Unibertsitateko irakaslea eta musikaria da Audience taldeko kidea den Gaizka Insunza gernikarra. Taldean zein bakarka arituta, musikan ibilbide luzea duela erakutsi du. Musikak gernikarraren denbora librearen zati handi bat hartzen du, zeina zaletasun bat baino bere eguneroko disziplina bilakatu den.

Euskaraz, gazteleraz zein ingelesez hitz egiten duen arren, azken hori da rockaren munduan ikasi duen hizkuntza. Hori horrela, 60ko hamarkadak, esaterako, eragin handia izan du musikariarengan; The Beatles taldeak pisu handia hartu duelarik bere etxean.

Audience musika taldean ezagutu zuten askok Insunza, eta, oraindik ere, hala egiten jarraituko dute, lan ugariren kaleratzean ondoren ere, beraien musika eskaintzen jarraitzen baitute. 2020.urtean, berriz, entzuleak harritu zituen bere izena zuen bakarkako lehen diskoa kaleratuta. Amerikako sentsibilitatea oinarri duen diskoan abestiei kutsu amesti zein nostalgikoa darie, baita eskapismo puntu bat ere.

Funtsean, unibertso propio bat eraikitzeko saiakera antzematen da. Taldearen entseguetan zein gitarra, pianoa edota saxoa jotzen igarotzen ditu ordu eta egunak, besteak beste, gernikarrak. 

Gaizka Insunzaren kultur gomendioak

Abesti bat:  Jim White-en That girl from Brownsville Texas. Neo Country delakoa lantzen du, baina musikaren ikuspegi oso zabal batetik abiatzen da, beti ere estilo ezberdinak nahastuz eta unibertso propio bat sortuz. 

Musika talde bat: NRBQ. Ibilbide luzeko talde estatubatuarra da. Nahiz eta musikari bikainak izan, eta nahiz eta diskografia zabal zein anitza izan, arrakastak beti egin die ihes. Rock and rollaren sekretu bitxia da NRBQ.  

Barkalari bat: Bob Dylan. 60ko hamarkadan hasitako iblibidea ez da oraindik eten. Amerikar musika popularraren ikono handiena dela esango nuke. 

Liburu bat: El martillo de los dioses. Led Zeppelin talde britainarraren abenturak deskribatzen ditu, eta 70eko hamarkadan rockaren munduan eman ziren gehiegikeriak agerian uzten ditu. 

Idazle bat: H.G Wells. Zientzia fikzioa asko gustatu izan zait beti, eta H.G Wells genero honen maisuetakoa da. Bere obren eragina oso zabala izan da, agian, beste kultur euskarri edota formatu batzuetara salto egin izanagatik.

Antzezlan bat: Jususchrist superstar. Obra hau formatu ezberdinetan aurkeztu da eta beti sortu izan du zalaparta kontserbadoreen artean. Nik Broadwayen ikusteko aukera izan nuen, eta harrigarria izan zen. Diskoa ere oso gomendagarria!

Film bat: Ridley Scotten Blade Runner. Fikzioa asko gustatu izan zait beti, eta Blade Runner genero honen gailurra iruditzen zait. Bai oinarrizko liburuak zein filmak oso ondo planteatzen dituzte gaurkotasun eta sakontasun handiko gaiak. 

Kultur espazio bat: Trinkete antitxokoa. Urteetan hainbat ekimen eraman genituen aurrera Gernika-Lumoko Trinkete antitxokoan, eta bidean komunitate antzeko bat osatu genuen. 20 urteko ibilbidearen ondoren, tamalez, agur esan behar izan diogu hainbat poz eman dizkigun espazio berezi honi.