Síguenos en redes sociales:

Musika

Garai baten sintesitzat

‘Izan zitekeen guztia’ diskoa argitaratu du Desgaraian taldeak. Lehendabizikoarekin alderatuz gero, “soilagoa” da, kantuaren oinarrira jotzeko ahalegina egin baitute, apaingarriak “neurriz” erabiliz

Garai baten sintesitzatScreenshot

Funtsean, gizarte mailako dinamikek eragin zuzena dute gugan, bai plano politikoan, bai pertsonalean, eta horrek hitz pertsonalagoetara zaramatza eta kantak, horrenbestez, horren isla izan daitezke; horregatik diot bizitzatik jaioa den lan bat dela, garai baten sintesi”, adierazi du Jon Gurrutxaga Desgaraian taldeko kideak Izan zitekeen guztia diskoa argitaratu berritan. Zortzi abestik osatutako lana da, eta, haren esanetan, horietako bakoitzak bere bidea egin du, “batasuna” lortu arren gerora. “Uste dut zaila dela disko kontzeptual bat sortzea hasieratik, hori egin ahal izateko horretara egon behar baita; niri ideia horrek berotzen ninduen, baina, errealista izanda, gure kasuan hain da dilatatua denboran egoera, gehiago uler daitekeela bizitza epoka baten laburpentzat”. 

2020an hasi ziren elkarrengana hurbiltzen Jon Gurrutxaga (ahotsa), Ekain Alzola (baxua eta koruak), Markel de Reparaz (gitarra), Xabi Agirrezabala (gitarra), Garikoitz Ortiz de Villalba (teklatua eta koruak) eta Peru Iparragirre (bateria), seikotea eratu zuten arte. 2023an argitaratu zuten lehendabiziko diskoa, Gauden aldian, eta haren jarraipena da honako hau. “Pandemia garaian sortutakoa da lehena; bigarrena, berriz, ondorenean, garai horrek utzitakoaren arrastotzat”.

Desgaraian en kontzertua, Zarauzko Hiruputzu Gaztetxean.

Erronka gainditua 

Irailean heldu zioten diskoa grabatzearen erronkari taldekideek, eta udazken-negura probestu dute horretarako. “Kontzertu bat eskaini ziguten Zarautzen (Gipuzkoa), eta hangoei komentatu nien erronka polita izan zitekeela guretako maiatzean kon-tzertu bat ematea, baina disko berriarekin. Lan pila bat zegoen eginda, baina sintetizatzea falta zen. Kalean dago jada; horrenbestez, nolabait esanda, funtzionatu du presio puntu horrek”. 

Jose Lastraren Tio Pepe estudioan aritu dira diskoa ontzeko lanean, Urdulizen (Bizkaia), eta segidan grabatu dute guztia; izan ere, taldekideak “deslokalizatuta” daude geografikoki, eta “kanpamendu nagusitzat” erabiliko zuten leku baten beharrean zeuden. “Zoragarria izan da bidea, eta gustura gelditu gara. Grabaketa prozesua aurrekoa baino atseginagoa izan da”. 

Erroaren bila 

Bigarren diskoa aurrekoaren “eboluzioa” dela dio Gurrutxagak; haren hitzetan, lehenengoan ondorenean zer egin nahi den eta zer ez ikasten da. “Lagun handi batek, musikaria bera ere, esate baterako, esan zidan diskoa entzun zuela, diskotzarra iruditu zitzaiola eta, aurrekoarekin alderatuz gero, baita soilagoa ere. Bada, uste dut oso ondo defini-tzen duela eginikoa: soilagoa da, baina ez arinagoa”. Azaldu duenez, hitzak, adibidez, “oso kargatuta” egoten dira sarritan egiten diren abestietan, “adjektibazioz eta abar”, eta hori pixka bat soilduz joan ohi da, errorantz egiteko. “Hau da: apaingarriak neurriz erabiltzeko eta kantuaren bila joateko ahalegina egin da disko honetan, bai hitzetan, bai musikagintzan, mezuaren bila joatekoa, ezpal horren bila, erdiko zuntzaren bila”. 

Portuak eta aingurak, Zauri zaharra, Enarak, Zer nekien, Mailu kolpeka, Kaixo ardizain, Etsia sartzen denerako eta Lokatz ura dira, hain zuzen, diskoan bildutako kantak, eta Gurrutxagarenak dira hitzak, bi izan ezik: Portuak eta Aingurak Aitor Bizkarra bertsolariaren Portuak eta aingurak: itsas-alegia laguntasunari bertso-sortan dago oinarritua; eta Kaixo ardizain, berriz, Benito Lertxundiren jatorrizkoaren bertsio bat da. “Disko honen sorrera mugarritzat hartuko nuke Portuak eta Aingurak. Bertso-sortek, askotan, ez dute inongo islarik edo jarraipenik izaten, eta horrek sekulako pena ematen zidan bertso horien kasuan, hain zegoen eder... Kanturako, nolabait, moldatu beharra sentitu nuen, eta Bizkarrari baimena eskatu ondoren, hala egin nuen”. Gurrutxagak uste baitu “gurearen gainean” errepikatzeko joera dagoela maiz, baina beharrezkoak direla kanpoko estimuluak: “Kanpo-iturriak, izan gertukoak edo urrutikoagoak”. 

“Esker hitzak ditugu ingurukoentzat, horrek ere egiten baikaitu. Barne-prozesuak inguruak emandakoak dira, gogoeta guztiak. Baita oraingo patxada ere: diskoa lasai hartzea, eta mimoz lantzea, frenesi handirik gabe”

Gurrutxaga

Feedbacka zuzenekoetan 

Musika plataformetara igota dituzte kantak taldekideek, baina feedback erreala zuzenekoetakoa dela dio Gurrutxagak. “Publiko fidela dugu, baina ez dakit zenbatekoa den. Irismen-ahalmena ere ez dakit zenbaterainokoa izaten den: plataformetara igotzen da lana, baina euskaraz kantatuz gero eta mainstream delakoan egon ezean, zaila izaten da erreakzioak jasotzea. Horregatik diot feedback errealena kontzertuetakoa izaten dela”. 

Zarautzen, Gasteizen eta Azpeitian (Gipuzkoa) eman dituzte kontzertuak gaur-gaurkoz, eta udazkenera arte ez dute besterik egingo, prin-tzipioz. “Beste bira bat egitea aurreikusten dugu orduan, eta ea antzokietara iristerik dugun. Seiok gara eta seiok goaz; talde bat gara, eta guztiok egon nahi dugu oholtzan elkarrekin”.