Síguenos en redes sociales:

MusikaAitor MorenoERROMINTXELAK TALDEA

“Mugak pasatzea gustatzen zaigu”

Erromintxelak taldeak ‘Nork erran eni’ lehen lan luzea kaleratu du. Aitor Morenok, taldeko kideak, prozesua kontatu du, tartean, zuzeneko bat balitz bezala grabatuta dagoela

“Mugak pasatzea gustatzen zaigu”Erromintxelak

Euskara eta erromania nahasten dituen mintzaira da erromintxela, eta hitz joko horretatik sortu dute Erromintxelak taldeko izena. Swinga, gipsy-a eta euskara oinarri, dantzatzeko gogoa pizten du Erromintxelak taldeak. Aitor Moreno kontrabaxu jotzailea da (Arrasate, Gipuzkoa, 1990). Gainerako kideak dira: Jon Garcia (ahotsa eta gitarra), Iñigo Zubizarreta (Manouche gitarra), Jokin Vitoria (washboard, bateria eta koroak) eta Andoni Aizpuru (saxo soprano). Nork erran eni du izena euren lehen singleak, eta izen bera eraman dute diskora. Olerkietatik abiatzen dira, besteak beste, Jon Mirandaren eta Martin Bidaurreren hitzetatik. Horrez gain, Irati Bilbaorekin eta Leire Etxezarretarekin kolaboratu dute. Lehen lan luzea da, eta zortzi kantez osatu dute: Nork erran eni, Ituntasun, Oies errondan dabil, Erabaki, Gehienetan urrun, Zapping zalearena, Heriotzaren andere eta Esperoan. Aurkezpen bira egiten ari dira, eta datorren asteazkenean, otsailak 18, Donostiako Kutxa Kultur Kluban izanen dira.

Zer moduz sentitzen zarete diskoa argitaratuta? 

Egia esan oso pozik. Atera genituen disko guztiak saldu dira, eta beste tirada bat eskatu dugu. Sareetan bistaratze pila bat izan ditu. Ez genuen espero, baina oso harrera ona izan du. Poliki-poliki kontzertuak atera-tzen dira. Ezin gara kexatu.

Zuen lehen lan luzea da; nola sentitu zarete bidean? 

Hasieran swing eta gipsy estiloak jotzen genituen estandarrekin, baina ez geneukan ezer. Orduan, euskara ardatz hartuta eta swinga eta gipsy-a fusionatzen, kantu propioak sortzen hasi ginen. Pare bat abesti egitea pentsatu genuen, behintzat gure burua aurkezteko. Hortik sortu zen lehenengo single txikia. Lehen irratietarako atera-tzen zen bezala, alde bakoitzean abesti bana zuen. Hortik konposizio gehiago atera ziren. Hiriko Soinuak lehiaketan euskarazko artista onenaren saria irabazi genuen. Barakaldoko [Bizkaia] lehiaketa bat da. Horrek aukera eman zigun konposizio guztiak grabatzeko. Hortik sortu zen Nork erren eni.

"Aitzindariak izan gara swinga, ‘gipsy’-a eta euskara elkartzen. Ez dago inor hori egiten duenik”

Aitor Moreno . Musikaria

Nondik dator titulua?

Lehenengo abestitik. Jon Miranderen poesia batena da letra. Nork erran eni deitzen da poesia hori. Azkenean, gu gehien irudikatzen gaituen abestia da, lehena delako. Gure bidea markatu zuen abestia da. Galdera zabal bat da, eta zer pentsatua ematen du.

Kolaborazio asko egin dituzue. Garrantzitsua iruditzen zaizue sare-tzea?

Bai, azkenean ahotsarekin beste kolore edo kapa bat eman nahi genion. Ikusi genuen gizon larregi geundela, eta emakume bat falta zela. Emakume baten ahotsak dena leuntzen du, eta politago jartzen du. Uste dut falta hori sumatzen genuelako sartu ditugula lagun batzuen kolaborazioak.

Zaila da ala ez-gizonak topatzea musika estilo hauetan?

Guk aspaldi elkar ezagutzen dugu. Ezagutzen ditut neska asko gurekin ikasi dutenak, baina ez dira gure inguruan bizi. Arrazoia batez ere geografikoa izan da. Swing estiloan topiko bat da denak mutilak izatea eta abeslaria neska. Guk ez genuen topiko horretan erori nahi. Orduan, horrela izan da. Naturalki elkartu gara.

Zer sortzen da swinga, ‘gipsy’-a eta euskara elkartzen direnean?

Erromintxela sortzen da. Konturatu gara aitzindariak izan garela swinga, gipsy-a eta euskara elkar-tzen. Ez dago inor hori egiten duenik. Gipsy-a eta swinga bai, baina euskaraz ez. Beti ingelesez izaten da. Hortik aldendu, bakoitzetik apur bat hartu, eta gure saltsa egin dugu. Euskarari eta euskal kulturari gure harri koskorra jarri nahi genion. Euskaldunak garenez euskara sustatu eta bermatu nahi genuen.

Hizkuntzarekiko kanpo erresiten-tziarik egon da?

Ez, ate asko zabaltzen dizkigu Euskal Herrian. Egia da kanpora ateratzeko zailtasun handiak daudela. Oraindik ez dugu birarik egin Euskal Herritik kanpoko zirkuituetan. Ez daude aukera gehiegirik. Agian egunen baten, Boiseko jaialdian joko dugu, kar-kar-kar.

