Guggenheim Bilbao proiektua aurkeztu zenean, “gizarte-eragileek” suhar jo zuten haren aurka. “Gizarteak” ez ei zuen onartzen horrelako proiektu antieuskaldun kapitalistarik. Euskal Herriak ba ei zituen premia askozaz beharrezkoagoak. “Herriaren” aurkako proiektua zen. Garai hartan euskal aginteetan zeudenek, ostera, irmo eutsi zioten proiektuari, eta aurrera atera “herri-indarrak” gorabehera. Gogoan ditut orduko iritziak, gogoan ditut iritzi-emaileak.

Urteak garrenean, ostera, ematen du euskal herritar guzti-guztiek aldeztu zutela Guggenheim Bilbao. Gaur egun, berriz gaude film beraren aurrean. Youtuben ageri diren asteburuetako ekologiazaleak (aste barruetan, guztion moduan erregai fosilak darabiltzaten bitartean, baina inork ez dakien nondik lortua duten dirutza darabiltela), edanari-ordaintzaileak (“pagafantak”) eta antzeko faunako kideak (gehienetan neurri batean dirulaguntza publikoetatik bizi direnak) Guggenheim Urdaibairen aurka ageri dira. Bide batez, jakin nahiko nuke Urdaibaitik agerpenak egin eta egiten dituzten horiek euren kasa heldu diren hara ala GPSz edo baten batek lagunduta azaldu diren.

Bide batez, zergatik egiten dituzte agerpen horiek cervantesera batuan? Euskarak ez ote du balio “ideia ekologiazale aurrerakoiak” aldezteko? Batek badaki. “Xede onak guztia justifikatzen du”, bai eta lanabes zitalak ere. Zein gutxi irakurri duten horiek Aldous Huxley. Jakina, haien jokaera herritarren partaidetzako prozesuan oinarritzen ei da. Itaun bat egiten diot horrelakoetan neure buruari: kontu tekniko baten gainean dihardugula, adibidez, eraikuntza baten oinarriak zein ekaiz egin behar diren erabakitzeko, herritarren partaidetzako prozesua zabaltzen dugu? Benetan?

Gomuta dezagun Leitzaran, haren aurka egon zirenak lehengo kamino zaharretik joaten dira oraindik ere Donostiatik Iruñera edo autobia berria erabiltzen dute? Hemen berdin: Urdaibaiko herritarrek badute eskubidea beste guztiok ditugun onurak edukitzeko. Ala ez?