Spidermanen moduan egiten dute hormetan gora. Igo, jaitsi eta koltxoietara salto egiten dute, inolako beldurrik gabe. Proposatzen zaien erronka zenbat eta zailagoa izan, orduan eta gogo handiagoa daukate saiatzeko. Beren habitata rokodromo edo boulderrak dira, baina ahal duten guztietan kanpoan egotea gustatzen zaie. Ba-tzuk umemokoak dira oraindik, baina txikitatik daukate gorenera igotzeko ametsa. Eskola mailako eskalada ligako parte-hartzaileez ari gara. Aurten errekorra hautsi dute eta 60 eskalatzaile izatetik 100 izatera pasa dira. Bizkaiko Mendi Federazioan oso pozik daude jarduera hau izaten ari den arrakastarekin. Neska-mutilak kirol desberdin bat egitera animatzen ari dira eta hori positiboa da. “Aurreko urteetan egindako lanak fruituak eman dituela uste dugu. Federazioak egindako sustapen lanak erantzuna jaso du. Gainera, kluben lana ere aipatu behar dugu, hala nola Ondarroakoa eta Bilbokoa, horiek baitira haur kopuru handiena daukatenak”, esan digute federazioko kideek.
Haur gehienak klub horietan dabiltza; beste batzuek ikastetxean praktikatzen dute, eskolaz kanpoko jarduera gisa, eta beste batzuk beren kabuz datoz, kirol hori interesatzen zaielako. Denak datoz erronka berriei aurre egiteko ilusio handiarekin. Pasa den larunbatean, arratsaldez, eskola mailako ligaren hirugarren kontzentrazioa egin zen Bilboko Errekalde auzoko Monkada aretoan. Hiru kategoriatako 90 haur inguru elkartu ziren. Maila desberdinetako blokeei egin behar izan zieten aurre. “Guztira, maila desberdinetako 20 bloke ditugu. Haurrek aukeratzen duten beren mailaren arabera egokiena dela uste dutena. Haiek badakite, gutxi gora behera, zein den beren maila eta aukeratu egiten dute. Eskalatzaile onak badira eta denbora badaramate, 10 zenbakitik has daitezke, esaterako”, esan dute.
Puntuak emateko modua ez da aldatu, pasa den urtekoaren an-tzekoa da. 1 zenbakiko blokea errazena da eta 20 zenbakikoa konplikatuena. Bloke bakoitzeko puntuak lortzen doaz. Esaterako: Parte-har-tzaile bat 1 blokearekin hasten bada, badakigu gutxien balio duena dela, errazena delako. Lehenengoan egiten badu, 10 puntu lortuko ditu; bigarren saiakeran lortzen badu, 9 puntu, eta horrela hurrenez hurren. Hala ere, 20 blokean, zailena, puntuen zenbaketa desberdina da. Lehenengo saiakeran eginez gero, 200 puntu lortzen dira, gehieneko puntuazioa. Aldiz, bigarren saiakeran lortuz gero, 180 puntu lortuko dira, 20 gutxiago; eta horrela, hurrenez hurren. Behin jardunaldia amaituta, puntuak batu eta sailkapena egiten da.
Denboraldian zehar eskola ligako bost jardunaldi ospatuko dira. Lehena azaroaren 25ean antolatu zen Ondarroako kiroldegian; bigarrena, abenduaren 16an Portugaleteko Climbat aretoan; hirugarrena, pasa den larunbatean izan zen Bilboko Monkada aretoan; laugarrena, apirilaren 3an helduko da Leioako Sakoneta kiroldegira; eta, azkena, Bilboko Piu Gaz aretoan izango da, apirilaren 21ean.
Hala ere, rokodromoetako jardunaldiez gain, parte-hartzaileek kanpoan eskalatzeko aukera izango dute, federazioko monitoreen lagun-tzarekin. Izan ere, Bizkaiko federazioak harkaitzetako eskalada ere sustatu nahi du. Horregatik, denboraldiaren amaieran teknifikazio ikastaro bat egiten da eta aldez aurretik izena ematen duen edonor joan daiteke. Harkaitzean eskalatzeko oinarrizko ezagutzak ematen dira, eta haurrek ilusio handiz hartzen dute. “Batzuei beldur apur bat ematen die, baina beste batzuk pozez zoratzen egoten dira eta oso ondo pasatzen dute. Zaletasun are handiagoa hartzen dute. Azken finean, bi espezialitateak sustatzea da gure helburua: Boulderra eta harkaitza. Biak ezagutu ditzatela”, esan digute.
Kanpoan zein barruan egin, segurtasuna funtsezko kontua da. Hori dela eta, haurrek hasieratik ikasten dute horren garrantzia, eta zein desberdintasun dauden harkaitzean edo rokodromoan eskalatzearen artean. “Kaskoa, soka eta aseguratzeko tresna daramatzate. Gainera, korapiloak egiten irakasten diegu. Garrantzitsua da modu seguruan eta beldurrik gabe eskalatzen ikastea”, esan dute.
Horrela, Spiderman eta Spiderwoman hauek rokodromoz rokodromo dabiltza aurrera egin eta gero altuago heltzeko xedearekin.