko hobetzen duten euste-indarra, eta, horrenbestez, baita aerodinamika ere", azaldu du Unai Fernandez-Gamiz Ingeniaritza Nuklearra eta Jariakinen Mekanika Saileko kideak. Gainera, "oso merkeak dira, eta erraz jartzen dira aerosorgailuetan".

ENERGIAREKIN, HIDROLISI BIDEZ SORTU HIDROGENOA

Bigarren urrats batean, ikusi nahi izan zuten "bideragarria ote den, teknikoki zein ekonomikoki, sortutako energia horrekin offshore plataforma eolikoetan bertan hidrogenoa sortzea, hidrolisi bidez, eta hidrogeno hori erregai gisa erabiltzeko moduan lehorreratzeko prest uztea —gaineratu du Fernandez-Gamizek—. Izan ere, hidrogenoa sortuta, itsasontziz garraiatu ahal izango litzateke lehorrera, eta, gainera, energia metatuta egongo litzateke, eta horrek sekulako malgutasuna emango lioke sistema elektrikoari, kontuan hartuta eskariaren araberakoa izan behar duela elektrizitate-produkzioak gaur egun".

Probak AEBko energia berriztagarrien laborategi nazionalean (NREL) egin zituzten, bertako 5 MWeko turbina batean, zeinaren ezaugarri teknikoak, geometriak eta bestelako xehetasunak publikoak diren. "Ikusi dugu turbinen urteko energia-produkzioa % 2,5 inguru handiago dela. Ez da oso igoera handia, baina kontuan izanda zer potentzia handia duten itsasoan jartzen diren aerosorgailuek, energia gehigarri asko sortzea eragiten du horrek", argitu du Zuluetak. Energia-produkzio gehigarri horrekin zenbat hidrogeno ekoitzi ahal izango litzatekeen ere kalkulatu dute ikertzaileek: 130.000 Nm3 baino gehiago. Alegia, "hidrogenoz dabiltzan milioi bat autok 100 kilometro egiteko beharko luketen adina hidrogeno —adierazi dute ikertzaileek artikuluan—. Hori, ia kostu gehigarririk eskatzen ez duten fluxua kontrolatzeko elementuei esker".

Behin frogatuta teknikoki posible dela, eta ekonomikoki bideragarria, hurrengo pausoa litzateke, ikertzaileen esanean, "plataforma eolikoen sortzaileren bat gurekin harremanetan jartzea, haien sistemetan probatu, neurtu eta egokitzeko guk Estatu Batuetako instalazioan lortutakoa". Eta gaineratu dute neurketak eta beharrezko doiketak egiteko oso baliagarria litzaiekeela Eusko Jaurlaritzak Miñaon duen instalazio bat, Marie Curie eraikineko haize-tunela. "2012an erabiltzeari utzi zioten, Epsilon Euskadi automobil-taldeak porrot egin zuenean, eta zaharkituta gelditu da. Baina oso instalazio berezia da eta perfil aerodinamikoen jarrera azter daiteke bertan (oso leku gutxitan egin daitezke halako azterketak). Guk egunean jarri eta erabili ahal izango genuke, erabiltzea ahalbidetuko baligute".