Lehengo asteazkenean, hilak 19, San Jose egunean, lehenengoz aireratu zen ikurrina batzoki batetik kanpora, 1895. urtea zen. Zortzi hilabete lehenago pasatxo, jeltzaleok ikurrina lehenengoz zabaldu genuen 1894ko uztailaren 14an Bilboko Euzkaldunen Batzokian, gure aberkide guztioi eta mundu osoari erakusteko Sabino Aranaren jarraitzaileok Abandoko semearen helburu politikoak aldezteko prest geundela. Horrelaxe jardun zuten gure aurrekoek. Ikurrina euskal abendaren ikurra zen, eta bada gaur egun ere; areago, euskaldun gehien hartzen duen instituzio publikoaren ikurra da gaur egun ere.
Orain 130 urte pasatxo Bermeon “Aketxe” potinaren txopan ikurrina mundu zabalera aireratu zutenek Sabino Aranaren ametsa zabaldu zuten. Urteak garrenean, ikurrina euren burua euskal herritar legez duten guztiek onartzen dute euren nortasunaren ikur gisa: jeltzaleok ez ezik, gainerako euskal herritar guztiek, abertzaleak izan zein ez izan, euren buruaren identifikagarri hartzen dute. Areago, euskaldunak ez direnek ere, mundu osoan, euskaldunon ikurra ikurrina dela onartzen dute.
Egun, 130 urte pasatxo geroago, gure aurrekoen, asaben eta arbasoen jaraunspena jaso dugunok, jaraunspen horren balioak hartu ditugunok geure ondorengoei balio horiek eman behar dizkiegu, baldin eta katea etengo ez bada. Gu ez gara gordailuzain hutsak, hartua duguna eman behar diegu gure ostean datozenei, hori egin ezik, geureak egingo baitu, Joan Frantzisko Petriarena Errekondo “Xenpelar” bertsolari errenteriarrak abestu zuen gisa.
Hartan-horretan, ezin dugu onartu ikurrina estetika hutsean gelditzea; bai, ikurra da, baina ez ikur hutsa. Hark bere barruan daroan guztia geure ondorengoei jakinarazi eta harrarazi behar diegu, euskal abertzaletasunak iraungo badu. Hori jeltzaleok bete behar dugu Euzkadik iraungo badu; horrela Euskal Herria ere izango da. Egungo garaion arabera moldatu behar du bere burua jeltzaletasunak, baina horrek ez du esan nahi espainiartu edo frantsestu behar dugunik.