Zutabe hau idazten dihardudala, 200 lagun baino gehiago daude hilda. Hamarretaz lagun, berriz, galduta. Irudiak izugarriak dira. Beldurra emateko modukoak; izua pizteko bezalakoak; norberak atzera egiteko lakoxeak. Hori guztia eta gehiago… batez ere gugandik hur suertatu delako hondamendia. Deskalabru hori urrunago jazo izan balitz, aieneka jardungo genukeen, baina sentimendua beragoa izango zatekeen, ez hain beroa. Hurreko zoritxarrak gehiago sentitzen ditugu urrunekoak baino.

Dana tanta hotzak jo zuen bitartean, gizakiok ezereztuta ikusi genuen geure burua. Gure natura-jakinduria, gure aurreramendu teknikoak, gure berrikuntza teknologikoak… zer dira? Hantuste-plantak baino ez dira horiek guztiak. Danak gizakioi gomutarazi digu txikiak, urriak, murritzak, mentsak, ezerezak… garela. Horixe da naturak lantzean behin gogora dakarkiguna. Zer egin ahal izan dugu gizakiok Danak jotzen izan duen bitartean? Geure burua ezkutatu, ostendu, babestu… beti defentsan, beti ihesean.

Ematen du gizakiok oraindik ere ez diogula erreparatu kontu honi: gu Lurrean maizterrak gara, inoren lekuan bizi gara, atzerrian gara, Lurra ez da gure jabetzakoa. Lurrean jaio gara, baina Lurra ez da gurea. Naturak baditu bere legeak, gizakiokin zerikusi txikia dutenak; bizimoduaren legeak ez ditugu guk ezartzen, Lurrak baino. Zertarako balio izan dute muga politiko-administratiboek? Baimenik behar izan du leku batetik bestera joateko? Aduanarik izan da hura kontrolatu ahal izan duenik?

Dana tanta hotza igaroa da une honetan. Zertan ari gara gizakiok? Badihardugu hildakoak zenbatzen, galdutakoak bilatzen, kalteak balioesten, geure burugabekeriak sorrarazitako egoerez damutzen. Dena alferrik! Dana nagusi! Bitartean, Danaren ondoren guk, gizakiok, geure ezaugarririk negargarriena erakusten dugu: hildakoen, galdutakoen eta kalteen artean badira gizaki batzuk beste batzuei kalte egiten dietenak, haien ondasunak osten dizkietenak. Gizakia haren jarrerarik ankerrenean ageri da.