Nazioen Sozietatea (frantsesetik itzulita) edo Nazioen Liga (ingelesetik itzulita) Lehen Mundu Gerraren ostean sortu zen guduak desagerrarazteko. Gerra Handiak, mundu-mailako lehenengo gudua izan zenak, izututa utzi zituen ludiko orduko biztanleak. 1914tik 1918ra mundua eztandarazi zuen guduari amaiera emateko, ostera, inoiz ezagutu den itunik gogaikarriena eta zoritxarrekoena asmatu zuten: Versaillesko Ituna. Etorkizun hark 20 urte iraun zuen doi-doi. Horrenbeste iraun zuen Nazioen Sozietateak.
1939. urtean berriz piztu zen mundua guduan sarrarazi zuen gatazka. Egia da 1920tik “arazoak” gertatu zirela Europan eta handik kanpo ere. Egia da “arazo” haiek eta 1914ko gudua ekarri zutenak berdintsuak izan zirela. Egia da 20 urteko tartea nahikoa dela “arazoak” zertan diren ikertu eta konpontzeko. Egia da, ostera, gizakumea dela tupustarri berean topo egiten duen animalia bakarra, eta, “arazoak” bideratu beharrean, 20 urte lehenagoko gudua baino okerragoa (edo hura bezain txarra) izan zena pitzarazi zuela.
Orduko gizakumeek ere, 20 urte lehenagokoek egin zuten bezala, Nazioen Sozietatearen pareko erakundea sortu zuten: Nazio Batuen Erakundea. Europan, gainera, herrialde europarrak batuko zituzten erakundeak sortzen hasi ziren, Europar Batasuna lortu arte. Europarrontzat pozgarri eta ilusio-pizgarri izaten hasi zena porrotaren eta ezintasunaren ispilu bihurtu da urteen poderioz. Horrela, Ekialdetik 1980ko hamarkadatik sortu diren “arazoak” europarron ezintasunaren ispilu bihurtu dira. Ukraina, kasu.
Nazio Batuen Erakundeak antzeko bidea egin du. Ez da gai ezertarako. Barkatu, bai, bada gai munduko biztanleon bizimodua zapuzteko: egundoko aldarriak alferrik egiten ditu; sekulako helburuak ipintzen ditu jomuga; alimaleko xedeak ezartzen ditu gure bizimodurako. Eta horiek guztiek porrot egin dute: bakea, ekologia… Bitartean, Israel eta Palestina, Afrikako gudu eta guduxka kontaezinak, herrialde batzuen agintekeria eta zigorgabetasuna. Alajainkoa!