Apirilaren 19an aurkeztu zuen Ai-tzindariak elkarteak Aitzina Biga dantza ikuskizuna, Maule-Lextarreko Jai Alain. Ordutik, Biarritzen ere izan dira eta maiatz amaieran hegoaldean jarraituko dute bira, Arrasaten eta Iruñean, hain zuzen. Dantza tradizionala, kantua, bertsolaritza eta antzerkia nahasten dituen emanaldiaz gozatzeko azken aukera Atharra-tze-Sorholüzen izango da, uztailaren 12an.

Zuberoako hamabost herritako dantza elkarteak federatzen ditu Aitzindariak elkarteak, eta diagnostiko baten ondotik ondorioztatu zuten harremanak estutzeko ikuskizun kolektibo bat sortzeko beharra zutela. Dan-tza eskoletan dinamika atxiki eta sarea indar-tzea bilatu dute ikuskizunarekin, bai Zuberoako herrien artean bai hegoaldeko zenbait dan-tza talderen artean ere. Hala, Arrasateko eta Iruñeko dantza taldeekin harremanak sendo-tzeko balio izan diela azpimarratu du Jean Bordaxar kideak eta “egiazki pozik” direla aitortu du. Hizkuntzaren indarra atxikitzea eta bultzatzea ere izan da sorkuntza prozesuaren xedea, elkartearena berarena den heinean.

Adiskidetasunaren indarra

Lan kolektibo izugarriaren emaitza ikuskizun benetan handia da: 52 dantzarik, 29 kantarik, 9 aktorek, 2 bertsolarik eta 15 musikarik hartzen dute parte bi orduko emanaldian. Umorez eta kritikaz zipriztindutako obrak diziplina horiek guztiak uztartzen ditu tradizioaren transmisioa eta elkarretaratzearen indarra irudika-tzeko, hiru ataletan banatuta. “Ikusgarri honekin erakusten dugu Zuberoako indarra, gazteen indarra, gehienik”, adierazi du Bordaxarrek.

Lehendabiziko atalean, xiberotar dantzaren izaerari loturik, herrien arteko desafioa erakusten dute dantzariek, antzezleek eta musikariek. “Zuberoako kritika egiten dugu irri egiteko maneran, gure arteko harremanak nola diren, gazteen eta zaharren artean…”, zehaztu du Jean Bordaxarrek. Azpiko irakurketa batean, munduko erresumen arteko lehiari ere egiten diote erreferentzia.

107 partaide biltzen ditu ‘Aitzina Biga’ emanaldiak. Aitzindariak elkartea

Bigarren atala ardazten duen gaia transmisioa da. Dantzaren, antzerkiaren eta kantuaren bidez eta ukitu umoristikoz, Zuberoako dantzaren transmisioak izan dituen gorabeherak agertzen dituzte: “Leheneko maisuak, dantza irakasle zaharrak… nola pasatu diren gure herrietan mendeetan”. Azken atalak ikusgarri osoaren laburpen eta ondorio-ekartze gisa balio du. Dantzari guztiak elkartzen dira taula gainean, 52, orotara. Era horretan, elkartasuna eta elkarretaratzea irudikatu nahi dituzte, bai Zuberoako herrien artean bai hegoaldeko herriekin. 

Orotara, bi orduko emanaldia da, baina, taldekidearen hitzetan, konturatu gabe igaro-tzen dira: “Hegoaldean ez dira usatuak bi ordu egotera, baina behingoz pentsatzen dut balio dela bi ordu ikustea, ez dituzte ikusiko pasa-tzen”. Hain da handia ikuskizuna, hainbeste parte-hartzaile ditu eta hainbeste gauza gertatzen dira etengabe, ezen oharkabean igaro-tzen baitira minutu guztiak.

Iragana gaur

Aitzindariak elkartea 1990ean sortu zen, Zuberoako dantza taldeen elkargune gisa. Euskal kulturaren iraunaraztearen eta sustatzearen alde egiten du, bereziki Xiberoko kantu, musika eta dantza tradizionalean. Euskara sustatzea ere bada elkartearen xedeetako bat; jarduera guztietan erabiltzen dute kideek.

Sortu zenetik, helburu horiek betetzeko askotariko lanak egin dituzte elkartean, tartean, inguruko dantzekin hainbat disko kaleratzea. 2007an lehen ikuskizuna aurkeztu zuten, Ai-tzina Pika, eta haren formatu antzekoa jarraitu dute Aitzina Biga lanean ere. Orduko hartan, 63 dantzari, 10 kantari, 10 musikari eta 100 jantzi baliatu zituzten Zuberoako dantzarekin ikuspegi kritikoa erakutsi eta garai bateko dantza oroitarazteko.

107 partaide biltzen ditu ‘Aitzina Biga’ emanaldiak. Aitzindariak elkartea

2007an ez zuten Iruñera joateko betarik izan, bertako testuingurua egungoaren ez bezalakoa baitzen. Aurten, ordea, Ortzadar Euskal Folklore Elkarteko kideekin afalduko dute emankizunaren bueltan, eta gogotsu daude “benetako harreman bat” sortu nahi dutelako. Iruñekoaren ondotik, Atharratzekoa izango da azken emanaldia. Orotara, bost saio egitea aurreikusten zuten eta ez dute gehiago egiterik espero, jende asko mugitu behar dutelako saio bakoitzean. Hala, lehen emanaldietako aho zapore gozoa oraindik ezpainetan, publikoa hunkitzen eta harreman sarea ehun-tzen jarraituko dute uztailera bitarte.