Síguenos en redes sociales:

Marihuana hazteko tegi bat desegin du Bilboko Udaltzaingoak Deustun

Deustuko Agirre Lehendakaria etorbidean zegoen etxabe batetik marihuana usain handia zetorrelako salaketa jaso ondoren, Bilboko Udaltzaingoak kalamua hazteko tegi bat desegitea lortu du. Auzokideen arabera, gailu elektrikoen hotsak ere entzuten ziren, eta orduan abiarazi zuten operazioa.

Ikerketak eginik, Ikuskaritzako Komunitate Poliziako agenteek jakin zuten nor zen etxabearen errentaria (57 urteko gizonezko bat), eta lehendik ere ageri zen nola Osasun Publikoaren kontrako Delituekin zerikusia zuten beste ekintza batzuetan ere parte hartua zen, eta, hala, etxabea zaintzen hasi ziren, egiaztatzearren ea leku hartan benetan ari ote zen gertatzen legezko kontrako jarduera bat.

Iragan 2023ko maiatzaren 3an, 20:00etan, Deustuko Auzo Ikuskaritzako agenteak, errentaria etxabearen inguruetan zebilela jakinik, miatu egin zuten tegi hura, legeak agintzen duen eran, eta ikertua izaten ari zen gizonak ere adostasuna agertzen zuela.

Etxabearen barruan, 4 armairu berotegi aurkitu zituzten, argi halogenoekin eta erauzketa sistemekin, eta 45 landare armairuetan, batzuk haziagoak besteak baino. Gainera, hezegailu batzuk ere aurkitu zituzten, eta hazitegiak landare ernatuekin, era bateko eta besteko hazi-poltsak, landareak lehortzeko lanparak, eta, guztira, 228 lore-ontzi, landare berriak hazteko prest. Era berean, agenteek ikusi zutenez, pertsona horrek bazuen argindar-konexio bat ere, arruntean kontagailua izaten den lekuan.

Material hori guztia konfiskatu eta etxabea zigilatu ondoren, udaltzainek jakinarazi zioten errentariari ikerketak abiatuak zirela berari buruz, osasun publikoaren kontrako delitu ustezko batengatik.

Hogei atxiloketa bi egunetan

Maiatzaren 5eko (ostirala) 19:00etatik maiatzaren 7ko (igandea) 12:00etara, Bilboko Udaltzaingoak 20 pertsona atxilotu ditu hainbat delitu egiteagatik.

Bariku arratsaldean egin ziren asteburuko lehenengo atxiloketak. Horietako bi indarkeriaz egindako lapurretengatik izan ziren, bat genero-indarkeriagatik, beste bat agenteen aurkako erasoa egiteagatik, eta azken biak kondena urratzeagatik eta erreklamazio judizialarengatik, hurrenez hurren.

Gauean, alkoholaren eta drogen kontrola egin zen Ibaiondoko barrutian, eta gidarietako batek ere ez zuen tasa positiborik eman. Hala ere, uriguneko beste leku batzuetan, agenteek hiru administrazio-salaketa izapidetu zituzten alkoholemia-proban positibo eman zuten gidarien aurka.

Zapatuan hiru atxiloketa egin ziren osasun publikoaren aurkako delituengatik, lau indarkeriaz egindako lapurretagatik eta bost ebasketa-delituak egotzita, horietako lau Abandoko merkataritza-establezimenduetan. Gainera, beste bi gizon atxilotu zituzten genero-indarkeriarekin lotutako zigorrak urratzeagatik, eta emakume bat etxeko indarkeriako delitu baten ustezko egile gisa.

Gauean, berriz ere hainbat atxiloketa egin ziren: horietako 2 Ibaiondoko barrutian, indarkeriaz lapurreta egiteagatik, 2 genero-indarkeriagatik, beste bat lesioengatik eta beste bat bide-segurtasunaren aurkako delitu batengatik.

Igandean goizean beste 4 atxiloketa izan ziren hainbat arau-hauste penal egiteagatik, gehienbat ondarearen aurkako delituekin lotutakoak.