"Ze modernoak garen eh, ostia! Delirium Tremens 2.0". Hori esanaz hasi dute bideo-dei bidezko elkarrizketa talde horretako kideek. Pantailaren albo batean dago Andoni Basterretxea gitarra jolea eta abeslaria, tailerrean, eta, bestean, berriz, Juantxo Iurrita 'Txufu' bateria jolea eta taldean kide berria den Haritz Harregi baxu jolea, estudioaren kanpoaldean. Gaurkoan, huts egin du Patxi Irisarrik.

Izan ere, 30 urteren ostean, bueltan da Delirium Tremens. Gaur izango dute berriro ere oholtza batera igotzeko aukera, BEC erakustazokan (Barakaldo, Bizkaia) berrekingo baitiote aurrez etendako bideari. 4.500 ikusle bertaratuko dira, eta lagun izango dituzte Des-Kontrol eta McOnak musika taldeak. 25. urteurrena ospatuko du lehenak, eta hamargarrena besteak. Era horretan, Delirium Tremenseko kideek, bederen, "gorantz" egiteko nahia dute, aurretik ezkutupeko kontzertu batzuk eman badituzte ere, hala nola Arantzan (Nafarroa), Arrasaten (Gipuzkoa) eta Ondarroan (Bizkaia).

Espero ez zenaren itzulera baita Delirium Tremens taldearena. "Urte luzez ibili naiz esaten ezetz, ez ginela itzuliko, baina lehenbizi Iñigoren kontura, eta ondoren Juantxoren kulparengatik, hemen gaude", adierazi du Basterretxeak, umorez. Izan ere, 2019an Iñigo Muguruza hil ostean, haren omenezko ekitaldi bat egin zen Bilboko Kafe Antzokian, eta agertokian aritu ziren musikari hura parte izandako zenbait talde. "Ferminek [Muguruza] deitu zidan, eta pare bat hilabete egon ginen entseatzen; polita izan zen, eta barruak mugitu zitzaizkigun", erantsi du. Bada, eta batik bat Iurrita behin eta berriz Basterretxea xaxatzen aritzeagatik, taldeak itzultzeko erabakia hartu zuen.

Itzulera, baina pixkanaka

Taldearen jatorrizko izaerara itzuli ziren, eta hirukote gisa hasi zuten bide berria Delirium Tremens-eko kideek. Betiko legez, Basterretxea izango zen abeslaria eta gitarra jolea, Iurrita bateria, eta, Irisarri, baxua. "Erabaki genuen aurrera egitea, baina presarik gabe, disko berri bat aurkeztuta, eta horrek suposatzen du hitzak landu egin behar direla, denbora behar dela€", azaldu du Basterretxeak. Horretarako, Mauka Musikagintza diskoetxearekin egin zuten harremana, eta horrela egin zuten topo Harregirekin ere.

Musika teknikaria baita Harregi, eta taldea Hordago disko berriko lehenengo bi kantak grabatu bitartean joan zen berarengana. "Egin genituen bi, gero beste sei, eta azkenean disko oso bat€ Eta sekulakoa izan zen! Bidean autostop egiten zegoen bere gitarrarekin, eta furgonetara sartu zen gurekin batera", kontatu du abeslariak, Harregiri so eginez. Are, taldekide berriak aitortu duenez, gaztetan taldearen "oso jarraitzailea" zen, eta, beraz, "sekulako ilusioa" egin zion proposamena jasotzeak. Hain justu, Basterretxeak zeharka aritu gabe adierazi zion beraien nahiko luketena, Harregi, aurrez, beste hiruek eginiko kanta batzuetan bigarren gitarra bat sartzen hasia zela ohartuta. "Argi eta garbi esan zidan: Haritz, bigarren gitarra hori kentzen duzu, edo gurekin jotzen hasi beharko zara€ Eta gaur arte. Lan pila bat egiten, baina aldi berean gozatzen".

Lan egite horretan grabatu dute diskoa ere, eta Harregik jakinarazi du teknologia berrietara ere jo duten arren, saiatu direla diskoa "gehiegi ez janzten", zuzenekoetan diskoan jasotakoa ere isla dadin. "Taldeak, bere horretan, badu nortasuna. Juantxok, adibidez, bateria jotzeko bere era dauka, material oso onarekin, eta Patxik eta Andonik orain dela 30 urteko material berbera daukate, baina edarra".

Orotara, zortzi abesti

'Hola tio!'; 'Urpean dantzan'; 'Ibaiak gara'; 'Ordago'; 'Garuna'; 'Aio'; 'Banoa' eta 'Dela' dira Hordago diskoko zortzi kantak, eta horietako bakoitzak mezu bat darama, batzuetan ulertzen errazagoa, eta, beste batzuetan, nekezagoa, bai behintzat Basterretxeak jakinarazi duenez: "Kanta batzuk nahiko zuzenak dira, arin ulertzekoak, pin-pan-pun, eta beste batzuei bi buelta eman beharra dago, eta galdetu ea zer ostietan dabilen tipo hau; dena den, uler daiteke zer esan nahi duten". Hain justu, abeslariak berak idatzi ohi ditu hitz horiek normalean, baina aitortu du azkenengo honetan "blokeo" bat izan duela, eta Jon Maia bertsolaria eta letragilea izan duela bidelagun.

