Aurrera neskak!
Hogei neskato inguru bertaratu ziren denboraldiko lehenengo hockey kontzentraziora. Gatikan izan zen
Hockeya mutilen kirola da”. “Hockeya praktika-tzen duten neskak mari-mutil hutsak dira”. Zenbatetan ez ote dituzten entzun behar izan horrelako gauzak (eta okerragoak) hockeyan jokatu nahi duten neskek. Izan ere, beste kirol askoren moduan, hau ere estereotipatua dago. Hori dela eta, orokorrean, neskek alde batera uzten dituzte euren asmoak, haziz joan ahala. Baina, beren moduko beste batzuk ere badaudela ikusita, aurrera egiteko animoz sentitzen dira.
Ez da erraza, gaur egun, oraindik ere, hockeya kirol maskulino eta biolentotzat hartzen baitu jendeak, oro har. Zorionez, neskato eta guraso batzuk ez dira uste horretakoak eta Bizkaiko klubetan izena ematen ari dira.
Oraindik ere ezin izango da nesken liga bat egin, baina talde mistoetan jokatzeko aukera dute, inolako arazorik gabe. Asteburuetan egiten diren eskola ligako partidetan ikus ditzakegu.
Lehiaketa horretaz gain, baina, ekintza berezi bat daukate: Eskola mailako nesken hockey kontzentrazioa.
Bizkaiko Federazioak abiatutako ekimen bat da. Helburua neskato guztiak eskola mailako liga batean bildu eta haien artean elkar ezagutu dezaten lortzea da. Horrela, ikusten dute ez daudela bakarrik, badaudela hockeya gustuko duten neska gehiago, eta klixeei aurre egin behar diegula. Denboraldian sei kontzentrazio inguru egiten dira eta hauxe da funtzionamendua: Pista bat aukeratu eta eskola hockeyan izena emanda dauden neskato guztiei dei egiten zaie, igande goiz batean pista horretara bertaratzeko. Bertan, federazioko monitore baten laguntzaz, entrenamendu eta teknifikazio saio bat egiten dute, gaitasunak lantze aldera. Amaitzeko, partiduren bat jokatzen dute, ondo pasatzeko asmoarekin, batez ere.
Igandean denboraldiko lehena izan zen, Gatikan, Gatikako Iusturi klubaren pistan, hain zuzen ere. Hogei neskato inguru bertaratu ziren eta hotzari eta euriari aurre egin zieten, denboraldiko lehenengo lezioak jasotzeko. Haiekin egon zen Jessica Zubia. DEIAK duela urtebete egin zion elkarrizketa Gurutzeta taldeko barakaldar gazte honi. Nesken talderik ez zenez, mutilen talde batean jokatzen zuen, oso emaitza onekin. Esperientzia handiko neska da. Bera izan zen hockeyaren mundura gerturatu zen lehenengo nesketako bat eta gaur egun kontzentrazioetara joaten jarraitzen du, hasten ari direnei animoak emateko.
Giroa itzela izan zen. Lasterketa luzeak egin zituzten stickarekin eta erorketaren bat edo beste egon zen, baina neska hauek gogorrak dira, ohituta daude, eta berehala altxatzen dira berriz. Gola sartzeak ematen duen poza ere bizi izan zuten ba-tzuek, baita atezainei tantoa geldi-tzeak ematen diena ere. Bertako taldea den Gatikako Iusturi, Loyola Indautxu eta Mungiako taldeak izan ziren. Bizkaiko leku desberdinetako neskak, zaletasun berak batuak.
Bestalde, Gatikako Iusturi taldekoak poz-pozik zeuden, aurreko egunean pista inauguratu baitzuten. Gatikako eremu horretan eskola ligako hiru partidu jokatu ziren lehen aldiz; Urdaneta C taldearen aurka kimuetan; Mundaizen aurka haurretan; eta Olarizu A taldearen aurka benjamin kategorian. Ondoren, lagun arteko senior partidu bat jokatu zen, goizari amaiera ona emateko.
Gatikako klubeko partaideak oso harro daude beren pista berriaz. Neska-mutiko gehiago erakartzeko itxaropena dute. Dagoeneko hiru talde egin ditu klubak, duela bi urte sortu zenetik. Ez dira denak Gatikakoak, noski, inguruko beste herri batzuetatik ere gerturatzen dira, hockeyak erakarrita.
Gainera, familiarteko giroa dago klubean. Adiskidetasuna, ilusioa eta elkarlana dira oinarri nagusiak. Horren adierazlea da gurasoek klubean duten inplikazioa. Partiduetan taberna zerbitzua eskaintzen dute, hara hurbiltzen diren guztiek pintxoak jateko aukera izan dezaten. Horrela izanik, bildutako dirua erakundera bideratzen da berriz.
Bestalde, Bizkaiko Federazioak kluba zoriondu du, hain denbora gutxian pista homologatu bat lor-tzeagatik. Apurka-apurka, Gatikako Iusturi taldeak beste elementu batzuk lortzen joan nahi du, hala nola markagailu elektroniko bat. Dena dela, momentuz aldagela egoki batzuk eta materiala gorde-tzeko lekua baditu, beraz, nahikoa. Gatikako kluba egonkortu egin da Bizkaikoen artean, beraz, eta pista erabilgarri daukate jokalariak bertan irristan ibiltzeko, beren ametsa lortzeko bidean.