Gaur egun, musikaren mundua demokratizatu egin da nolabait, teknologia berriei esker. Horrek esan nahi du musika sortzen hastea errazagoa dela; hala ere, giza faktoreak beti izango du berebiziko garrantzia. Ohikoena taldean hastea izaten da, lagunez babestuta. Denborarekin, baina, faktore bat edo bestea dela tarteko, talde gehienak banandu egiten dira eta taldekideren batek bakarkako bidea hartzen du sarri. Horren ohikoena ez dena alderantzizko bidea jarraitzea da, bakarkako proiektu batetik, talde proiektu batera salto egitea, hain zuzen. Unai Madariagak ezohiko salto hori egin zuen pandemia ondoren, bakarlari izatetik talde bat sortzera igaro baitzen. Horri esker, gaur egun, EZEZEZ proiektua existitzen da: Madariagak berak Eneko Ajangiz, Alvaro Olaetxea eta Mikel Irigoyenekin batera osatutakoa.

“Nik talde bat izan nahi nuen, baina nire lagun eta hurbilekoen artean ez neukan musikagilerik edo instrumenturen bat jotzen zuenik. Orduan, bidea bakarrik hasi nuen, pentsatuz denborarekin norbait aurkituko nuela. Eta horrela izan da. Plana modu perfektuan atera zait, kar kar kar”, azaltzen du Unai Madariagak ironia pixka batekin. Iaz, taldeak bere lehen albuma argitaratu zuen, eta musika munduko prentsan hartu zuen bere tokia, When I think something is funny, I smile entzutea lortuz, gehienbat. Lan horrek Madariagak hasitako bidea jarraitzen zuen, zubi funtzioa eginez bakarka egindako lanarekin. Aurreko lana atzean utzi eta beraien bigarren diskoa argitaratu dute, Katuzaldia izenburupean. Aurrekoan egin bezala, oraingoan ere taldea izan da grabazioaren, nahasketaren, masterizazioaren eta edizioaren arduradun eta egilea. Diotenez, lan nekeza askotan, baina aberasgarria ere bai, beste askotan: “Musikaren munduari dagokion alderdi teknikoaz nik ez dakit hainbeste. Hortaz, hasiera-hasieratik alderdi horri dagokionez laguntza behar izan nuen. Horregatik, Eneko Ajangiz aurkitu nuen eta elkarrekin hasi ginen taldeari forma ematen”.

Taldean konposatu

EZEZEZ taldeak bigarren lan honekin, “sendoagoa eta irmoagoa diruditen soinu eta irudia definitzeko xedea” du. Orain abestiak taldean eratzen dituzte, eta horrek ere lana erraztu dio Madariagari: “Lehen nik egiten nituen abesti denak eta azkenengo disko honetan, grabaketa prozesuan geundela, abestiak lauron artean sortu genituen. Norbaitek ideia bat ekartzen zuen, edo Alvarok erritmo bat bateriarako... Taldean sortzeak sormen prozesua erraztu du”. Taldeko kide bakoitzaren gustu musikalen aniztasunak ere hainbat estilo aurkeztea ahalbidetzen die, eta hori gero egiten dituzten abestietan nabaritzen da. “Asko laguntzen digu bakoitzak dituen erreferentziak beraien artean oso desberdinak izateak. Izan daiteke egun batean batek ideia bat ekartzea abesti baterako, baina besteok gure ideiak ditugu eta horrek abesti hori asko aldatzera eramaten du, eta, horrenbestez, estilo desberdinak jorratu ahal izateko aukera ematen digu ”, azaldu du taldeko abeslariak. 

Halaber, bada azken disko hau aurrekoarekin alderatzen duen bestelakorik ere; abestietan erabiltzen duten hizkuntza bera, hain zuzen ere. Izan ere, orain arte, ingelesez abestu izan dute - lehen diskoaren izenburua horren adibide garbia-, baina oraingoan euskaraz konposatu dituzte guztiak. Eta aldaketa horrek egoera berri bat sortu du: izan ere, mezuarekiko gertuago egoten lagundu die.

Hala aitortu du Madariagak: “Ingelesez idazten duzunean, agian, ez duzu hainbesteko loturarik sentitzen abesten duzunarekin. Izan, baduzu, noski, baina beste plano batean. Euskaraz esaten duzunak pisu handiagoa har-tzen du”. Dena den, letrak egiteko denbora gehiago behar izan dutela ere aitortu dute. Modu berean, etiketez haratago badaude ere, estiloa birdefinitzera eman ditu horrek nolabait; “Euskaraz idazten genuen lehen aldia zen eta horrek nolabaiteko borroka sortu du estiloaren bilaketan. Azkenean, atera zaiguna egin dugu eta horrek gerora lana errazten du, norbera ez den zerbait izaten saiatzea baino errazagoa baita”, taldeko abeslariaren esanetan.

Esperientzia edukitzeak daukan garrantzia nabaria da talde bizkaitarraren ibilbide laburrean. Esaterako, lehenengo lanarekin taula gainean izan duten esperientziak baldintzatu egin du bigarren disko honen sormen lanean: “Gugan eragina izan du. Era natural batean atera zaigu lan hau, baina bai egin nahi izan dugu, edo nolabait, gure subkontzientean zegoen, lan dantzagarriago bat egitea”. Eraketa prozesuari dagokionez, gaur egun erraza da teknologia berrien bitartez soinua gehiegi manipulatzea perfekzionatzeko helburuarekin, baina gero soinu hori zuzenekoetan defendatu beharra dago.

