Mediterraneo aldeko tanta hotzaren eraginez, abagunea izan dugu Espainiako Erresumaren aurpegirik zakarrena, bortitzena, larderiatsuena, trauskilena, zirtzilena, baldanena, narrasena eta arloteena ikusteko. Zezenaren Azaleko gizartearen atal guztiek egin dute euren ekarpena aurretik zerrendatutako adjektiboak nabarmenarazteko. Ez dago arerio okerragorik norberarengandik sortzen dena baino. Ez dira, ez, garai onak lirikarako.

Politikariengandik hasita, Espainiako Parlamentua zirku bihurtu dute hara bertaratzen direnetako askok, batez ere alderdi politiko nagusietako parlamentariek. Hildakoak, daborduko berrehundik gora, jaurtikigai bihurtu dituzte, aurrez aurre, alboz albo, ezkerretik eskuinera, eskuinetik ezkerrera, goitik behera eta behetik gora elkarri ahalik eta irainik handienak eta bost esateko. Hildakoak, daborduko papereko zati, gorrotoaren agerbide bihurtu dituzte. Heziketaren eredu izan beharko zuketenek lotsa galdu dute aurrekoari edozer esateko tabernako txoko batean baileuden. Bejondeiela! Ez da, ez, sasoi ona politikarako.

Espainiarik gardantzena erakusten jardun dute. Gizarteko herritar arruntentzat gidari izan beharko luketenek politikaren ohorea lokatzetik tatarrez eroaten dute, euren ogibidearen izena belzten, euren buruaren beraren izena lohitzen. Ez ote dira konturatzen horrekin? Edo ez die? Batek badaki. Irainak, ahokaldiak eta laidoak argumentua, arrazoibidea eta zentzua ordeztu dituzte. Une honetan, irainik gordinena ozenen esaten duenari eskaintzen zaio txalo gehien. Ez da egokiera, ez, heziketarako.

Jakina, 280 karakteretarainoko idazkera, pentsaera dituztenek zein argudio, zein arrazoibide, zein zentzu eraiki edo antolatu ahal dute? Bizitza publikoa zaindu beharko luketenek eragin dute gizarteko maila gehienetako herritarrek euren burua ere ozpindu dezaten. Herritar oiesak ematen ditu Tio Peperen Lurrak. Eta euren burua harro agertzen dute horrela jokatzen dutenek. Ez dira, ez, garai onak lirikarako.