Bihar Elgoibarren ospatuko da Kilometroak jaialdia, eta ez dago aitzakiarik: denok bertan egon behar dugu! Jai honen berrogeita bederatzigarren ekitaldia izango da Elgoibarkoa. Oraingo honetan, ikastolaren komunitatea sendotzea eta euskararen erabileran beste urrats bat ematea dira Elgoibar ikastolak jarritako helburuak. Euskarak gure presentzia, gure ahotsa eta gure arnasa behar du. Festa handi hau aukera paregabea da euskaraz gehiago eta gehiagok egiteko, modu naturalean eta alai. Kilometroak ez da ikastolen jaia bakarrik, Euskal Herriko komunitate osoaren topalekua baizik. Bertan, elkartasunak eta hizkuntzarekiko konpromisoak bat egiten dute kulturarekin eta giro onarekin. ‘Salto saltoka’ da aurtengo leloa, elkarrekin euskarara jauzi egiteko deia eginez. Elgoibarrek egun osoan zehar eskaintza paregabea prestatu du. Hiru gune eta azpigune bat izango dira adin guztietara zuzendutako ekintzekin eta ikuskizunekin: gazteentzat Erronka probak izango dira herri osoan zehar, txikientzat egur jolasak, puzgarriak, tailerrak, eskulanak, magoak, txarangak, elektrotxarangak, erraldoiak eta, nola ez, hainbat musika taldek kontzertuak eskainiko dituzte. Eta, noski, festarik ezin da ulertu jateko eta edateko aukerarik gabe: taloak eta ogitartekoak ere egongo dira, lagunartean dastatzeko. Horregatik, biharko gonbidapena argia da. Ez geratu etxean! Joan Elgoibarrera, salto egin, eta salto saltoka egin dezagun guztiok euskararen alde. Gaurko irribarreak biharko pausoak izango dira.