Futbolari begira, bai eta enparauko kirolei begira ere, ni Orlegizalea naiz, duda barik, eta, Orlegizalea naizelako, ezin naiz Gorrizalea izan. Hala ere, orain konturatuta nago Hegoaldeko lurraldeetan geroago eta Gorrizale gehiago dagoela, Orlegizalerik ia ageri ez delarik. Gorriaren elastikoak nonahi ikus daitezke, eta geroago eta gehiago. Orain hamar urte sinetsezin ematen zuena egun errealitate zabala da. Gorriaren elastikoak umeek eta gazteek eroaten dituzte gehienbat. Ez dut Orlegiaren elastikorik daroanik ikusi.
Elastikoan jokalari baten izena daroatenei erreparatuz gero, kasu hau ekarri nahi dut berbabidera: Nico Williamsek elastiko bi ditu, bata Zuri-gorria eta bestea Gorria. Egundaino haren izena daroaten elastiko gorriak askozaz gehiago ikusi ditut zuri-gorriak baino. Askok esango didate hori logikoa dela Gorriak nazioarteko aitorpena duelako eta Europako txapelduna delako. Nik halakoei erantzungo nieke aurten ere Athleticek Errege Kopa irabazi duela. Gaurko giroa gorrituta dago, geroago eta gorriago eta geroago eta gorrituago. Bai, katea eten egin da.
Gerra Zibilean Euzkadi izenarekin munduan zehar jokatu zuen lehenengo euskal selekziotik hona ibilbide luzea egin du Orlegiak. Erbestean zirela Euzkadiren izena bipil, adoretsu eta kementsu lau haizeetara zabaldu zutenek segida izan zuten demokrazia etorri ostean Euskadi izenarekin. 1979. urtea zen. Orduan, interes alderdikoiengatik, batzuek Euskadi izena barik Euskal Herria jarrarazi zuten. Horrela ibili zen hurrengo urtean Euskal Selekzioaren izena hartu zuen arte.
Lehen esan dudana ikusi eta gero, zer lortu zuten euskaldunontzat borroka eta eztabaida antzu eta kaltegarriak ekarri zituztenek, euren interes alderdikoiak eta ekonomikoak gurentzea izan ez bazen. Orlegiak borroka hura galdu zuen artifizialki sorrarazitako izen-istilu negargarri bat izan zela eta. Ahaztu ote zitzaien euskal esaera zaharrak dioen hau: “izena duen guztia, bada”? Bai, katea eten egin da.