Ostiral Santuan idazten ari naiz zuk, irakurle horrek, Bizkunde Igandean irakur dezakezun gogoeta hau. Mateok agertzen duen pasadizoan, Jesus eskribei eta fariseuei jarki zitzaien, eta leporatu zien ezen itxura hutseko kontuekin arduratzen zirela, baina ez zietela benetako arazoei jaramonik egiten. Eta egun, 2.000 urte baino gehiago igarota, gauzak ez dira funtsean aldatu. Euskal esaera zaharrak esango zukeen moduan: “Mila urte igarota, ura bere bidean”. Salomon jakintsuak, berriz, honetara esango zukeen: “Nihil novum sub sole”.

Aste Santuan gaudela eta, gutako asko oporretan gaude; betiere, asko horietako beste askok badiote ez direla sinestunak. Hau da, horiek XXI. gizaldiko hobi zurituak dira. Zergatik hartzen dituzte oporrak Aste Santuaren zioz eurek Jaungoikoa sinesten ez badute? Zergatik ez dituzte opor horiek beste egun batzuetan hartzen, urriaren 12ko eta abenduaren 6ko efemerideak direla-eta egiten duten moduan? Itxurakeria hutsa!

Hizkeraz denaz bezainbatean, beste hainbeste… edo okerrago. Euskaldunok inguratzen gaituzten hizkuntza nagusien eraginez, euskaraz sekula izan ez den arazoa sorrarazi nahi digute eta, nire ustez, behintzat, sorrarazi digute euren burua guaitzat dutenek. Bestela esanda, Versaillesko gortean erraz asko dabiltzan ustez aurrerakoi aberats erdaldunek eta gutxiagotasun-konplexuak hartutako euskaldunek sorrarazi digute arazo bat, euskaraz (hau da, euskaldunon kosmogonia adierazten duen hizkuntzan) inoiz izan ez dena.

Hobi zurituen gizarte honen azken alea… gaurkoz. Euskarari inork egiten dizkion ustezko eta benetako erasoak salatu, baina euskaldunen artean daudenean erdara batuan aritzen direnak. Berriro ere, itxurakeria hutsa! Eta horrela goaz aurrera (denboraren irizpidearen arabera, behintzat), baina benetako agintea zutenek eskriba-fariseuei jarki zitzaienaren gurutzean INRI (“Iesus Nazarenus Rex Iudaeorum”) josi zuten. Hori ere jazoko ote zaigu guri? Edo Jesus barik eskriba-fariseu bihurtu ote gara?