“Gizartean gai hauen inguruan oso teorikoki hitz egiten da, eta guk gure bizipenetatik hitz egiten dugu. Gure erreminta umorea da”ITSASO ALCALDE - @neunenaiz
Lehen ardo ona eskatzeko erabiltzen zen kontzeptua zen eskailerapekoa, ezkutuan zegoena. Idoia Torregarai (Usurbil, Gipuzkoa, 1974) eta Mirari Martiarena (Oiartzun, Gipuzkoa, 1986) umoregileak ere ardo ona bezala ontzen ari dira urteekin eta adinarekin; eta eskailerapekoan kontzeptuari tiraka ondo gordeta egoten diren gaiak betiko umore ukituarekin oholtzara ekarri nahi izan dituzte elkarrekin ondu duten laugarren bakarrizketa emanaldian: Eskailerapekoa. 2018.urtean ekin zioten umorezko bakarrizketak egiteko bideari, sortze prozesuan bakoitza bere nahi pertsonaletatik abiatzen da, eta hitz egiteko gogoa duten gaiaren arabera aukeratzen dute zeren inguruan aritu. Ordubete pasako emanaldian, beraien ikuspuntua eman eta kritika zein barre egiten diote ikusten duten horri.
‘Eskailerapekoa’ deituriko emanaldia estreinatu zenuten urte hasieran. Zer dago eskailerapean?
MIRARI MARTIARENA: Eskailerapean ondo gordeta eta ezkutatuta dauden eguneroko gauzak daude, eta ez soilik Idoiarenak eta nireak, gure adin eta belaunaldiko emakumeen bizitzetan dauden kontuak dira, askotan hitz egiten ez direnak. Ertz horiei guztiei arreta jartzen diegu gure begiradarekin eta umorearekin, eta horiek oholtzara ateratzeko gogoa geneukan.
Ardo ona bezala ondu duzue emanaldia. Laugarrena duzue elkarrekin. Zertan ezberdintzen da aurrekoetatik?
IDOIA TORREGARAI: Desberdintasun nagusia da edukia berria dela, plazaratuko ditugun gaiak berriak dira. Dagoeneko zortzi urteko ibilbidea daukagu elkarrekin eta metatutako esperien-tzia, taulak, ezagutzak gehitzen doaz; baina, emanaldiaren formatua ez da aldatu, ikusi baitugu orain arte bezala ondo funtzionatzen dugula eta horrela jarraitu nahiko genuke.
M.M.: Txaketen kolorea da aldatu dena, adibidez.
"Bi belaunaldi ezberdinetakoak gara Mirari eta biok, eta ikusleak beraiek bizitzen ari diren unearekin identifikatzen dira eta hori oso polita izaten da.”
IDOIA TORREGARAI
. Umoregilea
Euskara eta feminismoa beti lagun, bakarrizketa emanaldi bakoitzean gai ezberdinei heltzen diezue. Honetan zein gai lantzeko nahia zenuten?
M.M.: Sormen prozesuan zehar edo aurretik bizitzen ari garen egoerak barnean zer sortzen digunaz hausnartzen dugu. Kasu honetan, nik 40 urte betetzen ditut aurten eta nire inguruan asko hitz egiten da 40 urteko krisialdiaz, oraindik gazteak izateaz edo asko bidaiatu behar dugula bezalako “guayismoez”. Horiek ditut pixka bat jomugan hartuta. Horrez gain, gorputzaren bueltan hitz egiteko gogoa ere banuen, oholtzan ez dugulako hitza bakarrik jartzen, gorputza ere jartzen dugulako eta agian badelako nire bizitzako borroka handienetako bat gorputza jendaurrean jartzearena. Horregatik, emakume lodi bezala bizitzea tokatu izan zaidanari ere begirada bat umorez, eta gizarteari kritika eginez jarri nahi nuen ez baitira soilik nire bizipenak, baizik eta emakume askorenak.