Era honetan, taldeak bere estudioko eta bakarkako hirugarren diskoa kaleratu du, aurrez beste bi baitzituen. Hain justu, 1987an hasi zuen ibilbidea, Mutrikun (Gipuzkoa), eta hor ziren dagoeneko Basterretxea eta Iurrita, ordu hartan taldekide zuten Javier Bilbaituarekin batera. Urte bat geroago, 1988an, grabatu zuten lehen disko bat, baina ez bakarkakoa, Iruñeko Zarrapo taldearekin partekatu baitzuten: Hemen denak berdinak dira. "Lehen urte horietan punkiagoak-edo ginen, gaztetxe eta tabernetan aritzen ginen batez ere, bagenuen ilusioa, eta poliki-poliki gorantz egiten hasi ginen", kontatu du Basterretxeak. Bada, gorakada horren adierazleetako bat da 1989an iritsi zela bakarkako lehen diskoa: Ikusi eta ikasi. Orduan sartu zen taldean Patxi Irisarri baxu jolea ere, eta gutxira batu zitzaien Iñigo Muguruza.

Izan ere, taldeak beste soinu "indartsuago" batzuk edukitzea zuen aurreikusia, eta begiz jota zuten Muguruza. Hori azaltzeko, Kortatu taldearen AEK-ko beteranoak kanta ekarri du gogora Basterretxeak, "gitarra astintze batzuk" zituela nabarmenduta. "Entzun eta esaten genuen hori ezin zela izan Fermin. Iñigo zen, eta gure artean komentatzen genuen ederra litzatekeela talderako bera fitxatzea". Eta ametsa egi bihurtu zen, egun batean berarekin egin baitzuten topo parrandan, eta baiezko borobila eman omen zuen. "Ederki sartu zen taldean, bai gitarra jole modura, bai pertsona gisa ere; eta, orain, zorte berbera izan dugu Haritzekin, planifikatu gabea izan baitzen, eta asko laguntzen du".

Gerora etorri zen estudioko bigarren bakarkako lana: 'Hiru aeroplano' (1990). Eta baita beste disko bat ere, 1991an, estudiokoa ez bazen ere: 'Bilbo zuzenean 91-5-24'.

Bost urte, baina indartsu

Ez zituen urte asko egin Delirium Tremensek oholtzetan, 1991n jaitsi baitzen agertokietatik, hala nola Iurritak uzteko erabakia hartua baitzuen, eta baita furgoneta gidatzen aritzen zen taldekideak ere. Guztiak elkarrekin ez bazen, jarraitzeak zentzurik ez zuela pentsatu zuten. "Betidanik izan zen musika talde bat, lagun talde bat. Pentsa ezazue, zeinekin eztabaidatu behar nuen nik ez bazen Juantxorekin? Guztiari baiez esaten dion bateria bat bada, ez dit balio", esan du Basterretxeak. Hala eman zioten amaiera bost urteko ibilbideari, ordura arte egin zutena jada amets bat izan zela ohartuta.

Aldiz, taldeak utzitako arrastoa ez zen nolanahikoa izan, gaur egun ere oraindik sarritan entzuten baitira beraien zenbait abesti taberna zuloetan. Eta izandako oihartzun hori azpimarratu du Harregik, zale izatearen lekutik: "Guk hemen zegoen guztia kontsumitzen genuen, oso musika zaleak ginen, eta koadrilan beti aipatzen genuen zeintzuk ziren soinu ona zuten taldeak eta beste, ez baitzeuden egungo tranpak". Haren arabera, zuzenekoetara joatean nabaritzen da hori, eta, ezbairik gabe, uste du Delirium Tremens zela egokietako bat. Are, gogoan du behin Lasaren (Gipuzkoa) ikusi zituela ere, liluraz. "Kakanarru batzuk ginen, eta ikustea hor pirata bat baxua jotzen hankak zabalduta, ostra€ Esaten genuen ea zein izango ote zen makarra hori! Juantxo bateria jotzen ikustea ere ikaragarria zen, teknika horrekin, eta Andoni bere ahots berezi eta pertsonalarekin€".

Eta euskararen garrantzia ere aipatu du taldekide berriak. Izan ere, garai hartan baziren Eskorbuto, RIP edota Cicatriz taldeak, tankerakoak izan zitezkeenak, baina euskaraz aukera gutxiago zeuden. Bada, horren jakitun, nabarmendu du Delirium Tremens izan zela 1980ko hamarkadako "musika leherketako talde inportanteenetako bat".

Espero izatekoa da, beraz, orduko leherketa horrek bizirik jarraituko duela, eta orain dela 30 urte plazak eta aretoak jendez bete zituen taldeak oraingoan ere hala egingo duela, taldeko kideak, behintzat, ingurua astintzeko gogoz baitaude. Horretarako, gaur gaurkoz, BECeko kontzertuaz gain, beste hiru data dituzte zehaztuta: Azkena Rock festibala, Gasteizen, ekainaren 17an; Euskal Herria Zuzenean jaialdia, Irisarrin (Nafarroa Beherea), ekainaren 1ean; eta Hatortxu Rock elkartasun egitasmoa, Atarrabian (Nafarroa), uztailaren 30ean. Halere, espero dute bidea hor ez amaitzea, orain arte eginikoak bere fruitua ere eman dezan, Iurritaren hitzetan: "Bidea luzea izan da lau kontzertu egiteko, eta jarraitu egin behar dugu, seguru". Eta Basterretxeak erantsi: "Gogoa badaukagu, ezta?".