“Ez da intentzionala izan, suertatu den zerbait da; barrenetik atera da”
GERE musika taldeak bere lehenengo LPa aurkeztuko du Donostiako Kutxa Fundazioa klubean ekainaren 6an: ‘23.5556’
Duela 25 urte elkartu zen Iñaki Gereñu (Tolosa, Gipuzkoa, 1983) lagun batzuekin Peachy Joke taldea izango zena sortzeko, musika egiteko asmoarekin. Oraingoan proiektu pertsonalago batekin itzuli da: GERE musika taldearen 23.556 LPa aurkeztu berri du, Lander Zalakainekin batera. Gaur zortzi aurkeztuko dute proiektua, Donostiako Kutxa Fundazioa klubean.
GERE musika taldea sortu baino lehen rocka lantzen zenuen batez ere. Zergatik erabaki duzu musika generoz aldatzea?
Egia esan, nahiko naturala atera zait, aurreko taldean ere nik baxua sintetizadoreekin jotzen nuen. Jorratuko nuen estiloan pentsatu baino, apur bat jotzen nekizkien instrumentuekin jolasten hasi nintzen: gitarra, sintetizadoreak eta ahots prozesatua. Horrez gain, asko gustatzen zaidan estilo bat ikus-entzunezko pelikuletako soinu bandak dira: besteak beste, Blade Runner, Stranger Things, Tron edo Drive. Hor french toucha eta italo diskoaren zantzuak ikus daitezke, elektronika lasaia.
Nola jaio zen GERE proiektua?
Lau abesti nituen grabatzeko eta Hans Krügerri produktoreari egin nion proposamen; izan ere, Peachy Joke taldearen aurreko diskoak berarekin grabatu genituen Nafarroako Subiza herrian, Montreal Studiosen. Abesti horiek niretzako nahi nituen, inongo pretentsiorik gabe. Graba-tzen hasi nintzenean ez nuen pentsatzen ez kontzertuetan ezta musika taldean. Grabaketa prozesuan ikusi nuen bateriak ere pisu handia zuela, beraz bateria jole baten bila hasi nintzen eta zerrendan lehenengoa Lander Zalakain zen, Belako taldekidea, proiektuan ahokatzen zuelako, tolosarra delako eta musikaz bizi delako, horrela erraza baitzen konpromisoa har zezan.
Argitaratzen duzuen lehen LPa da ‘23.5556’. Mezu zehatzen bat zabaltzeko asmoa duzue?
Ez da intentzionala izan, suertatu den zerbait da, barrenetik atera dena. Lan asko egin dugu, musikaren xehetasunetan denbora asko inbertitu dugu. Mezu bat emango balu maitasuna zaintzea, ekar zaintza eta denbora zaintzea baina asmoa berez ez zen mezu bat ematea.
Neoi argiak, itzalak, abiadura eta haize hotza disko honen parte dira. Zer esango zenuke dela ezaugarri hauen bdiez helarazi nahi dituzuen sentimendu edo pentsamenduak?
Azkenean, oso musika zinematografikoa da. Abestiak entzuten ditudanean, kotxean gauez gidatzen nagoenean entzuteko oso disko aproposa dela iruditzen zait. Gero, ordea, badago dantzarako tartea; abesti asko zuzenerako ere prestatuta daude. Aipatutako pelikulen edo telesailen paisaia horietara eramaten gaitu musikak. Nahi gabe, musika estiloagatik, 80. hamarkadako soinuengatik agian, unibertso horietara eramaten gaitu musikak; Twin Peaks estiloko unibertsora.
Zergatik 23.556?
Azkenengo hamar urteetan familian galera asko izan ditugu: minbizia, ELA eta istripuak medio inguruko pertsona nahiko joan zaizkigu, eta, nahi gabe, diiskoan nahiko hitz egiten dugu doluaz, galeraz, malenkonia asko dago ere. Orduan, zenbaki hori da nire bizitzako pertsona oso garrantzitsu batek bizi izandako egun kopurua.
Proiektua erabat berria izan arren, ba ahal dago du zuen gainerako proiektu musikaletatik ekarri duzuen elementurik?
Elektronika egon arren, azpiko geruzetan ikusten da rocka dagoela eta rocketik gatozela. Batez ere, zuzenekoetan ikusiko da hori ere. Nahiz eta musika elektronikoa dantzagarria izan zuzenekoak ere rocketik asko edukiko du: gitarra, energia eta bateria gogor bat dago. Nik uste dut musikari guztioi gertatzen zaigula estilo bat jorratzen dugunean, hurrengo estiloa oso ezberdina izanda ere hasierako horrek eragiten duela; azken finean, entzuten dena edo egin dena hor dago; oharkabean influentziek bidea egiten laguntzen dizute.
LPa entzuteko une egokia kotxean gidatzerakoan dela esan duzu; hortaz, nola gozatu daiteke gehiago diskoaz, zuzenekoan edo bakarka entzunda?
Nire ustez diskoa erditik zatitu daiteke ikuspegi horretatik: erdia aproposak dira etxean entzuteko, eta beste erdia, aldiz, zuzenean entzuteko. Adibidez, denak ildo berdinetik doaz, baina lasaiagoak direnak edo letrak pisu gehiago hartzen duen horietan agian etxean entzuteko izan daitezke, nahiz eta zuzenerako ere prestatu ditugun. Beste batzuk, aldiz, elektronikoagoak dira, zuzenekorako dira, parrandan goizeko 02:00etan entzuteko egokiak.
LPa Donostiako Kutxa Fundazioa klubean aurkeztuko duzue, datorren larunbatean. Zergatik erabaki duzue bertan aurkeztea?
Hor jotzeko aukera suertatu zitzaigun, eta nik aurretiaz ere bertan jo izan dut. Gainera, oso aproposa iruditzen zait disko baten aurkezpena egiteko, batez ere gure proiektua aurkezteko; izan ere, guk gure argiztapena daramagu, laserrekin oso areto iluna delako, baina, era berean, gertukoa da eta soinu ona dauka.
Nola aurreikusten duzue emanaldia?
Lehenengo Saguxar taldeak joko du, eta estilo aldetik gurekin bat egiten du; beraz, gaua oso polita izango dela uste dut. Gainera, badakit sarrerak oso ondo saltzen ari direla, beraz, pozik. Gogotsu gaude, aretoa beteta egotea espero dut, baita jendeak gozatzea ere.