Osasunaren Mundu Erakundeak, tximino-baztangari tximino-baztanga (monkeypox) deitzea maite ez duenez, beste izen bat proposatu du: mpox. Erakundeak azaldu du betiko izenak konnotazio arrazistak izan zituela gaixotasunak azken-aurreko agerraldia izan zuenean 2022an, eta izena aldatzea komenigarria dela. Kontua da ingelesa dakitenek badakitela “pox” hitza, adjektibo desberdinekin lagunduta, gaixotasun talde handi bat izendatzeko erabiltzen dela (sifilisa “spanish pox” izan zen garai batean, Italian gaixotasun frantsesa zen bezala, eta Frantzian Napoliko gaixotasuna), eta “m” horren atzean edozein hiztun ingelesek “monkey” (tximino) hitza atzemateko zailtasun gutxi izango dituela. Agian Osasunaren Mundu Erakundeak ingelesa ez dakiten guztien sentikortasuna kontuan hartu du itxuraz zientifikoagoa dirudien izena aukeratzean gaixotasuna eztitze aldera. Gure telebista publikoan “enpos” eta “enpoks” entzuten hasi naiz, gutxitan “enpox”, balizko esatari euskaldunak, euskal senez blai, ez duelako beharbada “pox” hitza pozarekin identifikatu nahi. Hau poxa! Zergatik ez erabili T-baztanga, adibidez? Euskal Wikipedian horrela dator. Nafarreria alde batera utziko dugu, ados? Gripe espainiarra ez zen espainiarra, Niloko birusa ez da Nilokoa, sifilisa edonongoa zen, ez aldameneko herrikoa bakarrik, eta tximino-baztanga ere ez da berez tximinoen gaixotasuna: Danimarkan, ez Afrikan, aurkitu zuten lehendabizi laborategiko tximino batzuen artean.

Askotan uste dugu izenak aldatzea nahikoa dela izanak aldatzeko, eta hizkuntzak errealitatea moldatu ahal duela sinesten badugu ere, ikuspegi arras erromantiko eta magikoa, bide batez, errealitatea egoskorregia da gure nahietara makurtzeko. Gaixotasunari izen ustez neutroagoa jartzearekin gaixotasuna urruntzen dugula pentsatu nahi dugu, baina iruditzen zait urruntzen duguna geure beldurra dela batez ere. Ez dugu azken pandemian bizi izan genuena berriro bizi nahi, jakina, orain badakigulako pandemiatik ez ginela pertsona hobeak atera, garai hartan aldarrikatzen zen bezala, berekoiagoak baizik. Ez dugu T-baztangarekin kontua errepikatu nahi, antza.