Sarri gogoratzen dut gure amak hartu zuen poza esan nionean Euzko Alderdi Jeltzalean alderdikidetzea erabaki nuela, urteak zeramatzan-eta itxaroten isilik; bere estiloa ez zen inoren kontzientzian burrunban sartzea. Bere konbentzimendu-tresnak, aspaldikoak zituen gizatasuna eta euskararekiko eta Euskal Herriarekiko maitasuna; horrela biltzen zuen berak jeltzale izena eta izana.

Autogobernua, independentzia, euskararen sustapena, emakumeon menpekotasuna, euskal hezkuntza euskalduna etabar luzea aho mihietan genituen 5 seme-alaboi sekula ez zigun esan zein alderdi edo talde politiko zen egokiena gure helburuetara hurbiltzeko. Agian 13 urteko neska koskorra zela kartzela ezagutu zuen emakume hark bazekien bere testigantza eta jardun eredugarria zirela emaitzarik argumenturik onenak. Eta halaxe gertatu da.

Egia esan 60ko hamarkadan hainbat euskaldun bizi ginen ‘jeltzaletzan’ konturatu ere egin barik. Gora ta Gora, Euzko Gudariak eta Agur Zuberua umetan ikasiak ginen, Kirikiñoren ipuinak irakurtzen zizkiguten, Radio Paris, Pirenaica eta BBC gauero genituen ezkaratzean… eta Sabino Arana, Agirre Lehendakaria, Irujo, Ajuriagerra etab., denak batera eta ia multzo berean, etxeko genituen, inondik inora ezagutzen ez bagenituen ere. Urte gutxi batzuk geroago, Ondarroako ‘klandestinitatetxoan’ zebiltzan jeltzaleak pertsona eredugarriak ziran, ez lotsagarriak; jarrera eraginkorra zuten, ez antzua.

Etxean ikasitako moduak jarraitu nituen garaiko ikasleekiko harremanetan. Ez naiz sekula damutu neure filiazio politikoaz alarderik egin ez izanaz lanbide profesionalari ekin nion artean. Orain ere pentsatzen dut, euskal baloreak oinarri, irakasleen markarik behinena jardun pedagogikoari eskainitako ahalegina dela. Horixe da, hain zuzen, naturaltasun osoz erakutsi zidaten jeltzale-estiloa, edozein dela ere eskuarteko lana edo konpromiso-maila.

Josune Ariztondo eta Bea Berlanga EAJ-PNV

Urteak aurrera, konpromiso politiko esplizitoa eskatu zidan Alderdiak. Eta 2000. urteko urtarrilean neure burua EBBko idazkari aurkitu nuen. Urte haietako giroa, bere on eta txarrekin, aurrekoen eta ostekoen antzerakoa zen, mistifikazioetan sartu barik. Esaterako, Lizarra-Garaziko Ituna bertan behera zihoan ETAk su-etena hautsi eta bere bide odoltsuari ekin zion unetik aurrera; ondorioz, hainbat erakundeetako akordioen haustura mingarriak etorri ziren. Aldi berean, gure alderdia gai izan zen bere eszisioarekin akordio egonkorra jadesteko alde bietako buruzagiek euren arteko harreman ospinduen gainetik euskal abertzaleen kemena berpiztu eta gainerako alderdien erasoari (inoiz ezagutu genuen bortitzenari) demokratikoki aurre egiteko.

Alderdiko barne bizitza aberatsa bizi izan nuen. Ikasgai hutsa. Idazkaritzak zituen berariazko ardurekin batera, Hezkuntza, Euskara eta Berdintasun arloetako jardun politikoa koordinatzea egokitu zitzaidan. Eta Bizkai, Gipuzko, Araba, Napar eta Ipar Buru Batzarrekin batera lortu genuen Aberri Batzarrak onartzea Kidetza Plana, emakume alderdikideen proportzio bera izatea ejekutibetan, hautagai-zerrendetan etabar. Horrekin batera 2002an Emakume Abertzale Batzaren 90. urteurrenean, oraindik bizirik zeuden emakumeokin ospatu genuen EBBk eta Alderdi osoak, aspalditik zor zitzaien omena. Hezkuntza Legearen lehen zantzuak ere Hezkuntza XXI dokumentuan jaso genituen 2004an.

Antzinako Alderdia da gurea. Duela 100 urtetik gora buruzagi batek esan zuen: “El PNV es la expresión política de las mayorías vascas”. Oso esaldi egokia, kontutan hartuz, “mayorías vascas” horrekin, gure herriaren aniztasuna politikoki ordezkatzeko jaioak ginela.

Gaur ere horixe da Alderdia. Horrexegatik, bakearen aldeko ahaleginen ostean elkarbizitzaren bila dabil etengabe, emakume eta gizonen arteko berdintasuna eta gainerako giza-eskubideak lortze bidean konplejurik barik doa aurrera. Eraginkortasunez eta efektismo antzuetatik urrun, historian lehena izango den Euskal Hezkuntzaren lege berria ateetan daukagu. Ahalegin osoz, XXI. mende-erdira begirako premiak hausnartuz doa egokitzen bere jardun politikoa. Ingurua behatu, gizartea entzun eta jardunari ekin, hor dago gakoa.

Etorri da aurtengo Alderdi Eguna, alderdikide eta zaleak elkar agurtzeko eguna, Euzko Alderdi Jeltzalea, ahoz aho eta belaunez belaun beti aurrera doala erakustekoa. Ez, ez dira inoiz izan garai errazak ez jeltzaleon buruzagientzat ezta euskal erakundeentzat ere. Baina garaian garaikoari eutsiz, asmoz eta jakitez lanean ez digu inork aurrea hartuko. Zerumugan euskal gizartea eta gogoan Euskadiren askatasuna egunak egingo du argi.