Gorenera heltzeko ametsa
Sestaoko boleibol klubak harrobi sendoa dauka, eta horri esker, nesken lehen dibisiora heldu da. Orain arte, ez dio inork irabazi.
Boleibola ez da gehienen kirola, baina udalerri ba-tzuetan oso errotuta dago. Galdakao, Getxo edo Sestao dira horietako batzuk; kirol desberdin baten alde egindako apustuaren adibide argiak. Sestaoko klubaren kasuan, aurten 18 talde egin dituzte guztira; horietatik hiru benjaminak dira; zortzi kimuak; bi haur kategoriakoak; bi kadeteak; bat gazte kategoriakoa; eta beste bi seniorrekoak. Benjamin eta kimuek minibolei izeneko modalitatean jokatzen dute. Talde bakoitzean hiru jokalari dituen partiduak jokatzen dituzte, baina lehiarik gabe. Haur kategoriatik aurrera, liga ofizialetan jokatzen dute, eta kasu horretan sei jokalari dituzte taldeko.
Talde gehienak neskaz osatuta daude udal eskolatik, baina klubean mutilak erakartzeko ahaleginak egiten ari dira. “Mutilak erakartzen saiatzen ari gara. Gaur egun zortzi ditugu. Ez da erraza, baina kopuru hori handitzeko itxaropena daukagu”, esan digu Césarrek, klubeko arduradunak.
Mutilen boleibola sustatzeko ekimen bat egingo da urte hasieran, Gabonetako geldialdia baliatuz. “Urtarrilaren 2 eta 3an boleibol torneo txiki bat egiten dugu urtero. Hurrengoa hamabigarrena izango da. Asturias, Kantabria, Gaztela eta Leon eta Euskadiko taldeek hartuko dute parte. Nesken kadete eta haur kategoriako 18 talde arituko dira. Urtarrilaren 2an kadeteek jokatuko dute eta 3an haurrek. Aurten, berritasun moduan, mutilen kadete torneo bat ere egingo dugu. Sestaoko talde batek (Bizkaiko beste talde batzuetako jokalariz ere osatua), Asturiasko batek, Kantabriako batek eta Burgosko beste batek jokatuko dute. Oso pozik gaude mutilentzako aukera berri bat irekitzen ari garelako. Uste dugu apurka-apurka lekua egingo diegula” esan du Césarrek.
Eskola kategoriei erreparatuta, Ezkerraldeko klubekoek helburu ba-tzuk markatu dituzte denboraldi honetarako. “Kirol eskolan lan egitea jokalariei prestakuntza osatua emateko, etorkizunean klubeko taldeetara sartzeko aukera izan dezaten. Astean bi egunetan entrenatzen dute eta hilabetean behin lehiatzen dira beste ikastetxe batzuekin, kontratazioak eginez, Bizkaiko Aldundiak kudeatzen duen Eskola Kirolaren esparruan”, esan digu arduradunak.
Haur, kadete eta gazte kategorietan hasten dira lehia maila handiagoko helburuak markatzen. Talde batzuek Aldundiak antolatutako ligetan parte hartzen dute eta errendimendu taldeek Kirol Federatuan, Euskadi mailan estatuko txapelketetan sailkatzeko. Denboraldi honetako helburua Euskadiko txapelketa lortzea da; haur, kadete eta gazte kategorietan, Espainiako txapelketetan parte hartu ahal izateko.
Bestalde, senior taldeak Nazion mailako Lehen Dibisioan parte hartzen jarraitzen du. Denboraldi honetarako jarri duten helburua Superligara igotzeko fasean parte hartzeko aukera lortzea da. “Kirolaz harago, klubaren egoera ekonomikoa sendotzeko xedea ere badugu, erronka horiei aurre egin ahal izateko eta kirol helburu handiagoei finantzaketa faltagatik uko egin behar ez izateko”, esan du Césarrek. Momentuz, taldeari oso ondo doakio. Denboraldi hasieratik ez du behin ere galdu, eta bigarren dibisiora igo den beste senior taldeak lehiatzen jarraitzen du, kategoria mantendu eta lehen mailako talderako jokalariak prestatzen jarraitzeko helburu nagusiarekin”.
Behin denboraldia amaituta, udan hondartza boleibolaren txanda helduko da. Sestaoko klubak arrakasta izan du modalitate horretan. “Pistako lan horrek guztiak hondartzan izango du jarraipena, maiatzetik aurrera. Horretarako, Galindon lau zelai ditugu eta bertan ederki praktikatu dezakegu jarduera hori. Aurtengo helburua Euskadiko txapelketa irabaztea da, 17, 19 eta 21 urtez azpiko kategorietan eta seniorrean. Estatu mailako txapelketetara joatea da jokalariak gehien motibatzen dituena. Jokalari batzuek badakite zer den parte hartu eta arrakasta lortzea, hala nola Nerea Ruiz eta Oihane Gutiérrezek. Euskadiko selekzioarekin jokatu dute 21 urtez azpiko kategorian eta Espainiako txapelketan hirugarren postua lortu zuten. Kanaria Handiko Las Palmasen izan zen, uztailaren 21tik 23ra. Espainiako Boleibol Federazioak antolatutako zirkuituaren barruko txapelketetan parte hartzeko asmoa ere badugu, lehiaketa on bat egiteko asmoarekin. Izan ere, jokalari onak ditugu eta oso ondo ibili dira beheko kategorietan”, esan du Césarrek amaitzeko.