Síguenos en redes sociales:

Kirol osagarria

Etxebarriko pilotalekuan herri kirolen denboraldiko lehenengo kontzentrazioa egin zuten aurten ere. Bilbo inguruko taldeek parte hartu zuten

Kirol osagarriaArgazkia: Jose Sampedro

G abonen amaierak ez dakar soilik eskolara bueltatu beharra; kirol denboraldia ere urtarrilean hasten da, orokorrean. Hala da, behintzat, herri kirolen kasuan. Modalitate honek ia hamar urte daramatza ikastetxeetan, haurrak gure tradizio honetara erakartzeko asmoz. Aurten beste denboraldietako antzeko parte-hartzea egon da. 1.500 haur inguru daude izena emanda, hiru zonaldetan banatuta: Bilbo, Uribe Kosta eta Durangaldea. Aurreko urteetan legez, zonalde bakoitzean hiru jardunaldi egingo dira, beti igande goizez. Egutegia hauxe da: Pasa den igandean Etxebarriko pilotalekuan eman zitzaion hasiera denboraldiari, Bilbo inguruko ikasleentzat. Bigarrena martxoaren 4an izango da, Deustuko kiroldegian, eta azkena Artunduagakoan. Aste honetan Durangaldeko taldeen txanda izango da. Lehenengo kontzentrazioa Amorebietako Larrea kiroldegian egingo da; bigarrena, martxoaren 11n, Gernikako Santanape kiroldegian eta, azkena, Zeberioko udal pilotalekuan. Azkenik, Uribe Kostako taldeak otsailaren 4an hasiko dira martxan Trapagarango kiroldegian. Hil bereko 25ean Getxoko Gobela kiroldegian jarraituko dute eta, azkenik, martxoaren 25ean Mungiako kiroldegian amaituko dute.

Guztiari amaiera emateko, maiatzean Bizkaiko Eskola Jokoen barruko azken kontzentrazioa egingo da. Oraindik zehazteke dago lekua. Topaketa horren xedea hiru multzoetako taldeak elkartzea eta herri kirolen inguruan jai handi bat egitea da. Mikel Inunziaga txapelketako arduradunak azaldu duen moduan, espazioa da arazo nagusia. “Ez dakit nola egingo dugun aurten, baina seguru aski, taldeen artean aukeraketa bat egin beharko dugu. Hainbeste jende dago, ezinezkoa da goiz batean denak batera aritzea. Pena da, izan ere, helburu nagusia parte-hartzea ahalik eta handiena izatea da, baina ez daukagu aukera gehia-gorik”.

Izen-emate kopurua ez da handitu, baina berri ona da mantentzea; izan ere, herri kirolen modalitatea oso erakargarria da txikienentzat. Hainbat arrazoi daude, baina nagusiena jardunaldien malgutasuna da. “Duela hamarkada bat txapelketa sortu genuenean, herri kirolak jarduera osagarria izatea geneukan buruan; hau da, kirol hau beste kirolen batekin uztartzea. Horregatik pentsatu genuen jardunaldiak igande goizetan egitea, beste batzuekin bat ez etortzeko. Emaitza ikusgarria izan da”, esan digu Inunziagak.

Baina alaitasunerako arrazoiak ez dizkigute soilik kimu eta benjamin kategorietakoek ematen. Haur txikienen mailan ere, gero eta talde gehiago daude. Aurten errekorra hautsi dugu; 18 izan dira. Kategoria konplikatua da, adinagatik, baina ematen du egonkortzen ari dela. “Talde guztiek batera parte hartzen dute hiru jardunalditan, eta aurten inoiz baino gehiago daude izena emanda. Igoera hori ez da soilik benjamin eta kimu kategorietan egindako lanagatik; gure ustez, institutuetan egindako sustapen lanari ere zor zaio. Ez duenez konpromiso handirik eskatzen, neska-mutilak animatu egiten dira”, azaldu du Inunziagak.

Eta jarraitzeko asmoa edukiz gero, kadete eta gazte liga dauzkate. Izen-emateetan beherakada txiki bat egoten da, baina liga federatuan sartzeko zubi gisa funtzionatzen du. Taldeak mistoak dira eta txikienek egiten dituzten proba berdinak egiten dituzte, baina pisu handiagoarekin. Denboraldi honetan 40 neska-mutilek eman dute izena, eta talde probez gain, banakako batzuk ere badaude. Lehenengo jardunaldia La Casilla pabiloian egitekoa zen, baina atzeratu egin da.

Gogotsu hasi zirenak Bilbo ingurukoak izan ziren, Etxebarriko pilotalekuan elkartu zirenak. Ohiko zalapartaren erdian, guraso eta monitoreen laguntzarekin, goizeko 10etan hasi zen topaketa, benjamin kategoriakoekin; kimuek 12etan hartu zuten lekukoa. Honako probak egin zituzten: lokotxak, gurdia, zakuak eta sokatira. Betiko moduan, taldeek errotazioa egin zuten probaz proba; bakoitzaren txanda heldu bitartean, kideei animoak ematen zizkieten. Zurbaran, Etxebarri, Dominikak eta Arteagabeitia ikastetxeek parte hartu zuten, bakoitzak bere kolorea emanez. Baina ez dira bakarrak izango. Datozen asteetan beste zonalde batzuetako taldeak arituko dira, hala nola Uribe Kostakoak. Aurten talde kopurua gehien hazi den ingurua da. Pasa den urtean Bilbo izan zen.

Herri kirolek gero eta zale gehiago dituzte, beraz, eta garrantzitsuena da zaletasun hori ez dela kategoria txikienetan geratzen. Haur, kadete eta gazteetan ere mantentzen da. “Bat, bi, hiru, Herri?. Kirolak!!!