Síguenos en redes sociales:

Gazteak eta Euskadi Irratiak udako programazioari ekingo diote gaur

ETB-1ek 'Yes we jai!' saioaren emisioa hasiko du, Joanes Passicot aurkezlearekin

Gazteak eta Euskadi Irratiak udako programazioari ekingo diote gaurARGAZKIA: EITB

bilbo. Uztailaren 2an hasi eta irailaren 10era arte, Gazteak udako programazio berriari ekingo dio. Nobedadeen artean, Dida Fresh izango da goizetan. Gazteako udako magazin hau beranduxeago hasi eta amaituko da (9:00tatik 12:00ak bitartean). Ainhoa Vitoria eta Joseina Etxeberria arituko dira uztailean eta Amaia Artetxe eta Xabier Bolunburu abuztu partean. Uda giroan, Euskal Herriko hondartza eta jaietan murgilduko da saioa. Musika ona, berri bitxiak, lehiaketak eta Euskal Herriko udaz gozatzeko behar den informazioa eta umorea emango ditu magazinak.

Bestetik, We are a happy family, Airplayr Chart, Boom Shaka Laka, Pop Track, Summer Cool Klub, Ekaitz perfektua, A state of trance eta Gaztea Splash saioak egingo dira uda honetan.

Euskadi Irratiari dagokionez, gaurtik aurrera Udako Faktoria izango da entzungai, Nagore Telleriak aurkeztuta. Alex Txikon, Zuhaitz Gurrutxaga eta Irati Anda, hurrenez hurren, mendia, futbolzelaia eta horma utzi eta irratsaioan arituko dira uda honetan. Albisteak kantuz kontatuko ditu Ane Arrutik. Aitziber Garmendia eta Sara Kozar aktoreak solasean jarriko dituzte eta Egin ezazu zerorrek atalean, kortxoekin belarritakoak, plastikoekin lanparak... egiten lagunduko digute. Gainera, Maritxu Errazkinek, 50 urtetan txofer gidari lanetan ibili den emakumeak, autobusean eramango du entzulea Europan barna. Azkenik, Audience taldeko Hanot Mintegiak kanta ezagunen bertsioak eskainiko ditu zuzenean.

Horrez gain, astelehenean abiatuta, Itziar Aranguren izango da berriro eguerdi oro Udan Blai tartearekin. Tostartean saioak ere tarte gehiago izango du: estropada denboraldiaren nondik norakoen berri emango dute. Frantziako Tourrari eta Espainiako Itzuliaren etapen amaierari tarte zabala eskainiko diote arratsaldeko 16:00tatik aurrera. Ondoren Arratsaldekoa saioan, Bizitzaren Mapak erakutsiko dituzte hainbat gonbidatu ospetsuk.