Síguenos en redes sociales:

Soinutopia

Musika gudan

Droneen burrunbatik, Leningradeko sinfoniara: melodiak erresistentzia gisa

Musika gudanAl Jazeera

Gazako genozidioaren zaratarik behinena, drone israeldarren etenik gabeko soinua, ia ezinezkoa da isiltzea. Baina, Mohandal Asram, Edward Said Kontserbatorioko musika-irakasleak, zarata hori baliabide pedagogiko bihurtu du: “Okupazioaren hegazkinen soinua gu nahasten saiatzen da, baina guk haien soinua baliatzen dugu Gazako haurrei musika irakasteko”, dio. Klasean, irribarretsu, baino serio umeei esaten die: “Itxaron, parekatu dronearen soinua; itxaron tonu aldaketa etor dadin gu ere aldatzeko... dronearen tonu berdina da, ezta?”. Haurrak, askotan, kexu dira. Esaten diote: “Nekatuta gaude soinu gogaikarri honekin”. Eta, Asramek erantzuten die: “Ez, abestu egin behar dugu horrekin”. Hala, umeek beraiek azaldu dute esperientzia nola bizi duten: “Abesten dudanean, hegan egiten ari naizela senti-tzen dut” edo “musikak itxaropena ematen dit eta nire beldurra arintzen du”, dira aipuetako batzuk. Horrela, aireko mehatxua irakaskun-tza eta biziraupen bihurtzen da, ahotsa burrunbaren kontra altxatuz.

Ez dut inondik inora nahastu nahi Gazan gertatzen ari dena beste inongo egoerarekin. Han gertatzen ari dena ez da gerra bat, hangoa genozidioa eta okupazioa da, eta horrela izendatu behar dugu. Musikak gerra eta gatazketan izan duen papera aztertzerakoan, Gazakoa aparteko kasu gisa utzi behar da, bere izaera eta ondorioak guztiz bereziak direlako. Hala ere, Asramek egoerari zelan aurre egin dion aztertzeak, historian zehar aurki daitezkeen beste egoera batzuk ekartzeko aukera bikaina ematen digu; musika gatazka, setio edo zapalkuntza testuinguruetan nola erabili izan den ulertzeko.

Sarajeboko txelista, hondakin artean.

Izan ere, antzinako Txinan danbor eta gong handiak erabiltzen ziren armadak koordinatzeko; Otomandar inperioan, berriz, mehter bandek (historian erregistratutako gudu banda antzinakoenak) beldurra eragiten zuten beren soinua entzuten zutenengan; eta Afrikako griot tradizioetan (juglarren antzerakoak) musikariak gatazken erdian bitartekari izan dira, bakea eta oroimena kantuen bidez mantenduz. Gerran edo okupazio egoeretan musika ez da sekula soilik entretenimendua izan; askotan, morala altxatzeko, etsaiari aurre egiteko eta komunitate baten identitatea berresteko tresna bihurtu da. Testuinguru horretan kokatuko ditugu hurrengo orrialdeetan aztertuko ditugun kasu esanguratsuak, historian eta memorian toki berezia hartu dutenak.

Amorrua soinuaraziz

Ameriketako Gerra Zibilean, unionisten eta konfederatuen armadek sarritan kantu berdinak jotzen omen zituzten frontearen bi aldeetan. Batzuetan, gauean, alde bateko banda abesten hasten zen eta beste aldeak erantzuten zion, une batez armak isilaraziz. Esaerak dioen bezala, musikak animaliak lasaitu zituen eta soldaduei etorkizun zitalaren kondena aldebietakoa zela gogorarazi zien, nahiz eta hurrengo egunean berriz odola isuri. Historialariek ziotenez, une horiek izan ziren gizatasunari eusten lagundu zieten oroitzapen gutxienetakoak, istorioak guda erromantiza-tzen lagundu dezakeen arren.

1941ean, nazien okupazioko Stalag VIII-A presoen kanpamentuan, Olivier Messiaen frantziar konpositoreak 'Quatuor pour la fin du Temps' konposatu eta argitara eman zuen, beste preso musikariekin batera joz. Hotz handia egiten zuen neguan, tresna kaskarrak baino ez zituzten eta preso gutxi batzuen aurrean estreinatu zen, baina obra hura garaiko musika adierazgarrienetakoa bihurtu zen. Denboraren amaiera izenburua ez zen soilik fededun apokaliptikoentzako mezua; preso guztientzat izan zen: gure sufrimendua ez da betirakoa. Rebecca Rischinen ikerketen testigantzaren arabera, entzuleak negarrez atera ziren; minduta, baina itxaropen txinparta batekin.

Mehter guda banda “beldurgarrien” zenbait instrumentu.

Duintasuna soilik adieraz daitekeenean

Bigarren Mundu Gerraren erdian, Leningradeko setioak 900 egun iraun zuen, eta gosea, hotza eta bonbardaketak izan ziren eguneroko errealitatea. 1942ko abuztuan, ordea, Dimitri Shostakóvichen 7. sinfonia hirian bertan jo zen, soldadu sovietar eta biztanle ahulduentzat. Kontzertuaren soinua bozgorailuetan entzuten zen, alemaniar tropen lerroetaraino irits zedin. Horrela nahi zuten komunistek hiria bizirik zegoelaren itxura egin: “Sinfonia ez zen soilik musika, hiri oso baten erresistentziaren adierazpena baizik”. Adituek esaten dutenez, Hitlerrek gau horretan bertan zeukan antolatuta erasoa; beraz, geratzen ziren musikari bakanei ensaiatzeko bazkari gehiago ematea, erresistentziarako baliagarria izan zen.

Mende erdi beranduago, 1425 egunez serbobosnioak Sarajevoko hiria itxita mantendu zutenean, ogi bila zebiltzaten 22 zibil hil ziren bonbardaketa baten ondoren, eta Vedran Smailović txelistak Albinoniren 'Adagio in G minor' jotzera irtetea erabaki zuen. Leherketaren kraterrean (frankotiratzaileen supean) 22 egunez jarraian, sarraskia gertatu zen ordu berean. “Txeloarekin negar egiten zuen”, gogoratu dute lekukoek. Hondatutako eraikinen artean eserita, baina traje beltza soinean, kontzertu-areto batean balego bezala. Nahita egindako eszenaratze horrek eszenatoki sinboliko bihurtzen zuen eguneroko indarkeria. Noski, haren interpretazioek ez zuten gerra eten, baina horiek erakusten dute musika ez dela inoiz neutrala izan: askotan boterearen eta herriaren arteko borroka islatzen du.