EHU, Ikerbasque, Achucarro eta Biofisika Bizkaia Fundazioko ikertzaileak

Euskal zientzialariek koronabirusa detektatzeko test bat balioztatu dute

09.04.2020 | 12:57
EHUko Maria Goyri Bioteknologia Zentroan prestatu den laborategi batean ikertzaileak lanean.

BILBO. Euskal zientzialariek bat egin dute koronabirusari aurre egiteko, eta Covid-19a detektatzeko RT-PCR test bat balioztatu dute. Proiektuan Euskal Herriko Unibertsitateko Achucarroko, Ikerbasqueko eta Biofisika Bizkaia Fundazioko ikertzaileak parte hartu dute, Biocruces Bizkaia eta Bioaraba Institutuetako ikertzaileekin bat eginez. Aurrerapen honekin, euskal sistemak test gehiago egin ahal izango ditu.

Konfinamenduko lehenengo astean abiatu zuten teknika doitzeko lana, eta abiadura bizian egin dute. 55 ikertzaileko talde bat aritu da: argitaratutako artikuluen azterketa sakona eta eztabaida telematiko ugari egindakoan, ekintza-plan bat diseinatu zuten, zeinak UPV/EHUren babes instituzionala jaso duen. Bigarren astean, marka guztiak apurtu dituen epean, 6 euste-laborategi egokitzea lortu zuten UPV/EHUko Maria Goyri Bioteknologia Zentroan, Leioa-Erandio Arean, baita beharrezko lege-betekizun guztiak bideratzea ere.

Martxoaren 27an, ostiralean, Osakidetzak dagoeneko diagnostikatutako lehenengo laginak jaso zituzten Euskal Biobankutik. Protokoloak doitzen 10 egun bakarrik emanda, lortu dute detekzio-testak % 100eko espezifikotasuna eta % 92ko sentikortasuna izatea. Sentikortasunak kasu positiboak detektatzeko gaitasuna adierazten du, eta espezifikotasunak, berriz, probaren fidagarritasun-maila, alegia, zenbateraino emango dien emaitza negatiboa infektatuta ez dauden pertsonei.

Egindako kalkuluen arabera, erakundearteko lantalde horrek garatutako detekzio-probak 15 € inguruko kostua izan lezake, eta 4 ordu baino gutxiagoko tartean egin ahal izango litzateke. Kostua hain neurrikoa da proiektuan parte hartu duten pertsonek eta erakundeek ekarpen altruista egin dutelako. Gainera, beste ikerketa-zentro batzuetako askotariko laborategietan egin ahal izango lirateke probak, baita ospitaleetan ere, Osakidetza gaur-gaurkoz ibiltzen dituen RT-PCR kit komertzialik gabe geldituko balitz, stock-arazoak tarteko.

Ekimenaren koordinatzailearen, UPV/EHUko Ugo Mayor Ikerbasque ikertzailearen iritziz, "ordezko test hau auzolanean garatu izanak ikerketaren eta zientziaren balioa nabarmentzen du, baita bi horiek gizartearen ongizatean izan dezaketen inpaktu erreala ere, dagokion babes instituzionala izanda".