Síguenos en redes sociales:

AntzerkiaAINHOA ETXEBARRIA eta UGAITZ ALEGRIA‘TONGOLA’ ANTZEZLANA

“Jai giroa antzokietara gerturatu nahi izan dugu”

Antzokia tonbola bihurtzen duen ‘Tongola’ obra sortu dute Ugaitz Alegria eta Ainhoa Etxebarria aktoreek, eta gaur Mungian eskainiko dute. Bakarrizketak dira emanaldiaren ardatza, baina obra oso antzeztua da, jai giroa antzokietara eramatea bilatzen duena

“Jai giroa antzokietara gerturatu nahi izan dugu”Tongola

Tonbola bat antzokiaren erdian, purpurina, dantza, jolasak eta bakarrizketak. Tongola ez da ohiko ikuskizuna: bi aktoreren alter egoek gidatutako jaialdi xelebre eta ironikoa da, antzerkia, umorea eta jolas kolektiboen bidez publikoarekiko konplizitatea uztartzen dituena. Ugaitz Alegria eta Ainhoa Etxebarria dira tonbola antolatzaileak, eta ogibide artistiko horren gorabeherak tonbola baten logikatik kontatzeko euren alter egoak jartzen dituzte martxan. Ikus-entzulea ere, ez da lekuko hutsa: ikuskizunaren parte da, konplize.

Zer da ‘Tongola’?

Ainhoa Etxebarria: Izenak berak dioen moduan, guk antolatutako tonbola bat da. Eta, arrakasta handirik izan ez duten bi aktore garela irudikatzen dugu bertan. Ondorioz, tonbola bat muntatzea erabakitzen dugu, nahiz eta eskaini ditzakegun sariak urriak diren. 

Ugaitz Alegria: Bai, aktoreon bizimodu aldrebes eta gorabeheratsu honetan gure ogibideari beste adar bat gehiago eskaintzea erabakitzen dugu, tonbola antolatzaileena, zehatz esateko. Hala, Tongola ikuskizun bat da, non bakarrizketek pisu handia duten, baina horiez gain badaude dantzak, jolasak, kantuak eta gure arteko elkarrizketak ere. Bakarrizketak dira ardatza, baina e z da hori bakarrik, harago doa.

A.E.: Lan honekin barrakak edo jai-giroa antzokietara gerturatu nahi izan ditugu. “Nahi dut eta ezin dut” kutsua dauka.

Nola jaio zen proiektua?

A.E.: Euskalduna Jauregiaren enkargu bat izan zen, hasieran. Aste Nagusirako euskarazko pieza bat nahi zuten, bakarrizketa moduko zerbait. Hortik abiatu zen dena, eta lehen aldiz Bilboko Aste Nagusian euskaraz an-tzeztutako obra izan zen. Ze, urtero-urtero egoten da antzerkia Aste Nagusian, baina egia da euskaraz ez zela sekula egon.

U.A.: Beraz, euskarari bere garrantzia emateko asmoz iritsi zitzaigun proposamena, euskara hutsezko ikuskizuna nahi zutelako. Euskararen enbaxadore modura, ea prest geunden galdetu ziguten, eta hortik aurrera, proiektu osoa guk sortu genuen. Gainera, izenburutik abiatu genuen proiektua.

A.E.: Bai, ze, Euskalduna Jauregikoek bakarrizketak nahi zituzten, baina niri bakarrizketak bakarrik egitea hotza iruditzen zi-tzaidan. Eta, aktore garen heinean, eta drama gustatzen zaigun heinean, ildo nagusi bat sortzea erabaki genuen, hori egokiena zelakoan, publikoa ere ikuskizunaren parte izateko. Hortik abiatu genuen ideia, eta euskarazko tonbola bat sor-tzea erabaki genuen. Horren aitzakiarekin, ikus-entzulea barruan sartzen dugu, eta bitartean gure bakarrizketak kontatzen ditugu, gure tonbola antolatzaile lanaz berba egiteko espazioak hartuz.

U.A.: Bai, eta, ondorioz, lau bakarrizketaz osatutako ikuskizuna da. Horien artean, jolasak daude, elkarrizketak, etab, baina bakoitzak bina bakarrizketa ditugu. Lehenengo biak pixka bat luzeagoak dira, eta azken biak laburragoak.

"Esan genezake, bakarrizketak oinarri dituen obra dela, baina hortik harago eskaintzen duena”

UGAITZ ALEGRIA . Aktorea

Fikzioa eta errealitatea nahasten dira obran? Zuek ere aktoreak zaretelako, Tongolako protagonisten moduan, baina ez tonbola antolatzaileak. 

U.A.: Hasieran azaltzen dugu zergatik gauden tonbolan. Aktore izateaz gain, askotan beste lan asko ere egiten ditugulako: aurkezle, ipuin-kontalari, esatari… Horren guztiaren aurrean, tonbola bat zabaltzea erabakitzen dugu obran. Izan ere, gorabeheratsua da gure ogibide hau, eta ikuskizunean Ainhoa eta Ugaitz izaten jarraitzen dugun arren, gure alter egoekin jolasten dugu.

A.E.: Alter ego hori oso presente dago. Jende askok pentsatu du kontatzen duguna guztiz benetakoa dela, baina fikzioa da. Egia da gure izenak erabiltzen ditugula, baina obra ez da autobiografikoa. Hala ere, esan behar da, Ugaitzen bakarrizketan badaudela egi puntu ba-tzuk, bere haurtzarokoak, eta horiekin jolasten dugu.

U.A.: Herriko kontuez edo herri inguruko gorabeherez ere hitz egiten dugu, eta horiek oso ondo funtziona-tzen dute, jendeak bere burua islatuta ikusten duelako.

