Betidanik, lagun eta ingurukoek bertsolariari eskatu izan diote bertsoak asma-tzeko, ekitaldi zein ospakizunen aitzakian. Aurrerantzean, edozein pertsonak egin ahal izango du horrelako enkargu bat, internetek ematen dituen erosotasunak baliatuta. Izan ere, Inigo Otegi eta Mikel Arbonaren ekimenez, martxan da Bertsoak Opari webgunea (www.bertsoakopari.com). Prezio finko baten truke, nahi den gaiari buruz eta nahi den pertsonari eskainia, bertso sorta prestatuko du proiektuan parte hartzen duten bost bertsolarietako batek eta, bezeroak, bideo artxibo batean jasoko du. Webgunearen bultzatzaileak pozik daude orain arteko erantzunarekin, eskari ugari jasotzen ari baitira.
Modu sinplean bururatu zitzaien Inigo Otegi eta Mikel Arbonari Bertsoak Opari sortzeko ideia. “Elkarri esan genion, halako zerbitzu bat egonez gero erabiliko genukeela eta, guk geuk behintzat, gustura jasoko genukeela bertso bat opari”, dio Otegik. Ingurukoei galdetu eta ideia ona zela erantzun zieten, “Xabier Euzki-tzek aurrera egitera animatu gintuen eta hala hasi ginen”. Betidanik egon izan den ohitura bati teknologia berrien atea zabaltzea da beren zerbitzuaren gakoa. “Bertsolariei sarri eskatzen zaizkie bertsoak, baina konpromisoa da, azken finean bertsolariren bat ezagutu behar baituzu edo bertsolaria ezagutzen duen lagun bati mesedea eskatu -azaldu du Otegik-, gainera, ondoren, ez dakizu nola edo zenbat ordaindu”. Bertsoak Opariren bidez, buruhauste horiek guztiak aurrezteko modua aurkitu dute. “Ez duzu mesederik eskatu behar, bertsolaririk ez ezagutzea ez da gehiago arazoa eta prezioa aurretiaz dakizu”. Bertsolariei ere, era horretako eskariei ganoraz erantzun eta trukean ordaina jasotzeko bidea ematen die.
Goi-mailako taldea Oraingoz, bost bertsolari ari dira webgunean: Sebastian Lizaso, Anjel Mari Peñagarikano eta Xabier Euzkitze beteranoak eta Beñat Gaztelumendi eta Julio Soto gazteak. Alegia, bertsolari gutxi baina goi mailakoak. “Pixkanaka joan nahi dugu jende berria sar-tzen, ez dugu bat-batean 40 bertsolariko lantaldea izan nahi, batez ere kudeatzeko ez delako erraza”, dio Inigo Otegik. Hala ere, handitzen joateko asmoa dute, presarik gabe.
Bertsoak Opariren funtzionamendua erraza dela ziurtatu dute bultzatzaileek. Bertsolari bat aukeratu eta bertsoa eskatzeko arrazoia, eta nori eskaini nahi zaion, zehaztu behar da. Hala, dagokion bertsolariak automatikoki jasotzen du enkargua eta, egun batzuen buruan, bertso sorta jasoko du bezeroak, bideo artxibo batean. Inigo Otegi pozik dago orain arteko emaitzarekin, “hilabete inguru daramagu martxan eta 30 eskaritik gora iritsi zaizkigu”. Kopuruen aldetik, ez daukate helburu jakinik, “hau noraino hel daitekeen ikusi nahi dugu”. Otegiren arabera, Bertsoak Opari ez da negozioa, “gastuak estaltzeko adina ematen badigu, gu pozik, eta bertsolariak jaso dezala merezi duen ordaina bere lanagatik”.
bezero erdaldunak Orain arte, urtebetetze, jaiotza eta antzeko ospakizunetarako bertsoak eskatu dira gehien, baina Otegi harrituta dago bezero erdaldun asko izan dituztelako. “Euskaraz ez dakitenentzat ideia ona da, antza, ezagun euskaldun bati bertso bat oparitzea”. Atzerrian bizi diren euskaldunei bidaltzeko eskari asko ere izan dituzte. Dena den, enkargu bat bereziki gogoan dauka: “Batek bertsoak eskatu zizkigun maite zuen pertsonari zita bat eskatzeko, bere maitasuna deklaratzeko; euskara ikasleak ziren biak, ondo gogoratzen naiz. Ez dakit besteak proposamena onartu ote zuen, hori ez dago gure esku”.