Susa argitaletxeak Munduko Poesia Kaierak (MPK) bildumako ale berriak kaleratu ditu udazkenarekin batera. Beñat Sarasolaren zuzendaritzapean 2014an martxan jarritako egitasmo honen helburua nazioarteko poesia euskarara ekartzea da. Hala, euskal idazle eta itzultzaile desberdinek XX. mendeko poeta handienen olerkiak aukeratu eta euskarara itzultzen dituzte, antologia eran. Urtero, udaberrian eta udazkenean, argitalpen berriak plazaratzen dira.

Aurtengo lehen uzta udaberrian ezagutu genuen. Orduan ere bi liburuki berri plazaratu ziren, Ezra Proud eta Al Bertoren lanak, hain zuzen. Udazkeneko bi lan berrien arduradunak Asier Sarasola eta Joannes Jauregi itzultzaileak izan dira. Lehenengoak, Alejandra Pizarnik (1936-1972) argentinar emakume poeta eta itzultzailearengan jarri du arreta. Bigarrenak, Yannis Ritsos (1909-1990) greziar poeta eta politikari komunistaren obrari erreparatu dio. Biak ala biak, bakoitza bere hizkun-tzan, XX. mendeko poeta garrantzi-tsuenetariko bi izan ziren.

PIZARNIKEN BIZIMINA

Argentinako emakume poeta, idazle, hizkun-tzalari, itzultzaile eta literatura-kritikaria izan zen Alejandra Pizarnik. Sentsibilitate handiko liburuak ida-tzi zituen txikia zenetik bizi izandako egoera zailengatik. Besteak beste, naziengandik alde egin behar izan zuten berak eta bere familiak. Hori dela eta, arroztasun sentimendu handia nabari ahal da bere hitzetan. Bere lana “bizimin bat da, hain bizi idatzia, irakurtzeak min eman dezakeela”, uste du Sarasolak. 36 urterekin egin zuen bere buruaz beste Pizarnikek. Gazte hil zen arren, arrastoa utzi zuen Argentinako literaturan.

Sarasolak boladaka egin du itzulpen lana: “sorta bat itzuli eta tiraderan gordetzen nuen, hilabete batzuk geroago berriz heltzen nion arte”. Bospasei urte geroago ikusi du argia liburuak. Sarasolak jakinarazi du Pizarniken obra euskaratzea erabaki zuela idazleak “motibazio erabat terrenalak eta irrazionalak” inspiratzen dizkiolako: “plazera, bere estiloaz jabetzeko nahia, poesiak zer uki dezakeen egiaztatzea eta abar”. Bere esanetan, Pizarniken poesiaren ezaugarri nabarmenetakoak “subjektibotasuna eta niaren bilaketa dira, baita barne munduarekiko eta inkontzientearekiko ardura eta arroztasun existentzialaren sentipena ere”. Sarasolak uste du Pizarniken obraren eta bere bilakaeraren lagin bat dela euskaraz jaso dena. “Lan hau hura hobeto ezagutzeko zubia bada, mereziko du”.

OSO POETA GREZIARRA

Argentinatik Greziara; emakume baten lan existentzialetik, gizonezko greziar komunista baten lanera garamatza udazkeneko bigarren kaierak. Joannes Jauregik itzuli du Yannis Ritsosen lana. Poetaz aparte, greziar politikari komunista bat izan zen Ritsos eta konpromisozko literaturari ekin zion. XX. mendea bere osotasunean ezagutu zuen idazleak (1909an jaio zen, eta 1990ean hil), eta Greziako testuinguruarekin lotura estua izan zuen bere obrak. Nazien aurkako borrokan eta Greziako Gerra Zibilean parte hartu zuen, Koronelen Diktadura deitutakoaren errepresioa pairatu zuen: kartzelaldiak, atxiloketak? 1977an, Bakearen Lenin Saria jaso zuen.

Jauregik, unibertsitatean greziera ikasten hasi zenean izan zuen Ritsosen berri. Grezieratik zuzenean ekarri ditu haren poemak euskarara, nahiz eta beste hizkuntzetara egindako itzulpenak ere baliatu dituen lanerako. Ritsosen poesia “izugarria” iruditu zitzaion, “karga liriko oso indartsua eta poema luzeetan gaitasun oso handia” daukalako, bere ustetan. Horrez gain, “oso poeta greziarra” dela deritzo, “paisaia mediterraneoak, Greziako mitologiari egiten dizkion keinuak ugariak dira bere poemetan”. Ritsosen poesia oso fotografikoa dela gehitu du, “Greziako paisaia mediterraneoak xeheki deskribatzen ditu”. Hala ere, mututasuna eta konnotazio politikoak ere irakurri daitezke, poesia liriko batean irudikatuak.

Jauregik lau hilabete behar izan du poemen hautaketa egin eta itzultzeko, baina zuzenketa prozesua luzeagoa izan zela aitortu du. Zailena poema luzeen eta motzen artean nolabaiteko “oreka” bat aurki-tzea egin zaiola kontatu du. Hala ere, poemak itzultzeak adina lan eman dio antologia bera prestatzeak, aukeraketa egiteak eta horrek guztiak dakarren nolabaiteko “edizio” lanak.

Pizarnik eta Ritsosen lanak erabat desberdinak dira. Idazle emankorrak izan ziren bata zein bestea, idaztera emanak bizi izan ziren, baina nork bere bizimodua izan zuen. Argentinarren lana sentimenduz beteta dago, nia eta bizitzaren alderdi desberdinetan sakontzen du, bere zentzua ez ulertzeagatik. Ritsosen lana, berriz, konnotazio politikoz eta Greziako paisaien deskribapenez josita ageri da. Emakumea eta gizona, bizimodu, garai eta jatorri desberdinekoak, baina biak sentimenduz beteriko poetak. Orain, Asier Sarasola eta Joannes Jauregiren lanei esker, euskaraz ezagutu eta gozatzeko moduan ditugu biak.