Galizan egindako animaziozko film bat estreinatuko dute gaur gurean. Galiziarra diogu, baina mundu zelta erretratatu beharrean, bikingoak ikusten ditugu. Norentzako da egokia Azti txikia? Erantzuna ez da erraza: ume batentzat erretorikoegia eta astunegia izan daiteke, nahi eta ezinaren erakusgarri. Azti txiki bati erreparatzen dio izenburuak, baina magia gutxi dastatu daiteke (behartuta agertu ere). Pelikularen testuingurarekin lotuta (eta lokartua), istorioak ez du aurrera egiten.
Pelikularen amaierak merezi du aparteko irakurgai bat. Une bizarroa, zalantzarik gabe. Bizarroa edo ezohikoa (ez dugu kontatuko). Argibide bat soilik: Adiskidetasuna edo amodio istorioa? Izan ere, eginbeharra eta emozioaren arteko talkaren inguruan idatzi dira amodiozko film eta liburu bikainak. Film honek, berriz, ez daki nola orekatu betebeharra eta pasioaren kontu hori. Pozgarria da euskarazko produktuak zinema aretoetan suspertzea, baina filmon bana-tzaileek galdetu beharko lukete zer nolako eskaintzek egin dezaketen euskara gozagarri edo erakargarri zine aretoetan. Telebistan dagoeneko egon badaude marrazki bizidun dezente euskaraz (eta hobeak).
Zuzendaria eta gidoilaria: Roque Cameselle (berak idatzitako 'Bieito Dubidoso' liburuan oinarritu du filma). Jatorrizko izena: 'The Little Wizard. O mago Dubidoso'.