Badago esaera bat euskaraz, asmo hutsalen berri ematen duena: "Usteak uste, erdiak ustel". Izan zere, sarritan errealitateari begira barik, jartzen gara guk nahiko genukeenari begira, eta horrek, sarri askotan, zapuztea baino ez dakar. Dena dela, esaera zaharrak zuhurtasunez dioen legez, gure burutazio guztiek ez dute zertan txarto amaitu.
Hori horrela izan da oraintsu arte; betiere, sozialistek, popularren laguntzarekin, Eusko Jaurlaritza kendu zigutenetik hona, esaera zaharra motz gelditu da. Horiek etorri direnetik, asmo eta uste guztiak usteldu dira, bai eta burutu-aginean zeudenak ere. Horretara, bada, aste honetako aleok ekarriko ditut hizpidera.
Bizkaiko Enkarterriko biztanleak dira euren usteak ustelduta ikusi dituztenetako batzuk; hain zuzen ere, Bizkaiko Sartaldean bizi diren 34.000 bizkaitarrek galarazita dute gaixotzea, ezen sozialistek erabaki dute ospitalerik ez egitea hango eskualderako. Badakizue, enkarterriarrek otoitz egin beharko dute, ez gaixotzeko, edo, gaixotuz gero, hurren daukaten ospitalera abiatu behar dutenean sasoiz heldu ahal izateko.
Herri-lan eta Garraio sailburuak esan duenetik, Abiadura Handiko Trenaren obrak 2016. urtean amaituko dira, eta ez 2013an. Badakizue, gauzak ondo egin behar izanez gero, denbora hartu behar da. Lanak bazihoazen aurreikusitako epeetan 2009ko maiatza arte; bada, sozialistok urtebete pasatxoan gauza izan dira obrak hiru urte atzeratzeko. Esan beharko zaie Abiadura Handiko Trenaren aurkako plataformetakoei kartelak kendu, ganbaran gorde eta hemendik pare bat urtera ateratzeko berriro ganbaratik, batez ere, estetikaren mesedetan.
Foru aldundiek eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari, Erakundeen arteko Batzorde Mistoak bilera egiteko, eta horretan geunden guztiak: batzarra laster baten egingo zela. Ez, ba. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaleak jakinarazi die foru aldundiei hedabideen bitartez, batzar hori atzeratuko dela. Jakina, bien bitartean, Euskal Autonomia Erkidegoaren mesederako izan zitezkeen erabakiak hartu barik gelditu dira. Beharbada, sozialistek uste dute, arazoari begiratu barik egonez gero, arazoa berez desagertuko dela.
Kontua da, gure egutegian, 24 ordu igarota, astelehenaren ostean asteartea datorrela, eta honen atzean asteazkena, eta gero osteguna, eta ondorik ostirala, eta biharamunean larunbata, eta igandeak ixten duela astea. Eta horrela urte osoan zehar. Behintzat, horrela gertatu da historian zehar, baina kontuz ibili behar dugu, hauek, aldaketaren puruz, egutegia bera ere alda dezaketelako. Jainkoak anpara gaitzala!