Duela zenbait aste Abendua singlea aurreratu ostean, Aben Cirkel hirugarren diskoa argitaratu du Nogen musika talde donostiarrak. Orain arteko desberdinena, eklektrikoena eta ausartena dela azpimarratu dute Alex Irazusta (Donostia, 1994) eta Markel Idigoras (Donostia, 1994) taldekideek. Hala, Ane Negeruela abeslariaren itzuleraz gain, hainbat musikariren parte hartzea izan dute azken lan honetan. Egunotan, aurkezpen kontzertuekin aritu dira Euskal Herrian barna eta datorren abenduaren 30ean Donostian emango duten kontzertua izango da bereziena. Sarrerak agortuta daude; hala, 2024.urterako bira luzea iragarri dute.

Zazpi urte eta bi diskoren ostean, esku artean lan berriarekin zatozte. Zer daukazue publikoari eskaintzeko?

MARKEL IDIGORAS: Egiazko zerbait. Senti-tzen duguna eta barruan daukaguna.

ALEX IRAZUSTA: Zerbait benetakoa eta gordina. Artifizio handirik gabe eta gehiegi pentsatutako estrategiarik gabe. Gu garenaren parte handi bat doa disko honetan. Egun musika munduan dagoen benetakotasun falta horrekin zerbait zintzoa egin nahi izan dugu. Entzuleak goza dezala eta bere bihurtu dezala. Erabili ditzala kantuak bere bizitza hobetu eta zoriontsuago egiteko.

Nola nahi duzue publikoak egungo Nogen identifikatzea?

A.I: Hein batean betiko Nogen da. Gauzak sentitzen ditugun bezala adierazteko, kantatzeko eta kontatzeko eta, bereziki, musika egiteko elkartzen diren bost lagun gara. Hala ere, egia da betiko zintzotasun eta egiazkotasun horrekin eta denborak emandako ikasketekin Nogen aldatu eta eboluzionatu egin dela. Hasi ginenean baino landuago egiten ditugu gauzak.  

Publikoak ezustekoa hartu omen du zuen disko berriaren albistea jasotzean. Zuentzat ere ezustekoa izan da disko hau? 

M.I: Zerbait oso meditatua izan da, barrutik atera zaiguna. Lan prozesu luzea izan da, baina gure buruetan horrelako zerbait imajina-tzen genuen eta oso gustura gelditu gara eran-tzunarekin. Era berean, bilaketa lan bat izan da, ez genekien nora gindoazen baina bagenekien leku onera iritsiko ginela eman diogun maitasun eta lan guztiagatik.

Mimo gehien eskainitako lana omen, denbora eta esfortzu asko eskainitakoa. Zein zen zuen helburua?

A.I: Lehenik eta behin, Aneren [Negeruela] itzulera eta taldearen ilusio berritze hori ospa-tzea. Horrez gain, gauzak guk sentitzen ditugun bezala egitera ausartzea. Orain arte egin ditugun diskoak, agian, baziren aurrez pentsatuagoak, hau, aldiz, zentzu horretan ausartena da. Libreen sentitu garena. Desberdina izanagatik ere, gu hobekien islatzen gaituen diskoa da.

Hain zuzen, orain arte egin duzuen diskoetan desberdinena bezala definitu duzue ‘Åben Cirkel’. Aldaketa askokoa, mugak hautsi dituena. Nola deskribatuko zenukete?

M.I: Disko helduagoa eta landuagoa da. Ekoizpen landuagoa izan duena da, geldiro egin dena. Osorik entzuteko sortua izan den diskoa da. Nogen ezagutzen ez duenarentzat aurkezpen ona da eta ezagutzen duenarentzat eklektikoa.

A.I: Dibertigarria, berria, ez aspertzeko modukoa. Nogen denaren erregistro guztiak biltzen ditu. Betiko estiloko abestiak daude: akustikoak eta folk eta indie estilokoak; baina gauza ezberdinak ere badaude: soinu elektroniko eta modernoagoak, baita punk eta rocka ere.

Diskoa espazio jakin batean kokatzen dela aurreratu zenuten. Hala nola, “momentua ez delako berriro errepikatuko, bihar izango ez garelako, aurrera ez bagoaz atzera goazelako, saiatu eta erori”, zenioten promozioan. Gaiari dagokionez, zertan oinarritzen dira abestiak?

A.I: Modu kontzeptualean dena lotua egon arren, abestiek eta diskoak bi irakurketa dituzte. Diskoaren izenburuak - Åben Cirkel-ek zirkulu irekia esan nahi du-, banderatzat daramagun esloganak... Hots, leku berdin batek denbora desberdinean leku ezberdin bat irudika dezakeela adierazi nahi dugu. Nogenen historia laburrean ikusi dugu ezin dela ezer gertatutzat eta ziurtzat eman. Denbora guztian aritu gara eraberritzen, biziraupenaren kutsu batekin. Horregatik esan nahi dugu aldatzea ona dela eta prozesu guzti horretan garrantzitsuena dibertitzea dela. Abestiek, bestalde, perspektibez hitz egiten dute. Abesti bakoitza puntu kardinal batek ematen duen ikuspuntuan oinarritzen da.

Aldatzeko beharra zenuten. Finean, zertan aldatu da Nogen urte hauetan guztietan?

M.I: Gehien aldatu dena, agian, aurrekontua, planifikazioa, eta administrazio kontuak izan dira [barreak]. Txantxak alde batera, Nogen aldatu da gu aldatu garen bezala. Urte guzti hauetan Nogenek abesti berriak entzun ditu, hainbat bizipen bizi izan ditu, egin dituen akatsetatik ikasi du eta egin duen bideaz gozatu du.