Eta barne zalantzarik?

Ez, guri mugak pasatzea gustatzen zaigu. Orduan, berdin zaigu puristei ez bazaie gustatzen. Norbaitek pentsatuko du horrelako zerbait, baina guri ez zaigu horrelakorik iritsi.

Aitor Moreno Erromintxelak taldeko kidea.

Lagunak zineten, baina nola elkartu zineten taldea sortzeko? 

Duela urte askotatik ezagutzen dugu elkar. Arrasatekoak gara Iñigo, Jon, Jokin eta laurok. Beste proiektu batzuetan ibili gara elkarrekin jotzen. Beti bide berdinean ibili gara eta laurok kontserbatorioan ikasi dugu. Egun batean Jonek bidai bat egin zuen New Orleansera eta, hor instrumentuak aukeratu, eta hasi ginen pentsatzen zein forma izanen zuen gure etorkizuneko taldeak.

Zuk kontrabaxua hartu zenuen. Beste istrumenturik jotzeko aukerarik izango bazenu, zein izango litzateke?

Baxua [Barrezka]. Askoz gusturago joko nuke instrumentu horrek bostehun urte eta piko dituelako, eta ez delako erraza jotzea. Kontzertua amaitzen denean atzamarretan izugarrizko mina izaten dut. Sufritzen ditut. Esaten diet gitarristei ez egiteko solorik, oso gaizki amaitzen dudalako. Baxuarekin erraztasuna dago, laurogei urte dituelako. Aldaketa hori egingo nuke, baina badakit musika hori ezin dela baxu moderno batekin jo.  

Zeren arabera aukeratu dituzue instrumentuak? 

New Orleansera joan zenean ikusi zuen jendeak elektrizitate gabe jo-tzen zuela eta zuzenean kalean eta tabernan jotzen zutela. Izugarrizko giroa sortzen zen. Leku txiki horietan pentsatuta egin genuen instrumentuen aukeraketa. Hasieran, gipsy-a egiten genuen gehiago eta ez zegoen bateriarik. Jokin sartu zenean swing kutsua sartu zuen. Musika mota hori bateriarik gabe jotzen da, baina guk perkusio falta geneukan. Poliki-poliki intstrumentuak aldatzen joan gara.

Zein leku dauka musika estilo honek Euskal Herrian?

Deskubritzen ari gara. Orain arte ez denez inor egon horrelakorik egin duenik, gure lekua egiten ari gara. Oraingoz, leku polit bat daukagu, eta joanen gara handiagoa egiten.

"Gure instrumentuekin, jotzeko moduarekin eta euskararekin hizkuntza apurtu moduko bat sortu dugu”

Aitor Moreno . Musikaria

Jendeak swinga eta ‘gipsy’-a desberdintzen ditu?

Segun nori galdetzen diozun. Garaiaren arabera asko aldatzen da. Hogeita hamar eta berrogei urte artekoek bai, baina hamar eta hogeita hamar urte artean daudenek ez. Gure lana eta helburua ere bada gazteetara iristea.

Kostatzen da?

Egia esan, bai. Publiko orokorra hogeita hamarretik gora da.

‘Gipsy’-ak eta erromintxelak lotura zuzena daukate komunitate ijitoarekin. Zein da zuen harremana komunitatearekin?

Argi eta garbi utzi nahi dugu ez garela ijitoak. Izena hitz joko batetik dator. Erromintxela romanieraren eta euskararen arteko hizkun-tza apurtu bat da. Gure instrumentuekin, jotzeko moduarekin eta euskararekin hizkuntza apurtu moduko bat sortu dugu. Orduan, zer hobeto, Erromintxelak deitzea baino? Hizkuntza galdu bat da, hitz joko bat eta zentzu asko ditu. 

Zuen musika estiloan zer-nolako pisua daukate melodiak eta letrak?

Azkenean denak dauka garrantzia. Gure abiapuntua oraingoz olerkiak izan dira. Sortzen ari garen beste lanetan ikusiko da. Musika eta letra bidelagunak dira.

Zeren arabera aukeratu dituzue olerkiak?

Poesia liburuak hartu, irakurri, eta musikaltasuna bilatzen diegu poema horiei. Ikerketa lan sakon bat dago aurretik. Bidali nahi dugun mezuari ere garrantzi handia ematen diogu.

Zuzeneko bat balitz bezala grabatu duzue. Zergatik?

Naturaltasunez grabatu nahi genuen eta ahalik eta trapa gutxien egin. Akatsak egon edo ez, entzuleak zuzenekoan bezala entzutea nahi genuen. Ahotsa gero grabatu dugu.

Nola neurtzen duzue autoexigentzia?

Izugarrizko lana dago. Entsegu gutxi egiten digu, baina dena oso landuta eramaten dugu. Orduan, entsegu batera heldu baino lehen, lan handia dago papera eta boligrafoarekin. Bueno, orain, dena ordenagailuan egiten da. Partitura guztiak idatzita egoten dira, moldaketak eginda. Swing edo gispsy-a egin arren, gure helburua abestiak egitea da. Hortaz, ezin diogu leku asko utzi inprobisazioari, bestela jam session bat bihurtu daiteke. Bakoi-tzak bere bizitza dauka eta eraginkorrak izan behar gara lan egiterako orduan.