Badiote ezen Zizeronek esan zuela gizakiak egiten zuela kargua, ezen ez karguak gizakia. Aspaldi esaniko egia biribila. Bestelako adierazpiderik izan du esaldi horrek gizaldi guztietan eta hainbat kulturatan. Horrela, bada, adierazpide horietako bat gugandik hur dago: kultura da etxetik kanpo ikasiko guztia ahaztuta norberarengan gelditzen dena. Ni urlia naiz, zu sandia zara, hura berendia da.

Europako Parlamenturako hauteskundeetara euren burua aurkeztu duten erakundeen artetik badira batzuk ezetza aldezten emaitza onak izan dituztenak. Eta ohiko alderdi politiko tradizionalen ohiko mezu “hutsal”en aurrean, kontraeredu bat aldeztu dute, leporaino dauden hautesleen gogoa piztu duena. Hautesleok ez dituzte daborduko ohiko alderdi politiko tradizionalak sinesten. Gogaituta daude haiek erakusten dituzten larregikeriekin. Higuinduta daude haien eguneroko jardun gaitzesgarriarekin.

Hartan-horretan, ezetzaren aldeko erakundeei eman diete botoa hautesleek; ez erakundeoi on irizten dietelako, ezpada ohikoekin nazkatuta daudelako, eta horrelakoetan ezetza eta indar trabesa batera datoz. Ez dio ezetzaren aldekook zer dioten. Gezurrak esaten badituzte ere, ez dio! Horrelakoetan, erasia, maiseoa ikuskizun bihurtzen da. Eta ez da gezurrik, ez egiarik. Ezohikoek edozer darabilte egia edo gezurra izan kontuan hartu barik. Edozer diote. Ahoz gora ahal bada, hobeto. Eta guztia ikuskizun bihurtzen da Eta badakigu maitasunean, guduan eta ikuskizunean denak balio duela.

Ibilbide horretan zehar aurrera egin ahala, karguak, eginkizunak egiten du gizakia; gizakia ez da ardatza, ez eta gunea ere. Karguak hartzen dio gaina gizakiari. Onestasuna erantsi behar dio gizakiak karguari. Karguaren ahalbideak usteldu ahal du gizakia, baldin eta gizaki horrek baliorik gorenak, beste gizaki guztiei zor dien begiruneaz beterikoak, zaintzen ez baditu, haiei eusten ez badie, eta gizaki horrek, berak ahal duena darabilela, beste gizaki guztiei zabaltzen ez badizkie.