Ikus-entzuleekin konplizitatea bila-tzen duzue, era desberdinetan, ezta?

A.E.: Koreografia, showa, purpurina… denetarik dago.

U.A.: Hasieran ez genekien publikoak nola erantzungo zuen. Izan ere, euskadunen mitoa da publiko hitza dela, parte hartzen ez duena, baina guk kontrakoa ikusi dugu: hasiera-hasieratik sartzen dira jokoan, parte hartzeko gogoz. Gainera, guk hasieratik jartzen dugu dantzan. Oso-oso ondo eta hasiera-hasieratik murgiltzen da jendea.

A.E.: Gainera adin guztietako jendea etorri da ikuskizunera, eta denek oso ondo erantzun dute. Gazte zein nagusi, denek dantzan amaitzen dute.

U.A.: Horretarako, tonbola baten moduan, jolas desberdinak proposa-tzen ditugu, eta boluntarioak behar izaten ditugu. Eta, uste baino askoz errazagoa izan da jendea hurreratzea. Gainera, gure istoriora ekarri ditugu kantuk, eta guk asmatutako letrak ere sortu ditugu; berez kantuak oso ezagunak dira. Antzezlanak nabarmenkeria asko dauka, bai jantzi aldetik, bai elementu aldetik. Beraz, bakarrizketak oinarri dituen obra da, baina hortik harago eskaintzen duena. 

Bilboko Aste Nagusirako espreski euskaraz egindako sorkuntza izan zen ‘Tongola’ jatorrian. TONGOLA

U.A.: Ez gaude ohituta bakarrizketak eskaintzera bere horretan, baina hau ere ez da stand-up comedy formatua. Egia da bakarrizketak direla ildo nagusia, baina ez dauka forma hori. An-tzezlanetik gertuago dagoen obra da.

A.E.: Bai, dena drama bihurtuta dago, hari dramatiko bat dago, trama bat. Karakterizatuta gaude, jantzi oso markatuekin, eta guztia oso teatralizatuta dago. Komedian asko ibili gara, drama ere egokitu zaigu, eta bietan moldatzen gara ondo.

Sortze prozesua zelakoa izan da? Izan ere, zuek aritu zarete gidoia idazten, promozio lanean, kantuak sortzen…

A.E.: Lan handia suposatu du, eta denbora gutxian egin behar izan dugu dena. Askotan esaten dugu “aitaren batean” sortu dugula. Gonbidapena jaso, eta bat-batean prentsaurrekoan geunden, lan berri hau aurkezten, ia-ia idatzi barik zegoena. 

U.A.: Bi hilabeteko kontua izan zen guztia. Oso erritmo bizian lan egin genuen. Hasieran, nahiko estututa geunden, proposamenetik prentsaurrekora bitartean, kudeaketa aldetik, lan asko izan genuelako: sinopsia, kartela… Eta ez genekien zer egin (barreak). Baina, azkenean dena ondo joan da. 

A.E.: Bai, eta pozik gaude jendea pozik dagoelako. Zerbait polita egin dugula uste dugu, eta emanaldiak ere atera-tzen ari dira. Gehiago egiteko asmoaz gaude, behintzat.

"Lagunak izateaz gain, aktore modura elkar ezagutzeak ere asko lagundu digu, eta oso ondo moldatu gara”

⁠AINHOA ETXEBARRIA . Aktorea

Zuek ondarroarrak eta lagunak zarete, eta laguntasun horrek lagunduko du horrelako proiektu bat sortzen.

U.A.: Zentzu horretan, bai sorkun-tzan, bai kudeaketan, asko lagundu digu, elkartzeko eta lan egiteko. Emanaldian ere oso ondo pasatzen dugu, gozatu egiten dugu, eta hori islatu egiten da.

A.E.: Lagunak izateaz gain, aktore modura elkar ezagutzeak ere asko lagundu digu, eta oso ondo moldatu gara. Entseatzeko orduan, edo horrelako prozesu bat horren arin egin behar duzunean, dena da errazagoa elkar ezagututa. Elkar ulertze bat egon da, eta hori ederra da.

U.A.: Bai, ze bakoitzak bere proiektu propioak ere baditu. Ainhoa Hil da jainkosa antzezlana erakusten ari da, ni Destiny driver… eta elkar ezagu-tzeak lagundu digu. Hala ere, esan behar da, zoritxarrez edo zorionez, proiektu hau aurkeztu zigutenean denbora libre gehiago geneukala, eta honi kolpe egin ahal izan geniola. Beste proiektu batzuekin ere genbiltzan, baina ez beste urte sasoi batzuetan izaten dugun lan kopuruarekin. Udan beti dena lasaiago egoten da.

Jendearen lehen erantzuna oso ona izan zen, Aste Nagusian sarrera guztiak saldu baitzenituzten.

U.A.: Bai, Bilbokoak lau emanaldi izan ziren, eta oso ondo funtzionatu zuen. Sarrerak agortu egin ziren eta antolakuntzakoak ere pozik geratu ziren. Ordutik, emanaldia ez dugu askotan eskaini, hasieran Bilbon eskaintzeko obra besterik ez zelako, eta gero erabaki dugulako zabaltzea. Orain, Ttipia deitzen den taldeagaz ari gara lanean, beraiek ari dira zabalpen lana egiten.

A.E.: Izan ere, asmoa da aurtengorako eta hurrengo urterako emanaldiak lotzea. Beraz, herritarrak gonbidatzen ditugu gure ikuskizunera, ondo pasa-tzeko aukera delako. Zelebrekeria dezente dituen ikuskizuna da, eta publiko anitzarentzat egindakoa. Izan ditugun ikuskizunetan publikoa ani-tza izan da eta ondo funtzionatu du.