I.T.: Nire bizipenak momentu honetan amatasunaren ibilbidetik egindakoak dira. Aurrekoetan ama izan nintzenekoaz ere hitz egin nuen, eta egun nerabezaroaz hitz egiten dut, etxean nerabeak edukitzeaz eta baita norbera nerabe izatez ere. Horrekin lotuta, perimenopausiaz ere aritzen naiz, momentu honetan tokatzen zaidana delako. Publikoak eskertzen du etapa ezberdinez hitz egitea. Bi belaunaldi ezberdinetakoak gara Mirari eta biok, eta ikusleak beraiek bizitzen ari diren unearekin identifikatzen dira eta hori oso polita izaten da.
Nolabait ezkutuan dauden gai hauek umorea erabiliz publiko aurrean errazago uztartzen dira?
M.M.: Guretzat bai. Horretara ohituta gaudelako edo hori egin nahi izan dugulako. Horren erakusle, emanaldi bukaeran jendea gerturatu eta esaten digu bazela ordua norbaitek gai hauei buruz hitz egiteko. Agian gizartean askotan gai hauen inguruan oso teorikoki hitz egiten da, eta guk gure bizipenetatik hitz egiten dugu. Gerta-tzen ari zaigunari barre egiten diogu. Bada beste modu bat gai hauei kritika egiteko eta gure erreminta umorea da.
I.T.: Umorearekin azken finean ongi pasatzen da eta jendeak askoz hobeto hartzen du edo batzuetan ustekabean ere harrapatzen du horrelako kritika edo mezu gogorrago bat. Mirari adibidez bakarrizketan gorpuztasunaz ari direnean, halako tentsio moduko bat sortzen da ikusleen artean, eta, aldiz, bukaerako txiste batekin jendea lasaitu egiten da. Horregatik umorea bada estrategia bat baita ere gai hauetaz hitz egiteko ondo pasatuz. Hitzaldi formalago batera joango ez litzatekeen pertsona bat guregana badator konturatzen da nahigabe barrez ari dela, ingurukoak ere barrez ari direla eta zerbait badagoela konpartitzen ari dena. Gizonezkoek, adibidez, ikusten dute beste mundu paralelo bat badagoela.
"Denetarik dago disko honetan, balak daude, baina baita gure buruari zuzendutako hausnarketa ere"
MIRARI MARTIARENA
. Umoregilea
Eskailerapekoa gazte eta helduei, baina bereziki señorei zuzenduriko emanaldia dela diozue. Hori da zuen publikoa?
M.M.: Printzipioz publiko guztiarekin konpartitu nahi dugu sortu duguna; baina [barreak] egia da azken finean norbere adin bueltan dagoen jendearekin konexioa lortzea errazagoa dela. Bereziki emakumeekin konektatzen dugu.
I.T.: Esango nuke gure publikoa batez ere 30 urte ingurutik hasi eta 100 urtera bitartekoa dela beharbada, batez ere erreferentzia partekatuak dauzkagulako. Baina orokorrean oso ondo funtzionatzen duen emanaldia da.
Beharrezkoa al da emakumeek sortutako umorea egitea?
I.T.: Zalantzarik gabe. Guk beti diogu egiten dugun umorea edozeinek daukala entzutea. Askotan etiketa jarri ohi zaio emakumeen umoreari, eta gizonezko batek egiten badu, aldiz, unibertsala da. Kultur edo jarduera askotan gertatzen da hori. Gizonezkoek, adibidez, oraindik ez dute barneratuta bi emakumezkok egiten dugun umorezko bakarrizketa saio bat beraiek gozatzeko ere badela.
M.M.: Ikusi izan dugu gure emanaldiaren kontratazio ia gehienak ez direla kultur sailetik izaten, berdintasunetik baizik, eta oso eskertuta gaude, baina zer den kultura eta zer ez hori ere hausnartu beharko genuke, emakumeak umorean objektu izatetik subjektu izatera pasa baikara.
Laugarren bakarrizketa ondu du Torregaraik eta Martiarenak.
Duela zortzi urte hasi zinetenetik alderik nabaritu duzue?
