Arintasunaren nondik norako termino fisikoak ez ditut menperatzen, eta definizioetan jausi gabe, aitortuko dut ez dakidala udako denbora arin igaro ote den ala ez, izan ere, denborak ito egiten gaitu batzuetan. Udako sasoia amaitu egin dela dirudi, meteorologikoa agian ez, baina bai alienaziotik urrun ematen duguna.
Bizitzak irailera ekarri gaitu berriz, eta batzuk, edo gehiengoak, gure eguneroko berunezkoetan murgildu gara berriz. Baliteke koloreztatze iniziatiko bat izatea ere, baina ohikunde aspergarrietatik hurbil izaten gara beti. Irailean ohiturazko bizimoduari ekiten diogu indar askorik gabe, eta hilaren lehen petaloak ikusita, badirudi ez dugula beste mundu batera alde egin, tarte batean bada ere.
Hots, betiko mundua agertu da irailean, betiko lerdokeriak betiko lerdoek esanak, betiko politikariak betiko mezu negargarriak haizatzen, betiko albiste tristeak eta betiko drama globalak.
Irailak apaiz batzuen adierazpen xenofoboak ekarri ditu; Gazan su-eten txiki bat egin dute polio txertaketa egiteko, eta gero Israelek bonba gehiago jaurtikiko du, eta bitartean greba bat abiatuko da herri genozidan. Bai, beste aldean bahituak dituzten familiarrak organizatu egin dira eta gobernua presionatu nahi dute haiek askatzeko. Iraila ere Netanyahuren aurka etorri da.
Nazien gorakada bat ere somatu da Alemanian, eta gerra handi hartatik hona inoiz gertatu ez dena gertatu da: bertako eskualde batean ultraeskuinak irabazi ditu hauteskundeak. Hango alderdiak “migratzaile ororen deportazioa” bultzatuko du. Faxismoa bultzaka dator.
Iraila eskumaldera okertzen hasi da.
Eta bustita etorri da hilabetea. Euskal Herriko hainbat txokotan bolumen handiko euri truxuak izan ditugu, EITBn minutuak eta minutuak betetzeko balio izan dutenak.
Iraila abian da, betiko moteltasunarekin, betiko asperdurarekin, eta betiko damuarekin. Iraila etorri da, gu ez gara joan. Bizitzak egunak betetzen hasiko da, eta arnasa bermatzen saiatzen garen bitartean, irailaren benetako arriskuaz ohartzen hasiko gara.