Mireia Gabilondok zuzentzen duen Kortxoaren Dilema antzezlanak Amancio Ortega enpresariak osasun publikoari egindako donazioaren pasartea hartuko du oinarri; hain justu, bi lagun zaharren arteko dilemaren inguruan jarduteko. Patxo Telleria da obraren sortzailea, eta Mikel Martinezekin batera, antzezle bezala ere ikusi ahalko du publikoak.
‘Kortxoaren dilema’ antzezlanean, altruismo interesatuaren ideiaren inguruan jarduten dute pertsonaiek. Gure gizarteak bizi izan duen eztabaida bat al da?
Bai, iazko anekdota bat da, baina gaiak oraindik ere zeresana ematen jarraitzen du. Gizartean, pobre eta aberatsen arteko arrakala gero eta zabalagoa egiten ari da, eta horri buruzko zerbait idaztea neukan buruan aspalditik. Adituek diote zerikusi zuzena daukala zerga sistemaren ahultasunarekin. Fortuna handiena daukatenek egin beharko lukete ekarpenik handiena, baina ez dute egiten, eta horren pasarte anekdotiko eta esanguratsua izan zen Amancio Ortegak egindako donazioa. Hainbat pertsonek goraipatu eta txalotu zuten Ortegaren ekintza hori, baina beste askoren-tzat “trileroen” trikimailu bat besterik ez zen izan.
Gai hori landu nahi izan zenuen, baina zergatik antzezlan moduan?
Nik gai hori landu nahi nuen eta hasiera batean ideia hori bakarrik neukan; gero, forma bilatu behar nuen. Hasieran beste motatako ikuskizun bat bururatu zitzaidan, gero Shock (Andrés Lima) antzezlanaren ildotik egitea pentsatu nuen… Ondoren, ideiaz aldatu nuen; asmo bera neukan, baina beste modu batean kontatzea erabaki nuen: estilo teatralean kontatu nahi nuen, alegia, makinaria teatralaren bidez, ez bakarrik edukian, baita forman ere. Makinaria teatral zirraragarri, dibertigarri eta harrigarri bat sortu nahi nuen.
Izenak dioen bezala, dilema baten aurrean aurkituko da pertsonaia nagusia.
Protagonista irakasle heldu bat da, katedratiko ospetsu bat, gaztetatik intelektualen artean nabarmendu izan dena, oso jarrera ezkertiar erradikala izan duelako. Gaur egun, heldutasunean, baretu egin da baina ezkerrean mantendu da. Are gehiago, bere ustez, kapitalismoak irabazi ditu borroka fronte guztiak eta gelditzen zaigun lubaki bakarra zerga-sistema duin eta garbia defenditzea da. Aitzindaria izan da eta asko nabarmendu da lehen aipatu dudan donazio horren kontrako salaketan. Bere ustez, gizarteak ez du filantropiarik behar, baizik eta justizia, eta justiziaz ordaindu behar da dena. Irakasle honi minbizia diagnostikatu diote eta Amancio Ortegak emandako makina batekin tratamendua jasotzeko aukera jaso du. Gizarteak albiste horren berri izan du, eta erantzun bat eskatzen dio irakasleari: “Zer egingo duzu? Orain arteko sinesmenei eta planteamenduei men egingo diezu edo tratamendua onartuko duzu?”.
Antagonista ikaslea izango da, ezta?
Bai, hor hasiko da gatazka, ikaslea agertzen denean. Irakasleari ordubete barru deituko diote bideokonferentzia bat egiteko Teleberritik, hartara,bere erantzuna zuzenean publikoaren aurrean eman dezan. Elkarrizketa prestatzen ari den unean agertzen da ikasle ohia eta dena hankaz gora jarriko du.
Komedia politikoa itxuran, baina, aldi berean, thriller baten ezaugarriak ere baditu, ezta?
Thriller baten modura egituratuta dago. Hasieran egia ematen duena gezurra da, eta gezur horrekin egia bihurtu dena beranduago berriz gezurra izango da… Istorioa hiru zatitan banatuta dago: lehenengoan, komedia hutsal baten aurrean gaudela dirudi, zeina oso barregarria den, zeinak La cena de los idiotas pelikulan bizi duten egoeraren an-tza duen… Bigarren zatian, aldiz, konturatu gabe, komediatik nahiko gordina den drama poliziako beltz batera pasatzen gara. Azken zatian, berriz, elkarren artean lagun zaharrak diren bi pertsonen arteko kontu-garbitze bat kontatzen da, alde ideologiko batetik, baina baita alde humanotik ere.
Emanaldiak:
Abenduak 16. Bergara.
Abenduak 22. Getxo.
Urtarrilak 19. Basauri.
Urtarrilak 21. Erandio.
Urtarrilak 26. Tolosa.
Urtarrilak 27. Arrigorriaga.
Dilema bat dago erdigunean, baina antzezlanaren gai nagusia zintzotasuna dela esango genuke?
Alde batetik, esan daiteke ikuspuntu ideologikotik lehenago planteatu dudan gatazka politiko hori dagoela, baina, modu berean, pertsonaien bidez kontatzen da istorioa eta pertsonaiek beraiek gorpuzten dituzte gatazkak. Ideologiak zerikusia dauka, baina thriller psikologiko baten aurrean aurkitzen gara pertsonak direlako erabakiak hartu behar dituztenak. Zentzu horretan, leialtasuna, zintzotasuna eta abar lan-tzen dira. Maila pertsonalera bidaia-tzen du gatazkak, erraietan eta bihotzetan sentitzen dituzun sentimenduak dira auzian jartzen direnak, sentimenduak eta ez ideiak, erraiak eta ez burua.
Nolakoa izan da obraren sortzea Mireia Gabilondoren ondoan?
Oso naturala. Hainbat proiektutan egon gara elkarrekin baina hau da lehen proiektua bera zuzendari eta gu aktore moduan jartzen gaituena. Mikel Martinezek eta biok ikuspuntu berri bat behar genuen, gure ohiko estilotik asko aldentzen delako antzezlan hau. Normalean komedia hutsa egiten dugu, eta kasu honetan pertsonaiek beste dimentsio bat hartzen dute. Oso antzezpen naturalista da, parametro berrietan jarri behar ginen, eta uste dut Mireia Gabilondo horretarako ezin egokiagoa zela.