Loraldiko kideek etorkizunaz idazteko eskatu zioten Danele Sarriugarte idazleari (Elgoibar, Gipuzkoa, 1989). Hortik abiatuta, utopiei, harremanei, doluei eta besteri heldu die Popperra, afterra, utopia emanaldiaren bidez. Miren Narbaiza musikariaren erritmoez lagunduta, bidaia bat irudikatzen dutela azaldu du Sarriugartek. Gaur, ekainaren 22an, 12:30ean, Bilboko Sarean Kulturgunean taularatuko dute Zinegoak jaialdiaren barruan.

Etorkizunaren inguruan idazteko eskatu zizuten. Nola hartu zenuen?

Etorkizunari buruzko planteamendu pertsonala izatea nahi nuen, baina aldi berean, testuinguru zabal batean kokatu. Hau da, ez nuen bakarrik nire ikuspegia islatu nahi, bazik eta, ni parte sentitzen naizen kolektibo handi baten ikuspegia. Hori eskaini zidatenean ez nengoen etorkizunarekin konektatuta dolu prozesu batean nengoelako; orduan, nolabait, hori islatu nahi nuen ere. Ziklo bat da: galerak daude, eta galera horretatik osatzen joaten zara, nahiz eta zauri horrek zurekin jarraitzen duen.

Hortik heldu diezu harremanei?

Bizitzako gauza pilo bat bezala, harremanak hasi, eta bukatu egiten dira askotan. Orduan, bukaera bat eta hasiera ba-tzuk kontatu nahi nituen. Nire lekua egin nahi nion hausturari. Islatu nahi nuen, agian, gertuko pertsona batekin dugun harremana eten egiten dela, horrek mina eragiten duela, baina prozesu bat eginda aurrera ere egin dezakegula. Harremanak gure egunerokoaren oinarriak dira, eta besteei babesa emateko eta besteen babesa jasotzeko beharra daukagu. Etorkizun bat irudikatu nahi nuen besteen ondoan.

Erronka handia izan da jende askok idatzi duen gai baten bueltan ari-tzea?

Oso polita izan da gonbidapena eta bertigo puntu bat ere sentitu dut. Ez horrenbeste aurretik idatzi dutenengatik, baizik eta aurreko urteetan asko idatzi gabe egon nintzelako. Justu berriz idazten ari nintzenean harrapatu ninduenez, ez nengoen guztiz finkatuta ahots berri horretan. Atzetik etorri zirenek, pisua baino gehiago, miresmena eta errespetua eragin zizkidaten. 

Nola da idazteari utzi eta berriz hartzea?

Nik uste niretzat beharrezkoa izan dela. Leku batzuetatik idatzi izan dut, eta horrekin oso gustura nengoen momentu horretan, horiek zirelako nire lekuak. Baina nik uste bizitza etengabeko mugimendua dela eta idazketa ere. Beste leku batzuetatik idazten hasteko bide bat egin behar da, eta horretarako denbora behar da. Ez dira egun batetik besterako aldaketak, baizik eta egunerokoak. Agian, hori da gogoan izan behar dudana hurrengo krisia dudanerako, kar-kar-kar.

Etorkizunari utopietatik heldu diozu; utopia zehatz bat baino askotariko aukera bizigarriak eskaintzea da xedea?

Hori da. Utopien kasuan aipatu behar dut Zirriborroak eta gero liburua erreferente bat izan dela. Beste idazle ba-tzuekin batera egindako sormen espazio batetik sortu zen. Nire kasuan, arrakasta lortzen zuen alternatiba ekosozial baten inguruan idatzi behar nuen. Gero, José Esteban Muñoz pentsalariaren Queertopia liburua ezagutu nuen. Erreferente gehiago izan ditut, baina horiek izan dira abiapuntua. Nire asmoa ez zen utopia zehatz bat irudikatzea, baizik eta etorkizuna irudikatzen jarraitzeko indarrari eta imajinazioari lekua egitea. Hainbeste distopietara jo beharrean, borrokan segitzeko eta bestelako munduak eraikitzen eta irudikatzen jarraitzeko esperantzaren alde egin nahi nuen. 

Pil-pilean dagoen gai bat da poperra. Nondik heldu diozu?

Iraganaren eta etorkizunaren arteko lotura bat egin nahi nuen. Popperra iruditzen zitzaidan orainarekin eta gorpu-tzarekin oso lotuta dagoela. Baita ere, oso lotuta dago estigmarekin, gizon gayekin, homofobiarekin eta ihesaren kontrako estigmarekin. Militantzia transmaribibollotik aldarrikapen bat egin nahi nuen. Ez nuen nahi zerbait xaloa egin, eta arazo guztien konponbidea sortu, baina zalantzan jarri nahi nuen zergatik gauza batzuek daukaten estigma eta beste batzuek ez. Popperrak konkretuki oso karga indartsua dauka, eta buelta bat eman nahi nion ikusten delako eta erabiltzen dugulako. Gai konplexuak dira, eta ez nuen moral erraz bat egin nahi.

Testua eta musika uztartzen dituzue; nola elikatzen dira?

Musikak gauza pila bat ematen dizkio testuari: giroa sortzen du eta asko lagun-tzen dio. Gutxi gorabehera gau baten kontakizuna da; eta nik uste dut Mirenek izugarrizko giroa gehitzen diola. Horrez gain, testuari ohartxoak egiten dizkio, eta irakurtzen dudan bitartean, soinu geruza batzuk gehitzen ditu. Kantuak testutik ateratako esaldietan oinarrituta daude. Bidaia moduko bat egiten dute.