Erakusketak, hitzaldiak, tailerrak eta askoz gehiago. Hori da BilboArgazki, argazkigintzaren bidez artearen esentzia desberdinak eskaintzen dituen jaialdia. Euskal Herriko Argazkilari Taldeen Elkarteak (EHATE) antolatzen du eta aurten hamabigarren edizioa du. Erakusketak urriaren 31ra bitartean izango dira Bilboko leku desberdinetan: udal erakusketa aretotan, Euskal Herriko Unibertsitatearen Paraninfoan (Etxepare gelan), FNAC-eko erakusketa aretoan, Cafe Iruñean, Bizkaiko Batzar Nagusien erakusketa-gelan, Lutxanako Munduen Espazioan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren erakusketa aretoan.
EHATE elkarteak adierazi duenez, bere kideek “esfortzu handia” egin behar izan dute urri osoan zehar “Bilbo argazkigintzaren hiriburu bihurtzeko”. Izan ere, BilboArgazki jaialdiak kolorez beteko du hiria hilabete honetan, antolatu diren zortzi erakusketa, sei hitzaldi eta lau tailerrekin. Bertoko eta atzerriko artisten erakusketak izango dira ikusgai: Miren Rico Tolosa, Jose Maria Mellado, Mario Cea, Argizaiaola Saria, Julian Redondo, Judith Prat, Jose Beut eta YiaYong.
TAILER ETA HITZALDIAK Tailerrei dagokionez, aurreko edizioetan bezala, bat txikienei zuzenduta egongo da eta beste berri bat egingo da, hori ere umeei eskainia. Juan Armentia EHATEren lehendakariak jakinarazi duenez, umeentzat antolatutako tailerretan 8 eta 12 bitarteko urteko 60 ume inguru bilduko dira. Bertan, oinarrizko kontzeptuak irakatsiko dira eta, gero, monitoreak zuzendutako taldeak egingo dira kalera joan eta argazkiak egiteko. Egunaren bukaeran, umeek hartutako argazkietatik ederrenak aukeratuko dira eta BilboArgazkiren webgunean jarriko dira ikusgai.
Edizio honetako berritasun bat an-tzerki talde baten partaidetza izango da. Beste berritasun bat laborategi analogikoa izango da. Aro digitala baino lehen, argazkiak nola errebelatzen ziren ikusiko dute umeek. Julian Redondo bilbotarrak emango du tailer hori, bere Santutxuko laborategian.
Helduei zuzenduriko beste bi tailerretan, Mario Cea eta Giaccomo Ciicciotti bezalako argazkilari profesionalek hainbat teknika erakutsiko dituzte, abiadura handiko argazkigintza edota ikus-entzunezko teknikak, besteak beste. Erakusketak paratuko dituzten sei artistek hi-tzaldi bana ere eskainiko dute bakoi-tzaren lanari buruz. Bertan, euren lanaren nondik norakoak azalduko dituzte. Jose Maria Mellado Fotografia de alta calidad liburuaren egilea, Mario Ceak, Argizaiola Saria, Julian Redondo, Judith Prat eta Jose Beutek izango dira hizlariak.
Irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela esan ohi da. Bada, erakusketa hauetan, bakarrik hitz egiten duten argazki ugari ikusi ahalko ditugu. Tartean, Nigeriako errealitate gordina erakusten duten irudiak. Erakusketa honen egilea Judith Prat da, BokoHaram, Violencia en el corazón económico de África izendatu du bere bilduma. Freelance fotokazetaria da Prat. Zuzenbideko Gradua egin ondotik, argazkigintza dokumentalean prestatzen hasi zen, jarduera hori bere zaletasun bihurtu arte. “Gizarteko gertaerak harrapa-tzea eta irudikatzea” da argazkigin-tza diziplina honetatik gehien gustatzen zaiona. Bilbon erakutsiko dituen argazkietan Nigerian gerta-tzen ari diren gatazkak helarazten saiatu da, kausak azaldu nahian.
GATAZKA ULERTUZ Praten helburu nagusia Nigerian, hots, Afrikako potentzia ekonomiko nagusian, yihadista talde baten sorrera eragin duten jatorriak aztertzea da. Erakusketaz gain, hitzaldi bat ere eskainiko du, urriaren 19an, arratsaldeko zazpietan. Nigerian gertatzen ari dena azalduko du bertan. Boko Haram-en sorreraren zergatiak, bere indarkeriaren ondorioak biztanleengan? horiek eta beste batzuk izango ditu mintzagai. Gainera, film labur bat ere proiektatuko du, BokoHaram, la guerra contra ellas, yihadista taldeak bahitutako emakume erreskatatuen lekukotasunekin eginda dagoena. Erakusketa honekin, Pratek ez du gatazka soilik erakutsi nahi, “bere azpian diren arrazoietan ikertu” nahi du, artistak dionez, “kausak ez baditugu ikertzen, zaila baita gatazkak zergatik gertatzen diren ulertzea”.
Salamancako Mario Cea ere aurkitu dezakegu aurtengo artisten artean. Efímera izeneko bere erakusketa Elkano aretoan izango da. Natura eta faunaren argazkilaria da Cea. BilboArgazkin erakutsiko dituen lanak animalien bat-bateko argazkietan oinarritzen dira. Bere argazkietan, une iheskor eta azkarrak irudikatzen ditu Ceak. Argazki-teknika desberdinen bidez lortzen du hori: abiadura handiko argazkigintza, argiztapen artifiziala eta abar.
Aipatutako artistez aparte, beste sei argazkilariren lanak ere erakutsiko dira jaialdiaren baitan. Informazio gehiago eta ekintzen programazioa BIlboArgazkiren webgunean kon-tsultatu daiteke: www.bilboargazki.com