Datorren larunbatean, abenduak 10, arratsaldeko 19.00etatik aurrera, Amaia Aldai eta Olatz Arrizabalaga lehiatuko dira Amorebieta-Etxanoko pilotalekuan Emakume Master Cup delakoan.

Izan ere, Dimakoa eta Gernikakoa elkar elikatu duten bi pilotari izugarri dira, lehiaketan eta, batez ere elkarrekin egindako hamaika entrenamendu orduetan elkar elikatu eta elkar hobetu diren bi kirolari handi. Gertuko erreferentzia bat hartzearren, Aimar Olaizolak Juan Martinez de Irujo hobea egin zuela esaten badugu, eta Juan Martinez de Irujok Aimar Olaizola, antzerako zerbait gertatzen da bi emakume hauekin. Gainera, esan genezake Emakume Master Cup-arekin batera hazi diren bi pilotari direla Arrizabalaga eta Aldai, Aldai eta Arrizabalaga. Final ia guztietan protagonista izan dira, pilota goxuarekin hasi eta mistorako jauzia egoki egin dutenak. Gainera, material honek mesede egin die euren jokoan eta orain gutxi pentsaezinak ziruditen jokaldi eta postura guztiak menperatzen dituzte; airea, gantxoak,sotamanoak... ikuskizuna lehen mailara igoz.

Duela aste gutxi Ezkurdia eta Altunak pilotazale guztiak txundituta utzi bazituzten, Aldai eta Arrizabalagak ere pilotazale zorrotzena ere asetzeko moduko dohainak dituztela erakutsi dute maila handiko txapelketa batean eta azken urratsa, zailena, geratzen zaie txapela jantzi ahal izateko.

Gaurko aurkezpenean bi pilotariak finala jasoko duen Amorebieta-Etxanoko pilotaleku ikusgarrian izan dira eta elkarren artean sekretu gutxi daudela adierazi dute, halako partidek sortzen duten tentsioa hobekien kudeatzen duenak asko izango duela aurreratua eta, batez ere partida polita eskaini nahi dutela. Alboan izan dituzte, Ainhoa Salterain, Amorebieta-Etxanoko Berdintasun zinegotzia, Luciano Martinez Kirol zinegotzia, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria, Patricia Campelo eta baita Karmelo Bullon, Lagun Onak elkarteko presidentea. Zorterik onena opa diete hauek bi pilotariei eta pilotazaleei frontoira hurbiltzeko gonbidapena luzatu diete, bi kirolari handi hauei merezi duten babesa eskaintzera.

Jaialdiko bi partiden artean, ETB-K gauez eskainiko ditu, azken 30 urteetan Lagun Onak pilota elkarteko arduradunak izan diren Jose Ramon Etxebarria eta Jabi Emaldiri, omenaldi polit bat egingo zaie. Jaialdiari binakako partida batek emango dio hasiera, Garai-Capellan/ Salsamendi-Mendizabal. Egun handia, egun polita emakumezkoen esku pilotak Amorebieta-Etxanon larunbatean biziko duena.