Heldu da. Hemezortzi urte betetzear, heldutasunera iritsi eta heldu egin da Gernika-Lumoko Astra kulturarako fabrika soziala. 2005.urteko abenduaren 24an, goizaldeko 05:00etan, trenbidea igaro eta herrian hain esanguratsua zen arma fabrika okupatu zuten dozenaka gaztek bestelako erabilera bat emateko asmoz. Orduko helburuak argiak ziren: beraien beharrizanak antola-tzeko eragileen espazio eta topaleku izatea. Hemezortzi urteren ostean, kultur proiektuak bizirik dirau. “Inoizko bizien dago”, adierazi du Unai Olaeta Astrako kideak. Aitzakia horrekin datozen asteetarako egitarau berezia antolatu dute.

Urteotan proiektua asko aldatu bada ere, hasierako esentziak darrai sorkuntzarako eta kulturarako fabrikan. Hasieran ezarri ziren filosofiak mantendu, eta ildo beretik jarraitzen du. “Hasierako filosofia mantentzen da: feminista, euskararen aldekoa, antimilitarista eta antiarrazista da, besteak beste”. Horren erakusle, Astratik egunero ehunka pertsona igarotzea. Olaetak azaldu duenez, astearte arratsalde arrunt batean hirurogei pertsona inguru egon daitezke arma fabrika zaharrean bileretan zein bakoitza bere alorreko ekimen kulturaletan. Bertso eskolako kideen entsegua, irratsaio bateko zuzeneko emankizuna, Sare Feministako bilera, mendi taldekoak zerbait antolatzen, swing ikastaro bat edota zine emanaldi bat izan daitezke aldi berean, kasuan kasu.

Guzti horiek posible izateko, Astra komunitatea arduratzen da proiektua aurrera eramateaz. Egitarau lantaldea adibidez ekimen kultural propioak antolatzeaz zein eragileen ekimen eta iniziatibak bideratu eta laguntzeaz arduratzen da. “Hainbat disziplina, pertsona, norbanako zein eragile batzen dituen etxe bat da”. Bestalde, eraikinean egunerokotasunean sortzen diren arazo eta beharrizanei aurre egiteko kudeaketa lantaldea dago. Horrez gain, bi bitartekari ere badaude, bertako langileak direnak. Halaber, urtaro bakoitzean, nolabaiteko organo gorena batzen da asanbladan. Astraren norabidea bereizteko erabakiak hartzen dira bertan. “Horrek proiektua bizirik mantentzen laguntzen du”.

Herritik herriarentzat

Urteen poderioz, gazte esparrutik haratago, eremua zabaltzen joan da Astra. Gernika-Lumo zein inguruko herrien-tzako saretze leku izan arte. Urte guzti hauetan ezer ez dela berez sortzen ulertu eta zerbait eskuratu nahi bada autogestioaren norabidera joz egin behar zaiola aurre erronkari sinetsi dute herritarrek. Hala, gaur egun, sormenerako, kulturarako zein borrokarako asmoz jarraitzen du. Era berean, herritik eta herriarentzat sortutako proiektua izanik, “proiektu zabala eta irekia da, zahar zein gazteei zuzendua”.  

Hasierako okupazioaren ostean, utzarazpenak egon ziren. Eraikinaren egoera ez zen ona, baina beharrizana handia zen. Herriaren erantzuna oso nabarmena izan zen, egindako presio sozialaren eraginez, eta hainbat aldarrikapen, eskakizun eta manifestazioren ostean, fabrika Gernika-Lumoko Udalak erostea lortu zen. Egun, eraikina udalarena bada ere, proiektua herriarena da. Urte guzti hauetan boluntarioen mugimendutik sortzen den halako proiektu bat hainbeste urtez eta indartsu manten-tzea herri zein nazio mailan oso positiboa dela nabarmendu du Olaetak. “Gogo, indar eta proiektu batean sinetsiz posible da dena”.

Halaber, Euskal Herrian espazio kultural erreferente bilakatu da Astra egunerokoan egiten den lanari esker. “Badu pisua eta urteetan irabaziz joan da”. Euskal Herriko musika talde askok, esaterako, bertan aritu nahi izaten dute proiektuarekin bat egiten dutelako. Sormen eta kulturarako espazioaren historiaren une garran-tzitsuenen artean dago, besteak beste, Berri Txarrak taldeak beraien agur bira bertan hasi izana. Horrez gain, Astran artistei baldin-tza eta tratu duinak emateko helburua dute. 

Hala ere, “halako munstro bat” mantentzea ez dela erraza eta lan asko eskatzen duela nabarmendu du Olaetak. Dioenez, hobetzeko tartea beti egonik, belaunaldi berriek erreleboa hartzea litzake egokiena proiektua bizirik mantendu eta Astra Euskal Herrian barrena ezagutzera ematen jarraitzeko. Erreferentzialtasuna mantenduz eta handituz.

Bitartean, eta bizitako guztia omen-tzeko, abenduan zehar estilo eta publiko ezberdinentzako ekitaldiak biltzen dituen egitarau zabal bat prestatu dute urtebetetze festa gisa. Hala, okupazioaren egunean (abenduaren 24an) ez ezik, beste hainbat egunetan ere izango da zerekin gozatu eta zer ospatu: besteak beste, musikak, magiak eta dantzak hartuko dute datozen egunotan Astra. 

18. URTEURRENEKO EGITARAUA

Abenduak 16, larunbata 21:00.

Arima eta Orbel kontzertuak Astran.

Abenduak 23, larunbata

Astratxikik antolatuta magia ikuskizuna haurrentzat, Astran.

Abenduak 24, igandea

18. urteurrenaren brindisa Merkurio iturriaren inguruan.

Abenduak 26, asteartea 21:00.

Eñaut Elorrieta eta Amorante, Astran.

Abenduak 29, ostirala 19:30.

Ross Dantza Eskolaren emanaldia. Ostean, Ithaka, Nikotina eta DJ La Fulana kontzertuak, Astran.

Abenduak 31, igandea 00:30.

Astra Gaua. Djak.