A.I: Aldaketa gauza positibotzat hartu dugu, datorrena onartuz; bilakaerarik ez duena ez baitago bizirik. Horregatik, sortzaile garen heinean, ezin gara geldirik egon eta hasi gara laugarren diskoan pentsatzen. Badugu hazia.

Ane Negeruelaren itzulera ere badakar hirugarren diskoak. Zein ekarpen egiten dio?

A.I: Egiten duen ekarpen nagusia pertsonala da. Lagunak gara aspalditik eta urte hauetan harremana mantendu dugu. Horregatik harreman hori eszenara berriz ekartzea oso polita izan da. Erromantikoa ere bai, hasierako bostak berriz elkartu garelako. Hasieran geneukan ilusio bera itzuli digu, gogorarazi digu taldea zergatik hasi genuen. Musikari dagokionez, Aneri esker ematen dugun salto kualitatiboa bistakoa da. Anerenak bezalako ahots hunkigarri oso gutxi daude.

Urte biko lan prozesua egin duzue. Nolakoa izan da disko honen sorkuntza prozesua?

A.I: Luzea. Markel eta biok egin dugu lan gehiena, etxean ideiak sortu eta lokalean forma emanez. Bi urte luze izan dira edo, agian, gehiago. Diskoa irekitzen duen abestian, adibidez, badago melodia harmoniko bat Anek sortua, 17 izena duena, hain zuzen 2017tik datorrelako. Hori eta Guztia edo ezerez izan ziren disko honen sortze prozesuko lehen abestiak. Beste diskoekin alderatuta landuagoa izan da prozesua. Produktoreekin hasi gara lanean lehenengo aldiz.

M.I: Produktoreek produzitu baino, koproduzitu egin dute, guk produzitu baititugu. Normalean ez dugu lan egiten abesti irekiekin produktoreek alda ditzaten. Ideiak nahiko argi izaten ditugu eta kasu honetan bat egin dugu produktoreen lanarekin.

Nolakoa izan da lehen aldiz produktore batekin lan egiteko esperientzia?

A.I: Gozamena izan da. Abestiak itxita, produktoreari ideia zehatza bidaltzen diogu eta Nacho Mur izan zen kontaktatu genuen lehen produktorea Glastonbury abestia koproduzi-tzeko. Lehen esperientzia oso polita izan zen. Bagenekien oso profesional ona zela baina deskubrimendu izugarria izan da. Zortea izan dugu profesional handiez gain, oso pertsona onez inguratu garelako. Asko baloratzen dugun zerbait da.

Ane Negeruela abeslaria bueltan da Nogen taldean Mario Lezaun

Hainbat musikariren kolaborazioak ere izan dituzue lan honetan. Zein ekarpen egiten dute?

A.I: Hasteko, ekarpen oso humanoa. Kolaborazio guztiak dira gertukoak eta taldeari beste maila bat ematen diote. Kanpoko ikuspuntuak beste perspektiba bat, oxigenoa, ematen du. Oso eskertuta gaude horregatik. David Ruiz La M.O.D.A taldeko abeslaria, adibidez, euskaraz Abendua kantua abesten entzutea gozamena da.

Denbora igaro da diskoa bukatu zenutenetik. Azken emaitzaren ze balorazio egiten duzue?

M.I: Ez pentsa hainbeste denbora igaro denik. Denboraz pixka bat estu ibili gara.

A.I: Grabatu genuen azkeneko abestia Maleta izan zen eta irailean bukatu genuen. Egia da Glastonbury, adibidez, otsailerako bukatuta genuela. Baina diskoa osorik udazken hasieran itxi dugu, eta argitaratu den arte hainbat urduritasun eta zalantza sortu zaizkigu. Nahiz eta aurretik pentsa munduko diskorik txarrena zela diskoa kaleratu denetik sentsazioa geroz eta hobea da. Geroz eta gehiago baloratzen dut, nik behintzat. Momentu honetan iruditzen zait inoiz egin dugun diskorik onena dela inongo dudarik gabe.

M.I: Hala da. Bi mila buelta eman dizkiogun arren, lasaitu ederra hartu dugu bukatu dugunean. Oso disko osoa da, lan borobila da, kanpotik eta barrutik.

Diskoa kaleratu aurretik iragarri zenituzten aurkezpen birako kontzertuak, eta abenduko Donostiako kontzerturako, adibidez, ‘sold out’ egin duzue. Zein gorputzaldirekin zaudete?

A.I: Gogotsu eta, bereziki, urduri. Zuzenekoak ematen dio zentzua guzti honi. Adrenalinak eta jendearekin konpartitzeak, feedbacka jaso-tzeak. Diskoaz gain, kontzertuetan ere lan handia egin dugu. Inoiz baino maitasun eta, bereziki, asmo gehiago dedikatu diogu. Apustu garrantzitsua egin dugu kantatzeaz gain zerbait kontatzeko.

Zuzenekoetan zer aurkituko du publikoak?

M.I: Eraldatutako oholtza bat. Gure etxera eramango ditugu. Hain zuzen, abesti batzuetan ez gara bakarrik egongo. Etxe berri baten irekiera simulatuko dugu gonbidatuekin.

A.I: Horrenbeste aipatu dugun aldaketa hori ere irudikatuko du zuzenekoak, aldaketaren nolabaiteko isla ikusiko delako performance horretan.

Bira luzatzeko asmoa duzue?

A.I: 2024.urtea oso kargatua etorriko da. Lan berri orok eskatzen duen bezala, urte osoan gelditu gabe ibiliko gara. Elkarrekin egotea gustatzen zaigu. Furgoneta hartuta errepidean eroso sentitzen den talde bat gara, oso gustura egiten ditugu kilometroak. Urtarriletik apirila bitarte, adibidez, espainiar estatuan ibiliko gara.