Egitaraua erabakitzean literatura beltza dago erdigunean, jakina, baina hortik abiatuta ekitaldi oso ezberdinak antolatzen dituzte, (H)ilbeltza ez baita literatura soilik. Jendearen adin eta interes ezberdinak kontuan hartzen saiatzen dira antolatzaileak, "ez bakarrik literatura formatu itxi batean". Herri ezberdinetara zabaltzen dute, Baztan osoan zehar.

Aurtengo egitaraua solasaldi batekin hasiko da urtarrilaren 24an. Arratsaldeko 19:30ean Arizkungo Medikuaren etxean izango da Koldo Biguri, IV. (H)ilbeltza bekaren irabazlea, Agur, maitea, ikusi arte eleberri beltzaren itzulpena aurkezten. "Idazleekin solasean sortu zen (H)ilbeltzaren erronka hau, gusta-tzen zaigulako ekimen honen baitan bekaren irabazlea ekartzea. Aurten itzulpena egokitu da eta Koldo Bigurik kontatuko digu zer erronkarekin topatu zen, nolakoa izan zen itzulpena egitea, etab. Galderak sortzen dira eta solasaldi bat izaten da", azaldu du Cuestak.

Urtarrilaren 26an, asteazkenean, Beñat Hach Embarekek Euskal Gaizkileak podcasta eramango du Anizko Mendiarte elkartera. ZuZeuk eta Bikoiztaile Euskaldunen Elkarteak ekoitzita, Euskal Herriko historiako gaizkile doilorrenen istorioak fikzionatu dituzte eta abestiekin lotu. "Belateko lapurrak, esaterako, Baztanekin dago lotuta. Beñatek kontatuko digu nola sortu zen guzti hori. Oskorrik badu kanta bat horren inguruan".

Istorio kitzikagarriekin jarraitzeko, urtarrilaren 28an (ostirala) Marga Andurain abenturaren gurpilean solasaldia izango da Elizondoko Arizkunenean Ainize Madariaga kazetariaren eskutik. Antolatzaileek jakin zuten Madariaga Marga Andurain espioi eta abenturazale baionarrari buruzko ikerketa bat egiten ari zela eta berarekin harremanetan jarri ziren. "Orain arte ezezagunak ziren dokumentu batzuk aurkitu omen ditu eta solasaldi horretan aipatuko ditu. Jakinmin handia sortu du, guk ere ez dakigu gehiago".

Ohi bezala, asteburuan pilatzen dira ekitaldi gehienak eta ikus-entzunezkoek protagonismoa izango dute larunbat goizean (urtarrilak 29). Beltzak Argitara mahai-inguruan Marian Fernandezek eta Koldo Almandozek Hondar Ahoak telesailaren sekretu beltz ugari kontatuko dituzte Elizondoko Arizkunenean. Ondoren, bazkaria izango da Erra-tzuko elkartean. Bazkalostearen patxadarekin, Itxaro Bordaren txanda izango da. Idazleak, Euri zitalari esker liburua aurkeztuko du, Ane Gartzia gidari. Sei liburuko bilduma ixteko, Amaia Ezpeldoiren azken nobela du honakoa Bordak. "Detektibe lanetan jubilazioa hartu omen du Ezpeldoik eta azkena izanik (H)ilbeltzan egon behar zen. Itxaro Bordak beti parte hartzen du jaialdian, modu batean edo bestean".

(H)ilbeltzan arrakasta handiena izaten duen jarduerarekin bukatuko dute larunbata, aurten Erratzun barna egingo dute Susmagarrien gaua. Liburu aurkezpenak eta egun guztiko seriotasuna alde batera utzi eta elkar ezagutzeko eta ondo pasatzeko jolas berezia antolatzen dute ilun-tzean. "Beti du izenburu berbera, baina beti da ezberdina. Oso dibertigarria da!". (H)ilbeltzako taldekide pare batek antolatzen dute jolasa, beste guztiek parte hartu ahal izateko. Normalean egin behar dira ikerketak, edo ezusteko krimen bat argitu€ Parte hartzaileek ez dute jakiten zer egin behar den jolasa hasi baino lehen.

Iganderako ere bada egitaraua (H)ilbeltzan, Iruritako plazan hasiko da Itzuli beltza, 11:00etan. Urtero herri ezberdinetan egiten den istorio antzeztua da. Ibilbide bat antolatzen dute eta bertan narratzaile bat egon ohi da istorioa kontatzen hasiko dena. Baina ibilbidean zehar sorpresak eta antzezpen txikiak sortuko dira, informazio gehiago emango dutenak. Ordubete inguruko zirkuitua izaten da. "Normalean herri horretan izandako gertaeraren bat izaten du oinarri, baina fikzionatu egiten da", azaldu du Cuestak. Eta astea bukatzeko, zer hoberik musika baino? Petti eta Ana Galarraga Aiestaranen eskutik, musika eta literatura uztartzen dituen Gutun musikatua Victor Frankensteini emanaldia izango da. Gainera, (H)ilbeltzan bertan izango da estreinaldia.