I.T.: Bakoitza bere aldetik gure gauzatxoak egiten aritzen ginen, eta argi genuen jendaurrean umorea egin nahi genuela, hori zen gure helburua. Jendearekin aurrez aurre egon nahi genuen eta horrela jarraitzen dugu. Hasi ginenean emakume bakarrizketatzaile euskaldun bakarra oholtzan Beatriz Egizabal zen, eta gu oso indartsu hasi ginen. Plaza asko egin genituen behar hori ere bazegoelako, baina ordutik hona euskarazko bakarrizketak ikaragarrizko loraldia bizi izan du eta tartean emakumeak sartu dira, horrek beti ekarpena egiten du eta oso beharrezkoa da emakumeak ere oholtza gainean umorea egitea. Gizarteak behar duelako heziketa bat.
Hasi zinetenetik azken urteotan nolabaiteko loraldi bat eman da umorezko bakarrizketetan, hainbat umoregilek egin dute oholtzarako jauzia. Urte hauetan zer aldatu da euskal umoregintzaren eszena?
I.T.: Aberastu egin da, azken finean bakoitzak gure barne mundua dugu, gure bizipenak eta horiek umorearen kodean sartzea beti da aberasgarria, batez ere gertuko erreferentziak har-tzen ditugunean. Guretzat bada garrantzitsua euskaldunok gure erreferentziak izatea. Euskal Herrian, Euskal Herrirako eta euskaraz egitea funtsezkoa da.
Umore tradizioa duen herri al da gurea?
M.M.: Hala da. Antzerki asko egin da umoretik, Euskal Telebistan ere hainbat saio egin izan dira umoreari lotutakoak, bertsogintzan ere umorea eta zirtoa beti hor egon dira presente, 1980. hamarkadan txiste afariak egiten ziren; beraz, Euskal Herria bada jende umoretsuz beteta dagoen herri bat.
Zer ematen dizue oholtzara igotzeak?
I.T.: Bua! Indarra, gozamena, eta bizitza honetan nolabaiteko misio bat: jendeari barre eginarazi eta gozaraztea. Betetasuna. Banaka ere egin izan ditugu bakarrizketak baina sentsazio hori gainera Mirarirekin partekatzerakoan ikaragarrizko sinergia bat sortzen da.
M.M.: Badago zerbait zaila dena azaltzea, zer sentitzen den, zer sortzen den... Emanaldi bakoi-tza azterketa bat bezalakoa da, indar asko jarri eta gure onena ematen dugun momentua. Baina, era berean, elkar begiratuta badakigu zer ari garen momentu horretan bizitzen edo zer den magia hori. Emanaldi batean jaso bezainbeste ematen dugu , edo eman bezainbeste jaso, eta hori kristoren gasolina da. Bestalde, dirua ere ematen digu oholtzara igotzeak.
‘Eskailerapekoa’ umorezko bakarrizketa emanaldia ikusteko hurrengo aukerak:
- Ekainak 10. Baiona
- Ekainak 13. Donamaria
- Uztailak 1. Altsasu
- Uztailak 9. Muxika
- Irailak 4. Eratsun
- Irailak 5. Aribe
Horrez gain, Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenak Eskailerapekoaren aurretik sortutako Ztandap emanaldia eskainiko dute Uztailaren 11n Abadiñon.
Eta zuek Bakean dagoena bakean utzi lehen emanaldia estreinatu zenutenetik zertan aldatu zarete?
I.T.: Bizitza bat pasa da eta hori ere islatu da ibilbide honetan. Jendaurrean egoteko segurtasunean aldatu gara eta gure burua aintzakotzat hartzean ere. Umoregile garela kontsideratzea ere izan da bide bat. Hazkunde pertsonal eta elkarrekiko bat egon da. Elkarrekin gaudenean batu baino biderkatu egiten gara eta jendeak hori eskertzen du.
M.M.: Laburbilduz, ahalduntzea izan da, eta sinistea oholtzan badugula leku bat eta gure hi-tzak baduela zilegitasuna jendea ados egon ala ez. Pertsonalki apustu bat izan zen, aurrez banuen beste lan bat baina argi nuen umorea egin nahi nuela jakin gabe zer gertatuko zen nire bizitzan. Bikote bezala, baina, aldatu ez dena da oraindik elkarrekin gauzak egin eta parteka-tzeko gogoa eta ilusioa dugula. Elkarrentzat sua gara.