Bilboko Udaltzaingoak Polizia Nazionalarekin elkarlanean aritu da iruzur telematikoa egiteagatik ikertutako pertsona bat atxilotzeko. Dagoeneko epailearen esku utzi dute atxilotua.

Ekainaren 15ean, eguenean, Tenerifeko Santa Cruzeko bizilagun bat hiri hartako Polizia Nazionalaren komisaria batera joan zen, salatzeko nola aurreko egunean norbaitek, Bilbotik, El Corte Ingléseko bere kontura sartu eta hainbat erosketa egin zituen, hala nola bideokontsola bat eta zenbait botila vodka, eta nola beraren banku-kontuan kargatu zituen.

Egun horretan bertan, salatzailea ohartu zen iruzur gehiago egin zizkiotela saretik, eta beraren izenean erosi izan zituztela alkoholdun edari gehiago ––aldi honetan whiskia––, eta beste bideokontsola bat ere bai, eta hainbat mila euroren erosketak egin zituztela hala.

Bilboko El Corte Ingléseko Segurtasun Sailak ziberdelitu mota hau egin zela atzeman zuen, eta luzamendurik gabe Bilboko Udaltzaingoa jakinaren gainean jarri, eta Udaltzaingo horretako Kriminalistikako Ikuskaritzak antolamendu bat ezarri zuen, eta handik ordu batzuetara, –ekaineko 15ean, 13:17an Ollerietabarrena auzoan–, iruzurren egilea atxilotu, eta, hala, erositakoen entrega eragotzi zuen eta are aurreko eguneko bideokontsola berreskuratzea ere lortu.

Udaltzaingoko agenteek froga guztiak biltzea jadetsi zuten asteburuan zehar, eta asteon, ekainaren 19an, astelehenean, Bilboko epaitegien esku utzi zuten ikertutako pertsona.

Bilboko Udaltzaingoak gomendatzen du, norberaren burua delitu telematikoen aurka babesteko oinarrizko neurri gisa, aldian-aldian pasahitza aldatzea.