Madariagak dioenez, “azkenean, grabaketan sortzen diren ideia asko gero zuzenera eraman ezin dituzun gauzak dira. Adibidez, estudiotik atera-tzen dituzun soinu arraroak edo instrumentu ezberdinak”. Horregatik, EZEZEZ taldea saiatzen da aurretik grabatutakoa gero publiko aurrean eskainiko duenarekin bat egin dezan. Horrek ez du esan nahi zuzenekoetan gauzak ez direnik aldatzen. “Nahiz eta fideltasunez plazaratu diskoa, zuzenean gauzak desberdin egiten saia-tzen gara. Horrekin jolasten dugu. Egia da ere zuzenean jotzen dugunean hunkitu egiten garela, eta askoz arinago jotzen ditugula abestiok. Diskoak daukan oldarkortasun kutsu hori zuzenean indartsuagoa da”.  

Bestalde, eta teknologiarekin jarraituta, gaur eguneko talde askok bezala, talde bizkaitarraren soinu eraketan distortsioa ohiko bihurtu da. Ez da gauza berria, denbora luzez egin izan baitute musika munduan instrumentu desberdinekin, baina egia da autotunea sortu zenetik ahotsarekin askoz gehiago jolasten dela, nahiz eta askorentzat guztiz onargarria ez den zerbait izan. Musika estilo batzuetan, beste batzuetan baino gehiago erabiltzen den arren, EZEZEZ taldeak azken diskoko kanta batean erabili du. “Azkenean erremintak dira eta erabiltzeko daude. Ahotsaren tratamenduarekin jolastea ere gustatzen zaigu. Disko honetan abesti batek bakarrik dauka autotunea eta argi geneukan abesti honek behar zuela”, dio argi Madariagak. “Jende askorentzat, agian, ez da normala autotunea erabiltzea, eta are gutxiago gurelako talde batean, baina gero eta ohikoagoa da”. 

Gaur Santanderren joko du talde bizkaitarrak, eta urtarrilean Euskal Herrian izango dira. Iyan Altube

Dozena bat kanta

Bada ohikoa ez den beste gauza bat ere egungo musikaren panoraman: dozena bat kanta sartzea disko bakoitzean. Baina ohikoa izan ez arren, talde bizkaitarrak egin du, eta ez lehen diskoan soilik; lehenengoan bai, eta bigarrenean ere bai. Sare sozialek eta musika plataformek musika entzuteko moduak aldatu dituzte eta horrek musika nola helarazten den ere aldatu du. Orain, abeslari edo taldeek bospaseina abesti sartzen dituzte sortzen duten lan bakoitzean, eta kanta horiek banan-banan ezagutarazten dituzte.

Talde bizkaitarrak “osotasun bat” emateko helburuarekin egiten duen zerbait da: “Abestiren bat kanpoan utziko bagenu zerbait falta zaigun sentsazioa izango genuke”. Eta hori guztia gutxi balitz, laukoteak LPak eta biniloak ere sortu ditu, musika gehienbat online kontsumitzen den garai honetan. Unai Madariagak aitortu duenez, taldekideak “oso erromantikoak” dira; LPak gustatzen zaizkie, egitura batean pentsatzen dute kantei dagokionez... “Nik album bat entzuten dudanean bere osotasunean entzuten dut eta guk musika nola kontsumitzen dugun moduak pisua dauka guk egiten dugun musikan. Gure gustuei fidelagoak izan gara, jendearen gustuei baino”.

EZEZEZ taldeko mutilak Durangoko Azokan izan dira beraien lana aurkezten. EZEZEZ zuzeneko taldea da, bizia eta dantzagarria. Oraindik ez dute leku handietan jo, baina txikietan hobeto moldatzen dira. “Gure kasuan nahiago ditugu leku txikiak, jendea parean daukagula, aurre-aurrean, berotasuna hurbiletik nabarituta. Guretzat hobea da. Izan daiteke ere hala pentsatzea esperientzia faltagatik, kontzertu gehiago eman ditugulako horrelako lekuetan, handietan baino. Baina asko gustatzen zaizkigu leku txikiak”.

Hala, talde gaztea gertutik ezagutu nahi dutenek gaur bertan aukera paregabea daukate Santanderrera bertaratzerik baldin badute, behin-tzat. Euskal Herrian ere egongo dira, baina, bertoko inguruetan taldeaz gozatu nahi dutenek urtarrilera arte itxaron beharko dute. Dena den, bada taldeaz eta bere musikaz gozatzeko bestelako modurik ere: alegia, diskoa erosi eta etxean entzunez. Unai Madariagak igande goiz batean egitea gomendatzen du: “Esan daiteke disko hau igande goiz eguzkitsu batean, zure egongelan entzuteko modukoa dela”. Modu batera edo bestera, norbere esku uzten du taldeak EZEZEZ proiektu musikala deskubri-tzeko era.