Gaur, hilak 26, Abandoko semearen jaiotzaren 160. urteurrena ospatzen da. Horrelako eretietan, hildako bat goraipatu behar denean, haren aldekoek emandako azalpenak ekarri ohi dira gogora. Hildakoaren alderik txarrenak plazaratu nahi direnean, berriz, haren aurkakoek jaurtitakoak azaleratu ohi dira. Gaurkoan, berriz, Abandoko semearen gainean Bilboko semeak esanikoak azalduko ditut. Izan ere, Sabino Aranaren gainean Espainiazaleek sekulakoak esan eta gero, On Migel Unamuno eta Jugok erantzun zuen.

Lino Akesolo idazle bizkaitar handiak esan zuenez, Unamunok berak salatu zuen Sabino Arana Goiriren aurkako amorruaren eta amorru horren iturria: ezjakina. Ezagutzen ez dutelako gorrotatzen dute. Batez ere, Madril aldean. Horrelaxe idatzi zuen behin bilbotar filosofo handiak, Sabinoren aldera bihotza bigundu zitzaion batean.

Eta jarraitu zuen esanez ezen bazela garaia Arana zenari, gizon eta poeta hari, zor zitzaion omenaldi-aitorra egin zekion Madrilen, Espainiako elkar ulertu ezin guztiaren labe beroa zen (eta den, nik neuk diot) hiri horretan; hor izen on ala txarraren emaile handi bakartzat daudenek irriz edo amorruz hartu zuten Sabino. Bera ezagutu barik higuina hartu zioten, irainka erabili zuten, txu eta lerde zeriela urtika ekin zioten. Eta Unamunok amaitu zuen oguziz ezen gizatxar haietako batek ere ez zuela Aranak eginaren eta gutxiago Aranaren gogoaren berririk. “La tía Tula”ren egileak Arana poetatzat, olerkaritzat hartu zuen. On Migelek Sabino olerkari gisa hartu zuen bai bizitzan, bai politikan. Horregatik, gogoangarri eta omengarri hartu zuen.

Koldo Mitxelenak berak ere urteak geroago idatziko zuenez, Sabino Arana hizkuntzalari mailan ez da albo batera uztekoa. Eta badio ezen Sabinoren ekarpenak ez direla ondo aztertu maila horretan. Bilbotar filosofoak Madrilen aldekoen artean botatakoa neurri batean jasotzen du Errenteriako hizkuntzalariak euskaldunen artean ere. Etorkizunak garbituko ahal ditu egundaino txarto esanak!