Oraindik hilabete batzuk falta dira, baina errugbi zaleak zain-zain daude dagoeneko, kirol horren inguruko ekitaldi handia izango baita.San Mames izendatu dute errugbiaren Champions lehiaketaren egoitza nagusi. Hori dela eta, Bizkaiko klubak ilusioz beterik daude, bereziki Universitario Bilbao taldea. Bizkaiko klub honek 50 urte beteko ditu datorren urtean eta ekitaldi horrekin bat egin du ospakizunak.“Bilboko kluba garen heinean, aukera aprobetxatuko dugu gure omenaldi jarduerak burutzeko eta kirola ezagutzera emateko.Uste dugu eragin mediatiko handia izango duela; errugbiaz hitz egingo da eta jendearen interesa piztuko da”, azaldu digu José Luis Cañadak, Universitario Bilbao taldekoak.
Hain zuzen ere, Bilbo eta Plen-tzian izan dira eskola errugbiko kontzentrazioak. 150 neska-mutil inguru batu ziren hitzordura Errekaldeko kiroldegian. Bestalde, antzeko jende kopurua gerturatu zen Plentziara ere. Izan ere, pasa den urtetik kontzentrazioak bi lekutan egiten dira, elkartzen den jokalari kopuru handia dela eta.“Lehen 300 jokalari inguru batzen ziren eta zoramena zen. Ez zegoen leku nahikorik aldageletan”, esan digu. Horrela izanik, Bilbora hurbildu ziren Universitario kluba, Getxo eta Kantabriako lau taldeak: Camargo, Independiente, Miengo eta Santander. Plentzian, berriz, Durango, Mungia eta Bizkaia deituriko taldea izan ziren, Arratiko, Elorrio, Kakarraldo eta Gernikako jokalariak biltzen dituena. “Kantabriako klubek denboratxo bat daramate gurekin jokatzen, bertan ez baitago eskola errugbirik. Gehienek jokalari gutxi dituzte, beraz, elkartu egiten dira jokatu ahal izateko. Antzeko kasua da Bizkaia klubarena. Batzuek ez dute jende nahikorik eta denen artean taldeak osa-tzen dituzte”, esan du Cañadak. Errugbia berezi egiten duena hori da, kluben artean sortzen den laguntasuna. Handiek txikiei laguntzen diete. Horren erakusgarri: talde bat hankamotz geratzen bada jokalari faltagatik, klub handiek jokalariak lagatzen dizkiete klub txikiei.
Aurten 13 kontzentrazioa egingo dira guztira, herri desberdinetan. Urriaren 7an hasi ziren eta martxoaren 19an amaituko dira. Horietako bakoitzean taldeek partidu laburrak jokatzen dituzte, goizean zehar. 8 eta 10 urtez azpiko kategorietan egiten denez, hastapen fasean daude, eta ez dago lehiarik. 12 urtez azpikoen kategoriatik gora hasten da liga.
Behin partiduak amaituta, jokalariak elkartu egiten dira zerbait jan eta elkarrekin egoteko. Hirugarren zatia esaten zaiona. “Egia esan, oso giro ona egoten da kontzentrazioetan. Gurasoek asko animatzen dute eta gero, hirugarren zatian, denak elkartzen dira partiduei buruz hitz egiteko”, esan digu Cañadak.
Errugbiak bere jokalariak mantentzen ditu eta aipagarria da betez ere klub batzuetan dagoen fideltasuna. Universitario Bilbao klubaren kasua hori da. Haurrek izena ematen dute, kategoriaz igotzen doaz eta jarraitzen dute, ez dute uzten. Seguru aski, Bilboko ekitaldiak Bizkaia mailako errugbiaren ospea handituko du, ez soilik eskola ikasleen artean, baita nagusien artean ere. “Harro egotekoa da gure hirian horrelako ekitaldi bat egotea. Errugbi zale guztiontzat aukera ona da geure burua ezagutzera emateko. Pertsona batzuek ez dakite Bilbon klubik dagoenik ere. Jende gehiagok izena ematea nahiko genuke, batez ere haurrek. Garrantzitsuena da jendeak errugbiari buruz hitz egitea”, esan du Cañadak.
“Zelaian gertatzen den zelaian geratzen da”. Horixe da errugbiaren inguruko oinarri garrantzitsuenetako bat. Ospe txarra duen kirola da, egia esan, jendeak indarkeria handikoa dela uste duelako, baina ez da egia, inondik inora. Errugbian dena da adiskidetasuna; kontzentrazioetako giro ona ikustea besterik ez dago. Ziur errugbiaren Champions txapelketak eragin mediatiko handia izango duela eta jendeari horren berri emateko aukera edukiko dugula.