Euskal Autonomia Erkidegoak 2024. urtean Espainiako Erresumako errekorra berriro hautsi du lan-absentismoan, eta % 8,9 marka erdietsi du. Hau lotsaria! Berba asko egiten dugu lortu ditugun eskubideen gainean, baina ez diegu erantzuten horien ordainei. Izan ere, eskubide guztiek izan behar dute euren eginbeharra. Ezin da eskubiderik izan eginbeharrik gabe. Okerragoa dena: askok uste dute bide honetan ondo goazela. Nik, ostera, itaun hau egiten diot neure buruari: nork ordainduko du ibilaldi horren faktura?

Ez da hori nik nahi eta maite dudan herria. Non dago euskaldun langilea? Harro gaude eredu honekin? Ni behintzat ez. Luis Miguel Dominguín zezenketari bikainari behin itaundu zioten ea toreatzaile ausarta zen ezeren beldur ez zena, eta haren erantzuna hauxe izan zen: “Beldur ez den zezenketaria ez da ausarta, zentzugabea baino. Ausarta beldurrari eusten diona da”. Hemen antzeko zeozer jazotzen da, ‘aurrerakoiak’ garelakoan geroago eta ziztu biziagoan goaz amildegira, bai amildegi ekonomikora, bai amildegi moralera, zentzurik izan barik.

Euskaldun balio tradizionalak albo batera laga ditugu, lana, konpromisoa, fede ona, prestutasuna, berba-sena… atzendu ditugu. Balio horiek, euskaldun-izaeraren ezaugarriak izan direnak, alboratu egin ditugu, eta horien lekuan hutsa dago. Ez dago ezer… edo bai: hedonismoa. Bere burua sakrifikatzen ez dakien herri batek ez du etorkizunik. Itsasbeheran ezin nabiga dezakeen itsasontziak zelan egingo die aurre itsasgoran dagoen itsaso zakarraren enbatei? Urperatu egingo da.

Aurreko asteetan landu ditudan arloetan esan dudan legez, ilauntzen doa gure herriaren nortasuna. ‘Berriak’, ‘modernoak’, ‘eskubide-usteen giroak’… ez dute zertan onak izan. Ez litzateke txarra izango John Fitzgerald Kennedyk estatubatuarrei esan ziena gomutaraztea: “Ez itaundu ea zer egin dezaketen Estatu Batuek gure alde, ezpada zer egin dezakegun guk Estatu Batuen alde”. Okerreko bide okerretik goaz konturatzeke. Katea eten egin da.